Ermualderi buruzko historia jardunaldiak antolatu ditu udalak

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 7a, 17:15
Ander Añibarro eta Felix Mugurutzak aurkeztu dituzte jardunaldiak. / Laudioko Udala

Gaur goizean aurkeztu dute hitzaldi sorta Ermualden bertan. Historia adituak ekarriko ditu udalak. Interesdunek izena eman beharko dute jardunaldietan parte hartzeko, edukiera mugatua izango baita pandemiagatik.

Prentsaurrekoa eskaini dute gaur Ander Añibarro alkateak eta Felix Mugurutza kultura-ondare udal teknikariak iragartzeko Ermualderi buruzko jardunaldiak prestatu dituztela. Santutegian bertan egingo dira eta puntako hizlariak gonbidatu dituztela ziurtatu dute.

18:30ean izango dira solasaldiak santutegian bertan eta urriaren 31an egingo da lehena, Alberto Santana Ezkerraren eskutik. "Baskoniako historia bat" ekoizpenaren egileak sagardoa izango du hizpide "Ermualde sagardogile. Sagardo makina handiak euskal etxe, baserri eta dorretxeetan, duela 500 urte" izeneko hitzaldian. 

Azaroaren 7an, aldiz, Jesús Muñiz Petralanda irudi erlijiosoen adituak hartuko du hitza. Santutegian dagoen XVI. mendeko birjinaren irudian zentratuko dira bere azalpenak. Berez, dauden bi birjinei buruz aritu behar zen, baina lan horrek txunditu du eta interpretazio zabala eskainiko du "Santa Maria del Yermo: Euskal Herriko gotiko berantiarreko maisulana" izenburupean.

Azaroaren 14an Iñaki García Camino Bizkaiko Arkeologia Museoko zuzendariaren txanda helduko da. "Historiaren lanbroetan: eliza bat lur belarrean" solasaldiaren bidez jorratuko du Euskal Herriko sorrera Erdi Aroan.

Hitzaldiak santutegian bertan egingo dira, informazio zabalpena ez ezik, emozioa ere sortu nahi baitute antolatzaileek.

Azkenik, azaroaren 21ean Sergio Escribano Ruiz EHU irakasleak hitz egingo du. Escribanok zuzendu ditu 2019ra arte Ermualdeko indusketak eta lan horien emaitzak azalduko ditu. "MMXX Anno Domini, zaharrak berri. La arqueología del Santuario de Santa María del Yermo" mintzaldian argituko ditu han topatutako aztarnak.

Edukiera mugatua

Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek derrigorrez deitu beharko dute 651 703 133 telefono zenbakira edo mezua bidali euskara@laudio.eus helbidera. Urriaren 19a izango da lehen eguna horretarako. Felix Mugurutzak azaldu du oso zorrotzak izango direla eta nabarmendu du inskripzioa bete eta gero agertzen ez denari ez diotela utziko berriro joaten. "Pandemiaren ondorioz edukiera 40 lagunera murriztu behar izan dugu eta benetan interesatuta daudenei emango diegu lehentasuna".

Horrez gain, Mugurutzak azaldu du ekimenaren helburua ez dela soilik informazioa zabaltzea: "Emozioak ere sortu nahi ditugu eta horretarako santutegian bertan egingo ditugu hitzaldiak. Esperientzia sortzeko, adibidez, ez dugu berogailurik jarriko barruan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide