Herritarren arretarako zerbitzua, lan heriotzak eta pintaketak izan dituzte hizpide Udal Osoko Bilkuran, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ira. 29a, 07:00
Telematikoki egin zuten bilera. / Laudioko Udala

Hainbat gai eta mozio landu zituzten atzo eginiko pleno telematikoan. 

Atzo egin zen Laudioko iraileko Udal Osoko Bilkura. Telematikoki bildu ziren udal ordezkari guztiak, eta hainbat gai landu zituzten. 

Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) funtzionamendua zehazten duen arautegia onartu zen lehenbizi, EH Bilduren abstentzioarekin eta gainerakoen aldeko bozkekin. Hala ere, oposizioko alderdiek hainbat kritika plazaratu zizkioten udal gobernuari.

Omniak nabarmendu zuen proiektua iragan legealdian jarri zela abian, eta oposizioak ekarpenak aukera bota zuen faltan. EH Bilduk, bere aldetik, “pauso bat atzera” egitea leporatu zion udal gobernuari, HAZren arratsaldeko ordutegia bertan behera utzi delako. 

Udal gobernuko kideek erantzun zuten koronabirusa dela eta utzi zitzaiola arratsaldetan irekitzeari, eta ikasturte berrian zerbitzua berriz abiatu edo ez ebatziko dutela. Oposizioaren parte hartzeari dagokionez, ekarpenak egiteko aukera izan zutela eta egin ez zutela gogorarazi zion Maite Kortazar zinegotzi jeltzaleak Omniari, eta erabaki gehienak “teknikoak” zirela gaineratu zuen. 

Lan heriotzen aurkako protokoloa ere onartu zuten plenoan, aho batez

Lan heriotzen aurkako protokoloa 

Lan heriotzen aurkako protokoloa ere onartu zuten plenoan. Aurreko puntuan bezala, talde politiko guztiek bozkatu zuten alde. Baina, hala ere, alderdietako ordezkariek hainbat ñabardura egin zituzten euren hitzarteetan. 

“Gure eskumenak direnak dira, baina badugu erantzukizun bat bizilagunekiko, protokoloan zehazten diren egoera gogorrak jazotzen direnean”, aipatu zuen Juanje Merchan PSE-EEko bozeramaileak.

Omniako Alvaro Barriosek, aldiz, nabarmendu zuen pena bat zela udalak arlo horretan eskumen gehiago ez izatea. EH Bilduk, bere aldetik, “langileen aldeko jarrera erradikalagoa” bota zuen faltan protokoloan, baina ontzat eman zuen adostutako dokumentua.

Bukatzeko, Joseba Amondo jeltzaleak bat egin zuen gainontzeko taldeek eginiko adierazpenekin. “Espero dugu protokoloa inoiz aplikatu behar ez izatea”, gehitu zuen. 

Etxebizitzetan igogailuak jartzeko araudia aldatzea ere onartu zuten plenoan. Aldaketaren helburua “salbuespenak” aplikatu ahal izatea dela azaldu zuen Ander Larrinaga zinegotziak, baina ohartarazi zuen aldaketak ez duela igogailuen “barra librea” ahalbidetuko. PSE-EE, EAJ eta Omnia proposamenaren alde lerrokatu ziren eta EH Bildu abstenitu egin zen. 

Herriko paretetako pintaketak eztabaidagai

Mozio ugari plazaratu ziren plenoan. Omniak aurkeztu zuen lehena, “Laudio garbi bat” eskatzeko. Gauza bitxia egin zuen alderdi laudioarrak: testua EAJk aurreko legealdian aurkeztutako beste baten kopia zela aitortu zuen. Modu horretan, udal gobernuak edozein proposamenen aurka egiten duela argudiatu nahi izan zuen oposizioko taldeak. Izan ere, EAJ eta PSE-EEk mozio alternatiboa aurkeztu zuten. 

EAJk aurreko legealdian aurkeztutako mozio baten kopia aurkeztu zuen Omniak

Alderdi jeltzaleak argudiatu zuen gauza asko jada egiten direla, eta aurtengo aurrekontuetan horretarako partida gordeta dagoela.

Herriko garbiketari dagokionez, pintaketa eta karteletan jarri zuen fokua. “XX mendeko kontuak dira, badirudi denak goazela aurrera, baina martxa ezberdinetan goaz”.

PSE-EEk, aldiz, bizilagunengan jarri zuen erantzukizuna, herri zikin egotearen ardura “herria zikintzen dutenena” dela argudiatuta. Horrez gain, alderdi sozialistak EH Bilduri leporatu zion zuzenean pintaketa eta antzeko elementuak sustatzea. 

Koalizio independentistak, bere aldetik, gaia berria ez dela aipatu zuen. “Aurreko legealdietan sarritan gauza bera planteatu zen. Aldarri sozial zein politikoak ezabatu nahi dituzue, 'kaleak zikintzen' dituztela argudiatuta, eta garbiketaz hitz egitean inork ez du aipatzen bilketa pneumatikoak sortu duen kaltea”, azaldu zuen Aitor Burgoa zinegotziak.

Gauzak hala, udal gobernuko kideen mozioa gailendu zen bozketan. Omniaren mozioaren alde ez zuen Omniak ere bozkatu, abstenitu egin zen eta gainontzekoek aurka bozkatu zuten.

Beste bi mozio ere aurkeztu ziren bilkuran, biak ala biak EH Bildurenak. Lehen testuarekin nazioartera begira jarri zen koalizioa, Kolonbian, Hondurasen, Guatemalan eta El Salvadorren giza eskubideen urraketak salatzeko. EAJk mozio alternatiboa plazaratu zuen, giza eskubideen urraketak beste toki batzuetan ere (Nikaraguan edota Venezuelan) jazotzen direla argudiatuta. Koalizioaren testua gailendu zen azkenean, Omniaren babesarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. 

Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna izan zuten hizpide EH Bilduko kideek bigarren mozioan. Kasu honetan ere mozio alternatiboa plazaratu zuten udal gobernua osatzen duten alderdiek eta, gehiengo absolutua dutenez, hori atera zen aurrera. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide