ABDUL KARIM

“Belgikako Erregearen jauregian egin nuen lehenengo gauza komunak ikustea izan zen, ziurtatzeko eurek ere kaka egiten dutela!”

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 9a, 07:15

Abdul Karim lagun umoretsua da eta hizkuntzak ikastea gogoko du. / Aiaraldea.eus

ABDUL KARIM (1994) Frantzian jaio zen, baina txikia zelarik Mauritaniara joan zen bizitzera. Gero Europara itzuli zen medikuntza ikasteko eta hainbat gorabehera bizi izan ditu harrez gero. Bizipen gogor guztiek ez diote umorea kendu, guztiz alderantziz. 2 urte daramatza Laudion.

Nola bukatu zenuen Laudion?

Nire arreba hemen bizi zen, baina Kanariar Uhartetara joan zen gero. Berak gomendatu zidan Laudio eta Euskal Herria, oro har, leku lasaia baita, eta guretzat paisaia ezezagunak dituelako. Berak etxebizitza zuenez, niretzat errazagoa izan da hemen bizitza berria hastea.

Etxea izanik, Helduentzako Eskolara joatea falta zitzaidan. Bi urte eman ditut han. Lehenengoan gaztelera ikasi nuen eta bigarrenean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin dut. 10eko notarekin gainditu dut! Erronka zen niretzat frantsesa eta arabiarra alde batera uztea ikasteko.

Duela 3 urte flamenkoa ikasi nuen Belgikan eta aurretik ingelesa. Guztira 8 hizkuntza menperatzen ditut eta maite dut hizkuntzak ikastea. Oso harro nago, baina neskalaguna izateak izugarri lagundu dit gaztelerarekin.

Hona etorri baino lehen, non egon zinen?

Belgikan nengoen, eta hori baino lehen Frantzian, medikuntza ikasten, baina oso urte zaila izan zen hori, ikasketak ez zirelako errazak eta gurasoek ezin zidatelako unibertsitatea ordaindu.

"Frantzian abiatu nituen medikuntza ikasketak, baina gurasoek ezin zituzten ordaindu"

Hortaz, Belgikara jo nuen, familia bainuen. 3 urtez egon nintzen han, eskola batean flamenkoa eta Lanbide Heziketa ikasten.

Belgikan nire anai txikia zaindu nuen, berak 13 urte baitzituen. Ikasten eta lan egiten nuen aldi berean eta, gainera, nire anaia zaintzeko aita, anaia eta laguna izateko beharra nuen. Nire gurasoak Mauritanian geratu ziren eta ezin zuten bera zaindu.

Ume bat hezteko ez zaude inoiz prestatuta, eta konturatzen zara noizean behin hanka sar dezakezula. Bestalde, nire anaia nerabea zen eta adin gogorra da hori. Batzuetan esaten zidan: “Ez zara nire aita!” eta nik erantzuten nion banekiela, baina egoera horretan nire ardura zela.

Gogoratzen dut lehenengo aldiz bere kabuz ikasten ikusi nuenean, ni bere atzetik joan gabe. Harrituta nengoen eta ez nion ezer aipatu. 3 ordu liburuaren aurrean egon eta gero galdetu nion ea laguntza behar zuen, eta zalantza bat zuela adierazi zidan. Hainbeste ikasi ostean galdetu zidan ea zein zen ezberdintasuna kilogramoa eta kiloaren artean. Itotzeko gogoak izan nituen (barreak).

Hizkuntzak oso gogoko dituzu?

Nire filosofia da hizkuntzak ikastea, baina, bitartean, lan egitea askitasun ekonomikoa lortzeko. Itzultzaile lanak egiten ditut. Nire teknika hizkuntza ikasteko da herrian buru-belarri sartzea. Horretarako Caritas edo Gurutze Gorrira jotzen dut, erakunde horiek edonon baitaude, eta han lan boluntarioa egiten dut.

"19 urte nituela, 13 urteko anaiaren zaintzaren ardura hartu nuen beste herrialde batean"

Adibidez, Belgikan nagusien egoitza batean laguntzen hasi nintzen, nahiz eta flamenkoa ez menperatu. Oso azkar onartu ninduten eta astero joaten nintzen. Jende nagusia oso interesgarria da, nahiz eta ia gizarte osoak, salbu familiak, ahaztu duen, esperientzia ugari du partekatzeko.

Klaseak, jendearekin hitz egitea eta Netflix dira nire sekretuak ikasteko.

Zer moduz Laudioko Helduentzako Ikastetxean?

Oso ondo. Belgikan bizitakoaren antzekoa da zentzu askotan eta aipatzekoa da irakasleek lanagatik grina sentitzen dutela.

Irakasleek amodioa sentitzen dutenean, askoz errazagoa da etxeko lanak egitea. Gainera, ulertzen dute klase bakoitzean hainbat mailetako jendea dagoela eta presa barik, baina atsedenik gabe, egiten dute aurrera. Horri esker, uste dut guztiok ulertzen dugula nola ikasi.

Gogoratzen dut jaso genuen lehenengo klasea. Azaldu ziguten adimena ez dela bakarra, adimen mota ugari dagoela eta kontzentrazioa landu behar dela horretarako. Horrek animoak ematen dizkizu.

"Edozein lekuan zaudelarik, Caritas edo Gurutze Gorrira joan zaitezke boluntario lanak egiteko"

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatuta, zeintzuk dira zure planak orain?

Itzulpengintzarekin jarraitzeko aukera daukat, baina orain lagundu nahi dut. Itxialdian oso txarto sentitu naiz, ez nekien zer egin. Zientziari lotutako zerbait ikasi nahi dut eta berriro pandemia agertzen bada, gauzak hobetzeko nire alea jarriko dut. Hortaz, laborategi teknikaria izateko ikasketak egingo ditut. Birusa egonez gero, Laudioko norbait egon dadin, kontrolpean izateko (barreak).

Nik dakizkidan hizkuntzekin lagundu dezaket, orain arte bezala, Caritasen, baina birusaren aurrean hori ez da nahikoa.

Denbora gutxian lagunak egin dituzu Laudion?

Bai, jende asko ezagutu dut nire bizitzan eta berehala sentitzen naiz eroso edonorekin. Nik uste dut pertsonek ematen diezuna itzultzen dizutela. Umorez eta pozik bazaude, aurrean duzunak hori itzuliko dizu.

Belgikan zer nolako bizipenak izan zenituen?

Esperientzia anitzak izan nituen. Adibidez, telebista saio batean parte hartu nuen, dantza saioa zen. Atzerritarrak Belgikakoen aurka lehiatzen ginen, eta irabazi genuen! Siriako edo Afganistango kideak zeuden nirekin. Nola ez dugu irabaziko? Eurek ondo pasatzeko egiten zuten, guk hiltzera joango bagina bezala dantzatzen genuen (barreak).

Beste egun batean Belgikako Erregearen eskutitza jaso nuen, boluntario izateagatik. Uste nuen txantxa zela. Flamenkoz zegoenez, pentsatu nuen oker nenbilela. Galdetu nion nire irakasleari eta esan zidan ez zela txantxa, gonbidapena zela eta ondo jantzita joan behar nintzela. Erregeak urtero antolatzen du kontzertu bat boluntarioekin eta zerrendan jarri ninduten.

"Belgikan dantza telesaio batean parte hartu nuen, Afganistan edo Siriako kideak nituen eta Belgikakoak garaitu genituen. Nola ez genuen irabaziko? Gu hil beharko bagina bezala dantzatzen genuen (barreak)"

Trajea erosi nuen lehenengo aldiz eta Erregearen jauregira heldu bezain pronto, egin nuen lehenengo gauza komunera joatea izan zen, ziurtatzeko eurek ere kaka egiten dutela (barreak). Freskagarria edan nuen han, eta mendian bezala, denak dauka zapore hobea (barreak).

Garapen Ministroa ere ezagutu nuen, agertu zen esatera jarraitu behar genuela proiektuak sortzen eta nire alboan eseri zen. Galdetu zidan ea musulmana nintzen eta lan egiten ote nuen. Azaldu nion baietz, musulmana nintzela eta txerri hiltegi batean lan egiten nuela. Egunero gaueko 03:00etan hasten nuen lana. Gero galdetu zidan ea lanetik heldu berria nintzen kontzertura eta erantzun nion baietz. Hortik aurrera nik egin nizkion galderak.

Handik pare bat egunera elkarrizketa egin zioten eta nire izena aipatu zuen. Zehazki, galdetu zioten eskuin muturreko diskurtsoaren inguruan etorkinen aurka eta erantzun zuen ez zegoela ados, ezagutu zuela gazte bat musulmana zena, txerri hiltegian lan egiten zuena eta egoera hobera aldatzeko saiakerak egiten zituena. Hori bai, Karim esan ordez, Marik esan zuen, baina adina eta beste guztia nik kontatukoa zen.

Duela hilabete batzuk idatzi nion sare sozialen bidez eta erantzun zidan. Batzuetan zorte ona izan dut, beste batzuetan txarra, baina alde ona ateratzen saiatzen naiz beti.

Frantzian jaio zinen, baina Mauritaniara jo zenuen gero, ezta?

Bai, hala da. Nire familia sakabanatuta dago. Amona kristaua zen eta aitona musulmana. Norberak hautatzen zuen bere erlijioa eta horren arabera joaten zen batekin edo bestearekin.

Mauritanian Frantziako enbaxada dago eta horri esker hara joan nintzen medikuntza ikastera, baina lehen urtea oso zaila izan zen, eta gero hasi ziren arazo ekonomikoak.

Belgikan itzultzaile lanak egin nituen baina, esan bezala, hiltegian eta jatetxe batean ere egin nuen behar lan.

Egunero bizikletan joaten nintzen, gauez. 10 kilometro egiten nituen eta negu gorrian askotan. Hori bai, bidea ondo zegoen, ez Euskal Herrian bezala. Hori ez dut ulertzen, txirrindulari gehiago daude hemen eta errepideak eurentzat ez dira egokiak.

Hortaz, nire egunorokoa goiz altxatzea zen, gosaria prestatzea nire anaiarentzat, baita bazkaria ere. Afariaren ostean lotara joan behar nintzen, atseden apur bat hartzeko.

Jatetxera joateko bidea luzeagoa eta gogorragoa zen, baina elikagaiak eramaten nituen etxera eta anaiak sukaldatzen zituen. Nire anaia zulo beltz bat da jaterako orduan, vortex hutsa (barreak).

"Mauritanian hazi naiz, eta hori ez dut ahaztuko, baina duela urte asko ez dudala bisitatu. Orain nire familia sakabanatuta dago eta kide gehienak Frantzian daude"

Eta Euskal Herrian zer moduz?

Maite dut. Esaten zuten Belgikan jendea oso itxia zela eta hala da. Hemen ordea, jendeak ilusioa dauka. Edozein gauzarekin alaitzen da, abesti batekin edo txantxa batekin. Hori oso gogoko dut.

Gainera, hemen norberak aurrera egiteko saiakera egiten du, baina aldi berean ere gozatu nahi duzue. Mendira joatearena ere bitxia iruditzen zait, edozein unean joaten zarete hara. Beste leku batzuetan ez da horrela. Nahi badut, egunero esnatu eta mendira joan ninteke. Hori ez da posible Belgikan.

Jendea irekia da eta horrek maitemindu nau. Edonola ere, nik ez dut Euskal Herria ezagutzen, Laudio soilik. Esperientzia txar bakarra izan dut gazte batekin, baina burutik ez zegoen oso sano, hortaz, ez du garrantziarik.

Mauritaniartzat jotzen duzu zure burua?

Bai, baina duela urte ugari ez naizela joan eta nire familia ere ez dago han. Dena den, ezin dut ahaztu Mauritanian hazi naizela, ezta bertako hondartzak ere. Hango hondartzak ikusgarriak dira, ea aukera dudan neskalagunari erakusteko. Ez dut uste Euskal Herrian hain politak direnik.

Ondorioz, ez dakit zehazki zer erantzun. Argi dago euskalduna ez naizela, oraindik euskara ikasi behar baitut. Agian frantziarra naiz orain, nire familia gehiena hor baitago.

Ni naiz Euskal Herrian dagoen bakarra eta pandemiarekin ez da posible izan guztiok elkartzea, ea abenduan batzen garen; mundiala izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide