Gaur ordubetez elkartu dira ehunka langile Tubacexeko lantegiaren aurrean Laudion, 12:00etatik aurrera, hain zuzen. Mobilizazio zaratsuarekin ezezko borobila adierazi diote zuzendaritzaren asmoari, trafikoa oztopatzen zuten bitartean.
Izan ere, sindikatuek ziurtatu dute ez dagoela arrazoirik 150 behargin kaleratzeko, ezta egungo lan baldintzak prekarizatzeko ere. Enpresa batzordeko bozeramaileek errepikatu dute zuzendaritzak COVID-19ak sortutako krisialdia baliatu nahi duela mozkinak areagotzeko. Langileen ordezkariek ziurtatu dute lanuztearen jarraipena erabatekoa izan dela Amurrio eta Laudioko faktorietan eta ekoizpena gelditu dutela.
Irailetik asteazkenero egiten dute bilera sindikatuek eta Tubacex taldeko zuzendaritzak. Baina, momentuz, ez dute akordiorik lortu.