Laudioko EH Bilduk 2,4 milioi euroko ekarpenak egin dizkio 2021eko aurrekontuari eta EAJk leporatu dio berandu egitea

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 9a, 16:00
Laudioko udalbatza 2019ko irailean. / Aiaraldea.eus

Laudioko EH Bilduk oharra plazaratu du gaur jakinarazteko 2021eko udal aurrekontuetan 2,4 milioi euroko aldaketa proposatu dutela. EAJk, ordea, ekarpena berandu egitea egotzi dio koalizioari, "kontuen onarpena atzeratzeko".

EH Bilduk eta EAJk prentsa oharrak zabaldu dituzte gaur 2021eko udal aurrekontuen harira. Hasteko, EH Bilduk testua argitaratu du azaltzeko udal gobernu taldeak proposatutako zirriborroari 2,4 milioi euroko aldaketa proposatu diotela. 

Kopuru horren barruan sartu dute 800.000 euroko diru partida ostalariak, dendariak eta autonomoak laguntzeko. Halaber, hurrengo ideiak ere iradoki dituzte:

  • Enplegu programa gehiago martxan jartzeko 200.000 eurotan handitzea diru partida.
  • Merkataritza bultzatzeko bonoak egiteko beste 8.000 euro bideratzea.
  • Bi parke estaltzeko 360.000 euro inbertitzea. Lehenengoa, Latiorroko haur parkea, eta bigarrena, suhiltzaileen ondoko nagusientzako parkea.
  • Ahalduntze eskola eta emakumeen etxe baten sorrera ebaluatzeko prozesua. Bi urteko prozesua litzateke eta udalerriko eragile feministekin batera gauzatu beharrekoa. Horretarako, 18.150 euro gordetzea proposatu du koalizioak. Horrekin batera,  20.000 eurotan mantentzea indarkeria matxistari aurre egiteko diru partida eskatu dute, eta beste 10.000 euro gizonentzako berdintasun trebakuntzarako bideratzea.
  • Skate pista berritzea.
  • Gardeako aisialdi guneetan hobekuntzak egitea.
  • Aretako kultur etxea atontzea.
  • Kultura plan estrategiko bat egitea, eta kirol instalazioetan hainbat konponketa eta hobekuntzak gauzatzea.

EAJren erantzuna

EH Bilduren oharra publiko egin ostean, erantzun du EAJk, prentsa ohar bidez. Jeltzaleek koalizio abertzaleari ekarpenak horretarako irekitako epean ez egitea leporatu diote: "Horren ordez, bere zalantzak planteatzera mugatu zen, eta, nahita eta modu traketsean, 2021eko ekitaldiko aurrekontuak egiteko eta onartzeko prozesua atzeratzen saiatu zen."

EAJk uste du EH Bilduren ideiak berandu heldu direla, eta kritika gogorrak adierazi ditu: ""EAJ-PNVk erabat kontra egiten dio Laudioko EH-Bilduk ohituta gaituen joko politikoari, gezurretan eta manipulazioetan oinarritzen baita, bizilagunak nahasten saiatuz, eta hori ezin da onartu. Joko horren ezaugarria da, gainera, dagokion titularra etengabe bilatzea komunikabideetan. Aukera duten bakoitzean kritikatzen eta salatzen harrotzen diren gauzak".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide