ASIER MARTINEZ ARZUAGA

“Ez da existitzen formularik Twitchen arrakasta izateko”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 10a, 07:30
Twitch plataforman zuzenekoak egiteaz bizi da Asier Martinez Arzuaga. / Phobyac

ASIER MARTINEZ ARZUAGA (Laudio, 1990) “Phobyac” erabiltzaile izenarekin da ezaguna Twitch plataforman. World of warcraft jokoaren zuzenekoak egitea du ogibide. 

Zenbat denbora daramazu Twitchen zuzenekoak egiten?

Bi urte. Lehen erabiltzaile hutsa nintzen, eta duela bi urte ekin nion zuzenekoak egiteari.

Zerk bultzatu zintuen horretara?

Egongo da kontakizun epikoagoak egin ditzakeen jendea, baina nire kasua oso sinplea da: Madrilen lanean nengoen programatzaile gisa. Bertako lana bukatu ostean nahiko garai txarra pasa nuen, erdi deprimituta, putzu batean sartuta, funtsean.

Apur bat hobetu nuenean ekin nion Twitch erabiltzeari. Zerbait entretenigarria egin nahi nuen, berdin zitzaidan zer. Garai hartan World of Warcrafterajokatzen nengoen, eta partidak emititzen hastea pentsatu nuen, jokatu eta denbora pasatzeaz gain. Hori izan zen abiapuntua. Ez nuen buruan hau ogibide bilakatzea, ezta gutxiago ere. Zaletasun bat nahi nuen, tenisa edo igeriketa izan daitezkeen bezala. Baina, apurka, hazten joan zen proiektua, gaur egun arte.

Egia da nahiko azkar hasi nintzela. Jendeari ekoizten nuena gustatu zitzaion. Gauza bat egiten duenean dena ematen duen horietakoa naiz ni. Horregatik, kontua nahiko ondo zihoala ikusi nuenean, probatzea pentsatu nuen, ez nuelako galtzeko ezer.

“Twitchekin sinatutako kontratua ezin da alderatu ohiko lan kontratu batekin. Autonomoa naiz, berez”

Noiz pentsatu zenuen lehen aldiz Twitch bidezko zuzenekoak ogibide bilakatu ahal zirela?

Egia da aukera horrekin amets egiten nuela, baina Partnerra eman zidatenean izan zen inflexio puntua. Twitchen kontratu edo egiaztagiri moduko bat da hori. Hiru maila daude plataforma horretan: ohiko erabiltzailea (emisioak egiteko aukera duena soilik), afiliatua (lagun kopuru txiki bat eta emisio ordu kopuru bat gainditu duena) eta Partnerra. Azken maila horretara iristen zarenean kontratu bat egiten dizute, eta onura gehiago dituzu. Ez da erraza horretara heltzea, jende gehiena bidean geratzen da, saiatu arren. Gauzak hala,  horretara iritsi nintzenean pentsatu nuen agian zer edo zer egin nezakeela.

Zer eskatzen dizu Twichek Partnerra izateagatik? Eta zer eskaintzen dizu?

Youtuberen funtzionamenduaren nahiko antzekoa da. Plataforma hori jada editatuak dauden bideoetan oinarritzen da batez ere; Twitchen, aldiz, zuzenekoak dira nagusi. Baina bien mekanika berdina da, Youtuben ere kontratu moduko bat ematen dizutelako jarraitzaile kopuru bat gainditzen duzunean.

Hala ere, plataforma hauen “kontratua” ezin da ohiko lan-kontratu batekin alderatu. Badituzu baldintza batzuk, baina jokabideari eta funtzionamenduari egiten diote erreferentzia batez ere.

“Garai berezietan 7-8 orduz aritzen naiz egunero zuzenekoak egiten, baina bestela lau edo bost ordu nago egunero, astelehenetik igandera”

Erabiltzaileentzako kontratu bat da, orduan. 

Hori da. Egia da kontratuan ordainketen nondik norakoak ere zehazten direla. Baina gero nik erabakitzen dut noiz eta nola emititu. Nahi badut hilabete bat egon naiteke zuzenekorik egin gabe, baina horrek eragina izango du nigan, edukien sortzailea naizen aldetik. Autonomoa naiz, berez.

Plataforma batentzako lan egiten duen autonomoa zara, beraz.

Hori da. Autonomoa naiz eta horrela kotizatzen dut. Egia da gero badudala Twitchekin sinatutako kontratua, baina dokumentu hori jokabide-kode bat da ezer baino gehiago.

Nolakoa da zure lanaldia?

Lan hau denboraldien arabera aldatzen da. Streamer -zuzenekoak egiten dituen pertsona- bakoitzak bere ordutegi propioak ditu, hori da lan honen alde ona. Nire ordutegia World of Warcraften araberakoa da, hori baita emititzen dudan jokoa.

Udan, adibidez, goizez egon naiz lan egiten, erabiltzaile asko dauden arren jokoak ez duelako horrenbeste eduki sortzen. Lau ordu egiten ditut goizez normalean. Hamarretan jaiki, gosaldu eta hamaiketarako zuzenean nago, 15:30ak arte, gutxi gorabehera. Hiru edo lau hilero jokoaren eduki berezi bat plazaratzen da, eta orduan gauetan ere hiru-lau orduko zuzeneko bat egiten dut, 21:00etatik goizaldeko ordu bata arte, gutxi gorabehera. Garai horietan 7-8 ordu aritzen naiz egunero zuzenekoak egiten, baina bestela lau edo bost ordu aritzen naiz, astelehenetik igandera.

“Pandemia denentzako izan da txarra, guretzako izan ezik. Jende guztia zegoen etxean, Internetera konektatuta”

Konfinamenduak lana handitu dizu?

Bai, noski. Koronabirusaren afera denentzako izan da txarra, guretzako izan ezik. Jende guztia zegoen etxean, Internetera konektatuta. Eduki sortzaile guztioi handitu zaizkigu gure bisita eta ikustaldi datuak. Lan aldetik ez du aparteko eraginik, kudeatzeko gauza gehiago sortu dira, besterik ez.

Ni ez naiz Twitchen zuzenekoak egitera mugatzen. Blizzardentzat -jokoa sortu zuen enpresa- ere egiten dut lan, ekitaldiak antolatzen. Bideo-jokoen lehiaketak emititzen ditut, besteak beste. Alde horretatik egia da lan gehiago izan dudala konfinamenduaren hilabeteetan. Lan gehiago izan dut, baina onura gehiago ere.

Zer egiten duzu zuzenekoetan?

Denetarik egiten dut. Bideo-jokoaren eduki “zaila” egiten saiatzen naiz. World of Warcraft oso joko zabala da. Mota askotako jokalariak daude: erronka zailak burutu nahi dituztenak, noizbehinka jokatzen dutenak... Ni zati lehiakorrena egiten ahalegintzen naiz. Torneoak ere gidatzen ditut, jokalari profesionalekin.

Zuzenekoan aritzeaz gain, jendearen dudak erantzun eta laguntza eskaintzen dut. Jokalari berriak eta jada denbora bat daramaten jokalariak eduki “zailagoetara” gerturatzea da nire helburua.

“Blizzard-entzat ere egiten dut lan, ekitaldiak antolatzen. Bideo-jokoen lehiaketak emititzen ditut, besteak beste”

Zergatik hautatu zenuen World of Warcraft jokoa?

Ia bizitza osoa daramadalako joko horretara jokatzen. Duela 15 urte sortu zen. Gaur egun oraindik jarraitzaileak dituen joko zaharrenetarikoa da. Gaztetan zaletu nintzen ni World of Warcraftera, DBHn nengoela. Denbora asko eman nuen jokatzen, baina unibertsitatera joan nintzenean albo batera utzi nuen jokoa, tarte luze batez. Lehen aipatu dudan garai txarrean ekin nion berriz jokatzeari, entretenituko ninduen zerbait behar nuelako.

Hala ere, badago beste arrazoi bat joko honekin aritzeko, behin zuzenekoak egiten hasita ondorioztatu nuena: oso joko ona dela zuzenekoak egiteko. Zergatik? Jokalari kopuru handia duelako baina, era berean, ez delako beste joko batzuk bezain masiboa, League of Legends edo Fortnite izan daitezkeen bezala. Zergatik da hori ona? Joko ezagun horietako bat emititzen hasten bazara beste 30 edo 40 streamerrekin lehiatu beharko zara, zu baino askoz datu hobeagoak dituztenak, gainera. Kasu horretan oso zaila da Twitchen goiko mailara iristea, eta latzagoa da, beraz, jarraitzaile berriak eskuratzea.

World of Warcraften, aldiz, ez dago horrenbesteko lehiarik. Nire zuzenekoetan partidak jokatzen ditut, baina ez naiz horretara mugatzen. Jokoa da nire edukien funtsa, baina helburua entretenitzea da. Edozein gairi buruz hitz egiten dugu. Egia da politikaz hitz egitea ez zaidala asko gustatzen, mota askotako pertsonak daudelako eta jendea oso erraz haserretzen delako, baina oso bestelako gairen inguruan ere mintzatzen gara.

“Jokalari berriak eta jada denbora bat daramaten jokalariak eduki ‘zailagoetara’ gerturatzea da nire helburua” 

Joko honek duen beste gauza on bat da jokalari gehienak batez bestekoa baino apur bat nagusiagoak direla. Hogei urte baino gehiago dituzte gehienek. Hori ona da, pertsona horien gaitasun ekonomikoa handiagoa delako eta aukera gehiago dituztelako nik egiten dudan edukia babesteko.

Twichen hainbat parametro daude: zure ikusleen batez bestekoa, jarraitzaile kopurua eta bazkide kopurua. Bazkide egiten den pertsonak dirua jartzen du zure edukia babesteko. Orain 560 bazkide inguru ditut. Beste joko batzuetan ikustaldi gehiago egoten dira, baina bazkide gutxiago, batez besteko adina baxuagoa delako. Abantaila bat da, hori delako jaten ematen dizuna, publizitateaz gain.

Edukia doan ikusi dezakezu, baina bazkide izateak hainbat onura dakartza. Nagusia (eta jendeak gogokoen duena) hau da: ez duzula publizitaterik ikusten. Partnerrak garenok aukera dugu bideoetan publizitatea sartzeko. Ezin dut hautatu zein marka iragarriko den, hori Twitchek kudeatzen baitu, baina dirua jasotzen dut jartzen dudan iragarki bakoitzagatik. Adibidez, komunera joan behar dudanean minutu batez jartzen ditu iragarkiak. Baina orain iragarki gehienak automatizatuak ditut: ordu erdiro agertzen dira, baina bazkideek ez dituzte ikusten.

Bazkideek badituzte bestelako onura batzuk: aukera dute txatean nire kanaleko emotikono esklusiboak baliatzeko, eta gero streamer bakoitzak eskaintza bereziak egiten dizkie bere bazkideei: partida esklusiboak eta antzeko gauzak.

“Orain arte sartutako ordu guztiak jasotako diruarekin alderatuko banitu emaitza ez litzateke positiboa izango, inondik inora. Lehen programazio sektorean egiten nuen lan, eta diru gehiago irabazten nuen”

Hala ere, jende asko edukia babeste hutsagatik egiten da bazkide, mundu hau ezagutzen ez duen jendeari oso arraroa iruditu ahal zaion arren. Doan ikusi dezakezu, baina inork ordainduko ez balu eduki sortzaileak lana utziko luke, edo ez luke kalitate bera mantenduko. Jasotzen dudan diruaren zati handi bat nire kanalean berrinbertitzen dut. Dohaintzak ere badaude, eta publizitatea zein enpresekin babesletzak ere eskuratu ditzakezu.

Ekonomikoki errentagarria da egiten duzun lan guztia, bueltan jasotzen duzun dirua kontuan hartuta?

Nik, orokorrean, ez ditut honetan sartzen ditudan orduak kontatzen. Ez dakit biziraupen senagatik egiten dudan edo ez (barreak). Orain arte sartutako ordu guztiak jasotako diruarekin alderatuko banitu emaitza ez litzateke positiboa izango, inondik inora. Lehen programatzaile gisa egiten nuen lan, eta diru gehiago irabazten nuen.

Baina egia da ogibide honen lan baldintzak oso onak direla: etxetik egiten duzu lan, zuk zeuk ezartzen dituzu nahi dituzun ordutegiak. Bi egun igaro nahi baditut zuzenekoak egin gabe ,egin dezaket. Hala ere, lan honek baditu beste hainbat gauza txar. Ordu asko sartu behar dituzu. Ez dira soilik zuzenekoen orduak, atzetik dagoen prestaketa lan guztia ere hartu behar da kontuan: bideoak editatzea, grafismoak prestatzea... gauza andana. 

Egia da lan apur bat “esklaboa” dela. Jende askok uste du kamera aurrean lau ordu egotera mugatzen garela, eta gainontzeko denbora Andorran bizitzaz gozatzen igarotzen dugula. El Rubius bazara agian bai, baina bestela ez da horrela. Orduak eta dirua balantza berean jartzen badituzu emaitza argia da: ez da errentagarria.

“Gaztetan zaletu nintzen ni World of Warcraftera, DBHn nengoela”

Baina nik gogoko dut zuzenekoak egitea, eta ez dit aparteko arazorik suposatzen. Dena den, haztea eta geroz eta gehiago irabaztea da nire aurreikuspena. Horretaz pozik nago: hazten eta geroz eta gehiago irabazten joan naizela, apurka apurka. Duela gutxi babesletza bat egin nuen enpresa batekin, mugikorrerako joko bat promozionatzeko, eta nahiko ondo ordaindu zidaten. Autonomoa bat zara, funtsean, ez du buelta gehiagorik.

Nahiko zabaldua dago Youtuberrak eta antzeko eduki sortzaileak Andorran -zergak ordaindu gabe- bizi direla. Ez da zure kasua.

Betiko kontua da hori: hainbat motatako eduki sortzaileak daude. Nik soldata normala dut. Nahiko aldakorra da, baina 1.000 eta 2.000 euro artekoa izan ohi da. Izan ditut hilabete txarrak, zeintzuetan ez naizen 1.000 euro irabaztera iritsi. Baina egia da egon direla hilabete oso onak, zeintzuetan 2.000 euro baino askoz gehiago irabazi dudan. Zuzenekoen, ekitaldien, babesletzen eta bestelako kontuen araberakoa da hori. Horren soldata ezegonkorra izatea ez da ona, noski, baina batez beste soldata duin bat jasotzen dut hilero.

Baina egia da beste eduki sortzaile batzuk daudela hilero 50.000 euro irabazi dezaketenak. Pertsona horri merezi dio Andorrara joatea, argi esanda. Ni, beren egoeran, agian ez nintzateke joango, hainbeste diru irabazita ez nukeelako horretarako beharrik izango. Baina ulertzen dut hori egitea.

Nik autonomo gisa egiten dut lan. Zorionez, lehenengo urtean nago oraindik, oinarrizko kuotarekin. Eduki sortzaile gehienak autonomoak dira, bere negozio propioa muntatzen duen beste edozein bezala. Kontua da sortzaile ezagunenak direla gehien irabazten dutenak, eta eurak dira Andorrara joaten direnak.

“Jokoa da nire edukien funtsa, baina helburua entretenitzea da. Edozein gairen inguruan hitz egiten dugu”

Zure helburua apurka apurka haztea dela aipatu duzu. Zer etorkizun ikusten diozu Twitchi eta zure kanalari?

Lan honen beste gauza txar bat da oso lotua zaudela Twitch bezalako plataformetara. Ni saiatzen naiz anitzagoa izaten, Youtube, Twitter edo beste tresna batzuk ere baliatuta. Baina egia da oso lotua zaudela plataformara, eta bihar Twitch desagertzen bada nire lanaren zati handi bat desagertuko litzateke, eta arrisku handia da hori.
Baina egia da (eta koronabirusarekin askoz gehiago nabaritu da) hazten doan zerbait dela. Geroz eta erabiltzaile gehiago daude, entretenimenduak geroz eta pisu gehiago duelako mundu honetan. Telebista geroz eta jende gutxiagok ikusten du, jende nagusiak batez ere. Gazteek mota honetako plataformen alde egiten dute.

Gauzak hala, zenbakiak hazten doaz. Nire aurreikuspen pertsonalak onak dira, plataformak hazten ari direlako eta sumatzen dudalako lan ona egiten ari naizela eta jendeak gustuko duela. Egia da zikloak daudela: une batzuetan hazten zaude, beste batzuetan behera zoaz. Baina behera zoazenean aurrekoan baino apur bat gutxiago jaisten ahalegintzen naiz, joera goranzkoa izateko. 

“Jende asko edukia babeste hutsagatik egiten da bazkide, mundu hau ezagutzen ez duen jendeari oso arraroa iruditu ahal zaion arren”

Baina lehiakortasuna geroz eta handiagoa izango da, beraz. 

Bai, baina lehiakortasun gehiago egoteak ez du zertan txarra izan. Imajinatu orain El Rubius World of Warcraft jokoaren zuzenekoak egiten hasten dela. Hori niretzat ez da ona, epe laburrera begira, bera oso pertsona ezaguna delako eta jende askok bera ikusi nahiko duelako. Baina batzuetan komenigarria da epe ertain edo luzera ere begiratzea: El Rubiusek bere zale guztiak World of Warcraften mundura erakartzen baditu horietako askok jokoan sakondu nahi izango dute. Plataformako erabiltzaile kopurua haztea ekarri ahalko luke horrek, eta hori ona da niretzat ere. 

Gertatu izan zait askoz ezagunagoak diren streamerrei jarraitu ostean nire edukiak ikusten amaitu duen jendearekin topo egitea, beste modu batean nire edukiak ikusiko ez lituzkeena. Plataforma haztea ona da, orokorrean. Egia da lehiakortasun handiagoa dagoela, baina horrek zerotik hasten denari eragiten dio gehiago. Komunitate sendo bat duen sortzailearentzat ez  da horren txarra. 

“Sortzaile ezagunenak dira gehien irabazten dutenak, eta eurak dira Andorrara joaten direnak”

Orduan ez duzu uste hazkuntza guzti honek uneren batean eztanda egingo duenik?

Erabiltzaile kopuruari dagokionez ez dut uste. Zeharo aldatzen ari da entretenimendua. Netflix edo Twitch bezalako plataformek geroz eta erabiltzaile gehiago dituzte. Baliteke publizitatearen bidez jasotzen dugun dirua gutxitzea. 

Hori gertatu ahalko litzateke, Youtuberekin antzeko fenomenoa gertatu zelako. Gaur egun plataforma hori ez da oso errentagarria. Hazkuntza handia izan zuen eta jende askok diru asko irabazi zuen horrela.  Baina bat batean, arrazoi batengatik edo besteagatik, markek gutxiago ordaintzen hasi ziren publizitateagatik. Horrelako zerbait errepikatu ahalko litzateke. 

“Ordu asko sartu behar dituzu. Ez dira soilik zuzenekoen orduak, atzetik dagoen prestaketa lan guztia ere hartu behar da kontuan”

Baina Twitchen kasuan badago ezberdintasun bat: erabiltzaileak direla produktua zuzenean babesten dutenak, bazkidetzen bidez. 
Ez dakigu etorkizunean zer gerta daitekeen, noski. Baina ez dut uste burbuila bat egongo denik. Igoerak eta jaitsierak jazo daitezke, baina orokorrean gorantz doa. 

Edukien sorkuntzan dago etorkizuna, beraz?

Bai. Duela 15 urte ez genuke inondik inora pentsatuko bideo-jokoen industria gaur egun duen pisua izatera iritsiko zenik. Industria horrek zinemak edo beste negozio batzuek baino diru gehiago mugitzen du gaur egun.  Garaiak aldatzen doaz. Telebista kateak egoerara moldatzen saiatzen ari dira, baina geroz eta ikusle gutxiago dituzte eta belaunaldi aldaketa ematen denean okerragoa izango da eurentzat. Uste dut Twitch bezalako plataformak entretenimenduaren sektorearen adar garrantzitsu bat izango direla etorkizunean. Zenbat haziko diren? Auskalo. 

Plataforma hauek bideo-jokoetara lotu dira sarritan, eta egia da eduki sortzaile gehienek horrelako joko baten inguruan jarduten dutela. Baina denetarik dago: musikariak, marrazkilariak, hitz egitera mugatzen den jendea... gustu eta publiko guztientzako edukiak daude, eta hori ona da. 

“Nik soldata normala dut. Nahiko aldakorra da, baina 1.000 eta 2.000 euro artekoa izan ohi da”

Faktore asko aipatu dituzu, baina zein uste duzu dela gauzarik garrantzitsuena horrelako plataforma batean arrakasta izateko?

Askotan  galdetu didate hori eta nik beti erantzun dut berdina: ez dago formularik. Ez da halakorik existitzen, jende askok hori saltzen duen arren. Aholku andana daude, eta horietako batzuk baliagarriak izan daitezke , baina oso oinarrizkoak dira, gaiaz apur bat ulertzen duen edonork jakiteko modukoak. 

Gustuko baduzu eta ahalegina egiten baduzu aukera dago geroz eta gehiago hazteko. Baina egia da “amets amerikarra” izango balitz bezala saltzen dela: esfortzua eta lana eginda lortu daitekeela, eta jende asko dago hori egin arren lortu egiten ez duena. 

Nik beti diot gauza bera: entretenitzea da garrantzitsuena. Jende askok uste du nahikoa dela joko batean oso ona izan eta aholkuak ematearekin. 

Jokalari on asko daude, baina ez dira horrenbeste pantaila baten aurrean azalpen onak eman eta entretenitzeko gai direnak. Twitchen badago jokatzeko aholkuen bila dagoen jendea, baina gutxiengoa dira. Gehienek beste gauza batzuetarako sartzen dira plataformako zuzenekoetan: lan egiten dauden bitartean aurikularretatik entzuteko, jaten dauden bitartean ikusteko... Horregatik, pertsona horiek entretenitzea da helburu nagusia. Edozein gairen inguruan hitz egiten jakitea, zure publikoa ezagutzea, kanala zaintzea... jendeak saritu egiten zaitu egiten duzunaren atzean lana dagoela ikusten duenean. 

“Uste dut Twitch bezalako plataformak sektorearen adar garrantzitsu bat izango direla etorkizunean”

Garrantzitsuagoa da ondo hitz egiten jakitea, beraz. 

Bai. Badaude bideo-jokoen inguruan ideiarik ez duten streamer ezagunak, baina oso onak dira komunikatu eta entretenitzen. Ikuskizun hutsa da, showmanak dira. Egia da gaiaz jakiteak publiko mota zehatz bat erakarri dezakeela, baina Twitchen arrakasta entretenimenduaren bidez lortzen da, ez jakintzaren bidez. 

Pozik orain arte eginiko bidearekin?

Urte hauek apur bat zoroak izan dira. Nik hau inolako pretentsiorik gabe hasi nuen eta bat batean ikusi nuen asko hasi nintzela. Beti joan naiz aurrera, plan oso zehatzik gabe. Baina orain badut helburu bat: ezegonkortasunik gabeko egoera batera iristea. Hau da, gehiago irabaztea, hilabete “txar” bat berez hilabete on bilakatzeraino. Twitch desagertuko balitz ere nik eduki sortzaile moduan aurrera jarraitzeko eta jarraitzaileak mugitzeko adina indar izan nahiko nuke. 

Oso zaila da, baina lortu daiteke. Asko mugitzen naiz, enpresa mundua ezagutzen dut eta bideo-jokoen ekoizleekin harreman nahikoa daukat. Twitch desagertuko balitz eta zuzenekoak egiteari utziko banio aukera izango nuke bestelako kontu batzuk egiteko: ekitaldiak ekoiztea, besteak beste. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide