Landaluze kaleko ur saneamendu sarea berritzen hasiko da udala 2021ean

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 29a, 12:05
Gaur egin dute lanen aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Laudioko Udal Gobernu Taldeak gaur aurkeztu du Landaluzen egingo duen obra. Ur saneamendua berrituko du, hodiak aldatuta, eta euriak sortutako ura eta ur beltzak banatuko ditu. Kale osoan egin beharreko esku hartzearen fase bat da hori eta 190.000 euro bideratuko dituzte horretara.

Laudioko Udalak Landaluzeko ur saneamendua berritu nahi du eta jadanik esleipena abiatu du. Lehen faseko esku hartzea izango da kaleko hasieran, Zumalakarregi etorbidetik lehen bihurgunera, hain zuzen. 170 metrotan zabalduko dira obrak eta helburu nagusia da porlanezko tutuak kentzea eta PVCko beste batzuk jartzea, hormigoizko putzuak ere ezarrita. Horrekin ekidingo dute eurien urak ur beltzekin nahastea.

Kasu honetan 190.000 euro bideratzea aurreikusi du udalak eta fase guztiek 796.039 euroko balioa izango lukete. Hala ere, Ander Añibarro alkateak aurreratu du, momentuz, zati horretan eragingo dela bakarrik.

Basaurbeko araztegira begira

Azpiegitura zaharrak aldatu ez ezik, helburua da dena prest uztea Basaurbeko araztegia bukatuta dagoenean putzu septikoak ixteko, Patxi Abaroa udal teknikariak azaldu duenez: "Behin Basaurbeko araztegia lanean egonda, putzu septikoak ez dira beharrezkoak izango eta sarera joango dira urak".

Edonola ere, udalerriko puntu gehiagotan eragin beharko du Laudioko Udalak araztegia amaitu baino lehen: Landaluze osoan, Aretako eraikin arrosan eta zubian eta Jose Arruen ere, isurketa puntuak baitaude.

2021ean hasiko dira obrak

Arkitekto teknikoaren kalkuluen arabera, litekeena da lanak datorren urtean abiatzea: "Jadanik abiatu dugu esleipenaren idazketa eta abenduko erdialdean espero dugu jakitea nork egingo dituen lanak. Dena ondo bidean, 2021ean hasiko dira obrak".

Eragina auzokideengan

Ur saneamendu sarea lekuz aldatzea ekarriko dute obrek. Orain espaloiaren azpian dago, baina aurrerantzean herrigunera doan errepideko erraian kokatuko da. Patxi Abaroak argitu du trafikoan eragina murrizten saiatuko direla: "Ez dugu tarte osoa irekiko, baizik eta putzuka. Trafikoa bideratzea errazagoa izango da horrela".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide