MIGUEL BRIZUELA

“Maitasunak eraman nau Castro Urdialesetik Laudiora bizitzera”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 31a, 17:00
Gaur egun Laudion bizi da Miguel Brizuela. / Aiaraldea.eus

MIGUEL BRIZUELA (Castro, 1948) gaztetatik du harremana Laudiorekin. Hogei urte zituela ezagutu zuen bere egungo bikotea dena, eta orduan ekin zion herria bisitatzeari. Horrez gain, inplikazio politikoak ere are gehiago lotu du Euskal Herrira. 

Laudiora “maitasunagatik” etorri zinela diozu. Zergatik?

Santurtzira ikastera joan nintzen, 15-16 urterekin, eta Bilbora joan nintzen gero, Batxilergoko azken urteak egitera. Santurtzin nengoela ikasle grebetan hartu nuen parte, 1966. urtea izango zen. Futbolean ere jokatzen nuen, Sopuertan, eta bi denboraldi egon nintzen gero Iturrigorrin. 

Laudioko jende  asko joaten zen garai horretan Castrora. Horietako askok pisua dute gaur egun bertan. Horrela ezagutu nuen Maite (nire bikotekidea), kasualitatez. Nire gurasoek taberna bat zuten, eta Maite eta bere lagunek alboan zuten etxea. Hor hasi zen harremana, baina garai horretan lagunak ginen soilik. 

Hori dela eta, Laudiora bertaratzen hasi nintzen.  Los Morenos taldearekin dantzatzera iritsi naiz, Herriko plazan kioskoa zegoen garaian. Galmakan ere igaro nituen gauak, autoan lo egiten, Maite bertan bizi zelako. 

Horri lotuta etorri ziren konpromisoa eta inplikazioa. Ezker Abertzalearen inguruko jendearekin harremantzen hasi nintzen eta integratzen hasi nintzen. Oso harrera ona egin zidaten. Irekia naiz, eta zeozertan sartzen banaiz, konprometitu egiten naiz, gaur egun arte. Beti egon naiz laguntzeko prest. 

Hala ere, lehenago ere banituen  kezka politikoak. Castron nengoela PSOE berregituratzen lagundu nuen. Garai horretan egiten genituen bileretan denek zeramatzen bandera errepublikarrak. Nire gurasoen tabernan PSOEren zein alderdi komunistaren bilerak egiten ziren. NATOren aurka geunden, eta elizaren eta estatuaren arteko banaketaren alde. Hori zen prestatzen ari ginen alderdia, ez gero agertu zena. Izquierda Castreña Unida alderdia sortu zen beranduago. Euskal Herriko mobilizazioetara gerturatzen ginen Castroko banderarekin. Gutxi hitz egin eta asko egitearen aldekoa naiz ni. 

"Nire gurasoen tabernan PSOEren zein alderdi komunistaren bilerak egiten ziren. NATOren aurka geunden, eta elizaren eta estatuaren arteko banaketaren alde. Hori zen prestatzen ari ginen alderdia, ez gero agertu zena"

Asko aldatu da Castro urte hauetan zehar?

Castrok 7.200 biztanle zituen lehen eta orain 50.000 izan ditzake batez beste. Baina, funtsean, herri bera da; Castroko biztanleen identitate sentimenduak berdina izaten jarraitzen du, Euskadiren aldekoa. Baina bisitari berriak ez dira ezertan inplikatzen, ez dituzte herriko eguneroko arazoak bizi. Zabor eta ur zerbitzuak eta hondartza garbi egotea, horiek dira dituzten kezka bakarrak. 

Bigarren etxebizitza duten turistak dira, baina ez dira ezertan inplikatzen. Nik Laudion dudan inplikazio maila laudioar batek Castron duena baino handiagoa da. Castro logela-hiria da jende askorentzat, baita kolore ezberdinetako polizientzat ere. 

Nolakoa da turismoaren azpian ezkutatuta dagoen herri hori?

Castroko bizilagunak oso inplikatuak dira. Jaietan zein kirol jardueretan (traineruetan, kasu) inplikatzen dira, hauteskundeetara aurkezten dira... Herria aurrera ateratzen saiatzen dira, arlo guztietan. 

Gaur egun ez du zentzurik Castro Euskadiren parte dela aldarrikatzeak. Baina urteen poderioz dena aldatzen da. Gero eta sendoagoak dira bi herrien arteko harremanak, elkarrekintza handia dago. Gaur Castron zurito bat eskatu dezakezu eta euskara entzun daiteke hondartzan. Santanderrera joateko autobus bakarra dago egunero; Bilbora joateko, aldiz, ordu erdiro dago bat. Anexio isila emango da, baina erreala. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide