Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Gerra guztien aurkako aldarri sakona egin nahi izan dut liburuan”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 7a, 07:00

Bere bigarren liburua plazaratu berri du KEPA BARAÑANOK (Laudio, 1959), Bizi ala hil izenburuarekin. Guda Zibilean girotu du eleberria.

Zure lehen liburua -Hi eta ni adiskide beti- aurkeztu zenuenean aipatu zenuen bazenituela beste proiektu batzuk esku artean. Horietako bat zen orain argitaratu duzun Bizi ala hil eleberria?

Buruan banuen, bai. Urte asko egon da proiektua gordeta eta egoera honetan, etxean itxialdian egon garenez gero, astia izan dut egiteko.

Euskal Herriko eta Aiaraldeko historia hurbila jorratzen zenuen zure aurreneko eleberri hartan. Orain ere bide beretik mugitu zara?

Ez, nobela berriak ez du horrekin zerikusirik. Gerra garaian kokatua dago. Gudari batzuen istorioa da, biografia batzuen nahasketa, nolabait esateko. Gudarien aldeko omenalditxo bat ere bada. 1936ko guda horretan kokatua dago bereziki.

Guda Zibileko gertakari zehatz batzuetan oinarritu zara eleberria garatzeko?

Alde batetik, nik entzundako istorio pila bat daude. Gudari batzuk ezagutu ditut, nire familiaren partetik ere. Eurek ikusi eta jasandakoak entzunak ditut. Horiek guztiak bilbatuz egin dut eleberri hau.

Zer kontatzen du zehazki liburuak?

Liburu honen gakoa hil hitza da. Euskaraz hitz hori bi eratara erabili daiteke: “Hil da” edo “hil du”. Bizitzeko hil behar dugu? Hori da planteatzen dudan galdera. Aditz horrekin jokatzen dut liburuan.  Gerra guztien aurkako aldarri sakona egin nahi izan dut liburuan. Nire ustez gerrak absurduak dira eta hemen inperialistak izan direnak zentzugabeagoak ere bai, beharbada.

Liburuan galdetzen dut ea zergatik eta zertarako eraman izan dituzten gure gazteak -mutilak batez ere- Afrikara edo beste toki batzuetan gerra egitera han bizi diren txiroei lurrak eta ondasun apurrak kentzera. Gure arteko guda zergatik sortu zen ere galdetzen, eta baita ere zergatik egon garen euskaldunak beti inplikatuta gureak ez diren gerra horietan. Batzuek Frantziaren alde -"Morts pour la patrie"- eta beste batzuk Espainiaren alde, eta gure arteko gudetan sartuta beti. Hori da liburuaren mamia.

"Bizitzeko hil behar dugu? Hori da planteatzen dudan galdera. Aditz horrekin jokatzen dut liburuan"

Aurreko liburuan aipatzen zenuen bazeudela Euskal Herriko edota Aiaraldeko gertakari asko ezkutuan geratu direnak. Oraingoan ere gertakari ezkutu horiek bilatu eta islatu dituzu?

Bai. Karlistaldian hasten da liburua, aitona baten oroitzapenak aipatuaz. Afrikako gerra agertzen da gero. Horietan guztietan euskaldunak egon dira, beti Espainiaren alde eta beti jaungoikoaren alde. Hortik aurrera kontatzen ditut gauza batzuk, nik bizi ez ditudanak noski, baina entzunak ditudanak. Francoren gerra dator jarraian. Liburuan aipatzen diren gauza batzuk benetan jazo ziren. Batzuk aldatuta daude, izenak, besteak beste. Lekuak ere hemengo lekuak dira, nahiz eta izenak aldatuta izan. Liburuan agertzen diren izen batzuk oso ezagunak dira, hemengo jende guztiak ezagutzen ditu, eta pertsonaia batzuk ere ezagunak suertatu ahal zaizkio baten bati, apur bat sakonduz gero.

Zure lehen liburua bezala, honako hau ere zuk zeuk argitaratu duzu, Iñarrondo ezizenarekin.

Bai, orain ere berdina egin dut. Nik ez dut harremanik argitaletxeekin. Horregatik, nik neuk egiten dut, ahal dudan moduan. Ez da agian politena, baina baliagarria bada, hori argi dago.

Bigarren liburua argitaratuta, baduzu beste proiekturik esku artean?

Bai, garai hauetan idazteko denbora izango dut seguru asko. Baditut beste gauza batzuk buruan. Bat ia ia bukatuta dut. Eleberri moduko bat da, Amerria izenekoa. Momentuz gordeta dago, ez dakit noiz plazaratuko dudan.

Badaukat beste liburu proiektu bat esku artean, nire aitonaren eta bere anaiaren istorioak kontatzeko. Guda Zibilean egon ziren eta hainbat anekdota bizi izan zituzten, batzuk politak eta beste batzuk ez horren politak. Baina hori luzerako doa.

Non eskuratu daiteke Bizi ala hil liburua?

Nire aurreko liburuarekin bildutako dirua Altsasuko gazteei lotutako ekimenetara bideratu nuen. Oraingoan, aldiz, Gure Esku babesteko baliatu nahiko nuke. Laudion iragan asteburuan egingo zen ekitaldian banatu nahi nuen , opari gisa. Orain beste ideia bat bururatu zait: Laudioko Basalarrina topagunean dagoen Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Ekonomatuan aleak uztea. Nahi duenak hartu, irakurri eta iritzia eman diezadala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide