Laudioko EH Bilduko udal taldeak oharra zabaldu zuen atzo jakinarazteko prestutasun osoa duela akordioa erdiesteko EAJ eta PSE-EErekin 2021eko aurrekontuetan, horien lehenengo fasea abiatu baitu udal gobernu taldeak.
Hori bai, koalizioak hori lortzeko marra gorriak markatu ditu, "krisi soziosanitarioa gehien pairatzen ari direnen bizi-kalitatea hobetuko duten politiketan eta proiektuetan eragiten badu" babestuko dute egitasmoa.
Zentzu horretan, hiru ardatz ezarri dituzte: laudioarren osasuna bermatzea, enplegua eusteko neurriak eta kalitatezko lanpostu berriak sortzea, eta kalitatezko gizarte-politikak abiatzea. "Hori guztia, laudioarrontzako proiektu estrategikoak ahaztu gabe, besteak beste, Antzokia, auzoetako azpiegiturak, Emakumeen etxea, adinekoen zein umeen parke bana estaltzea, pertsona nagusientzako baliabideak handitzea, Kirol instalazioak hobetzea, HAPOa aldatzen hasteko partida zehaztea, eta abar" azpimarratu du EH Bilduk.