Latiorro Ikastetxeko jantokiaren erabiltzaile gehienak zerbitzurik gabe geratu dira gaurdanik. Izan ere, garraiatuak edo bekadunak direnei eta norbanako esleipena dutenei soilik eskaintzen die Eusko Jaurlaritzak aukera hori.
Guraso Elkarteak adierazi du haur gehienek ez dutela ikastetxean bazkaltzeko paradarik izango. Elkarteko presidenteak horrela azaldu du: "Eskaintzarik gabe geratu dira erabiltzaileen erdia baino gehiago".
Jantokiko langile batek berretsi du egoera: "Oro har, 300 ikasle baino gehiagok bazkaltzen dute jantokian, gaurtik aurrera eta egoera konpondu arte, 150ek edo 160ek baino ez dute zerbitzua jasoko".
Begirale falta
Arazoaren muina begiraleen gabezian datza. Antza, Latiorro Ikastetxeak begirale gehiago kontratatzea eskatu zion Hezkuntza Sailari, "talde burbuilak" errespetatzen direla bermatzeko.
Ostiralean gurasoek jakin izan zuten Eusko Jaurlaritzak uko egin diola eskaera horri eta, hori dela medio, ezinezkoa bilakatu da izena eman duten ume guztiek jantokia erabiltzea. Langile batek gaineratu duenez, iaz 19 begirale zeuden ikastetxean eta aurten gutxiago dira.
Mobilizazioak
Gurasoek jadanik ekin diote protestak antolatzeari eta bihar Latiorro Ikastetxean batuko dira 13:00etan eta ogitartekoa jango dute kalean, gertatutakoa modu sinbolikoan salatzeko.