Iaz Kirikiñoko kideek jaso zuten oroigarri hori, 25 urteko ibilbidean zehar euskara sustatzeagatik. Gaurko ekitaldira ere bertaratu dira aisialdi taldeko kideak, eta aurtengo omenduei pasa diete makila, Aretako Eskolako kideei, hain zuzen.
Ikastetxeko guraso, irakasle eta haur ugari bertaratu dira aitortza jasotzera. Ikasle batzuek aurreskua dantzatu dute, gainontzeko ikaskideek abesten zuten bitartean.
Bihar, mendi martxa
Arratsaldean, aldiz, bi jardueraz gozatzeko aukera egon da Aldai plazan: Enaitz ipuin-kontalariaren emanaldiaz eta bertso-saioaz. Izar Mendiguren, Serapio Lopez eta Juanjo Respaldiza aritu dira errimak inprobisatzen, Ainhoa Comasek jarritako gaietatik abiatuta.
Baina egitaraua ez da horrekin amaitu. Bihar -igandea- Euskaraldiaren aldeko ibilaldia egingo da, 10:00etan Lamuza plazatik abiatuta. Arraño mendian eta Luxa bidean barrena arituko dira parte hartzaileak.