Atzo liztor asiarraren -Vespa Velutina- habia kentzera bertaratu ziren Aiarako Suhiltzaileak Latiorro Ikastetxera. "Oro har, enpresa pribatu batek egiten du esparru pribatuetan, Arabako Foru Aldundiaren bitartez, baina habia leku publiko batean zegoenez, guri zegokigun lana. Zehazki, jolastokitik gertu zegoen", azaldu dute larrialdi zerbitzuko kideek.
Gauzak horrela, eskailera eta jantzi bereziak baliatuta, pozoia sartu zuten habian. Izan ere, gogoratu beharra dago liztor asiarra espezie inbaditzailea izateaz gain, erasokorra ere izan daitekeela.
Suhiltzaileek argitu dute udazkenean topatzen dituztela habi gehienak: "hostoak erortzen dira eta ikusgai geratzen dira habiak. Kasu batzuetan, gainera, oso handiak dira, jarduera luzea izan dutelako. Liztorrek habiak egiten dituzte udaberritik aurrera eta azaroan kentzen ditugu azkenak".

Habiarekin batera, zuhaitzaren adarra moztu zuten eta gero dena zabor poltsa batean sartu.