Andoni Aldekoa izango da EITBko zuzendari berria

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 8a, 14:05
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari berria izango dela jakinarazi dute hainbat hedabidek.

Hedabideek jakinarazi dute EAJk eta alderdi sozialistak adostu dutela laudioarrak hartuko duela bere gain Euskal Irrati Telebista zuzendaritza, Maite Iturbe ordezkatuta.

Hainbat komunikabidek jakinarazi dute Andoni Aldekoa laudioarrak zuzenduko duela Euskal Irrati Telebista hasi berri den legealdian. Gauzak horrela, Aldekoak alde batera utziko du Euskalduna Jauregiko zuzendaritza eta hedabide publikoaren ardura egokituko zaio.

Berez, badirudi EAJ eta PSE-EE ados jarri direla eta erabakia Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilura eramango dutela asteartean. Horren ostean, Eusko Legebiltzarrak berretsiko du izendapena. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek gehiengo absolutua dute erakunde horretan.

Andoni Aldekoak ibilbide profesional eta politikoa bete du jadanik. Kazetaritza ikasi eta gero, Cadena Ser eta Canal Bizkaia komunikabidetan lan egin zuen. Gero Bilboko Udalean hainbat kargu izan zituen eta Iñaki Azkunaren eskutik ardura handiak izan zituen tokiko erakundean. Besteak beste, alkatetzako zuzendaria izan zen.

Horren ostean, Eusko Jaurlaritzan hautatu zuten Lehendakaritzako aholkulari eta azken 3 urteak Euskalduna Jauregia zuzentzen eman ditu.

Aiaraldea hedabidean hainbat iritzi zutabe idatzi ditu laudioarrak. Hemen irakurri daitezke guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide