800.000 euro baino gehiago bideratu ditu Laudioko udal gobernu taldeak COVID-19ak eragindako krisira 2021eko aurrekontuetan

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 13a, 10:30
Atzoko prentsaurrekoaren irudia./ Aiaraldea.eus

Atzo eskaini zuten prentsaurrekoa EAJk eta PSE-EEk 2021eko udal aurrekontuen berri emateko. Azaroan onartu nahi dute aurrekontua, eta 23.566.712 eurokoa izango da. Udal euskaltegiaren gastua aintzat hartuta, 24.200.000 euro ingurukoa izango da guztira.

Laudioko udal gobernu taldeak prentsaurrekoa deitu zuen atzo 2021eko aurrekontuak aurkezteko. Oraindik udalbatzan onartu behar badituzte  ere,  gehiengoa ziurtatuta dute EAJk eta PSE-EEk.

Ander Añibarro alkateak azpimarratu zuen errealistak eta orekatuak direla, eta Ander Larrinagak nabarmendu zuen egoeraren arabera moldatuko direla. Printzipioz, 23.566.712 eurokoa izango da udal aurrekontua, eta horri gehitu behar zaio udal euskaltegiaren gastua: 841.368 euro.

Garbiketa, gizarte ongizate eta Laudio Hazi indartuak, COVID-19a dela eta

EAJk eta PSE-EEk azaldu dute COVID-19 birusaren pandemiak eraman dituela bi sail eta jarduera bat indartzera. Gizarte Ongizatean, guztira, 520.000 euro gastatzea aurreikusi dute, iaz baino 45.000 euro gehiago. Laudio Hazin, berriz, 152.000 euro gehiago inbertituko dituzte, ekintzaileak zein enpresak trebatzeko edota enplegu planak abiatzeko.

Garbiketan, ordea, 600.000 euro ingurutan handitu da gastua, hainbat azpiegituren desinfekzioa bermatzeko: udal bulegoak, ikastetxeak, kiroldegia... Igoera hori islatu da zerbitzuen eta higiezinen sailean, 9.811.500,80 eurokoa baita, iaz baino ia milioi bat gehiago. Horrela, tarte horrek aurrekontuen %42ko bitartekoak kontsumituko ditu.

Diru partida horretan ere jaso dira kontratuen hainbat eguneraketa, eta Ander Larrinagak ohartarazi du hurrengo urtean garbiketa kontratuak %25eko garestitzea izango duela: "Laudiok merezi duen garbiketa lortzeko 1.300.000 euroko kontratua egingo dugu urtero, orain milioi bat ingurukoa da".

Gauzak hala, COVID-19ak 800.000 euo baino gehiagotan garestituko ditu orain arte egiten ziren zenbait jarduera, udal ordezkariek azaldu dutenez.

Inbertsioak moldatuta

Zenbait esparru egokitu ditu udal gobernu taldeak, pandemiaren eraginez. Esaterako, jaien alorrak 300.000 euro gutxiago beharko ditu, eta inbertsioen atala murriztu da, iaztik, ia 800.000 eurotan. Edonola ere, Ander Larrinaga alkateordeak argitu zuen hori aldatu daitekeela unean uneko baldintzak aztertuta. Printzipioz, aurten 938.000 euro bideratuko dituzte, eta hurrengo proiektuei emango diete lehentasuna:

  • Antzokiko proiektua bukatzea eta eraikuntzarako dokumentazioa prestatzen hastea: 153.000€
  • Herritarren Arreta Zerbitzuaren berriketa: 35.000€
  • Españica etxearen eraispena: 70.000€
  • Aretan harresia eraikitzea lur jausiak ekiditeko: 75.000€
  • Hilerrian errautsak zabaltzeko gunea atontzea: 10.000€
  • Gardeako zentro soziala egokitzea ostalaritzarako: 52.000€
  • Kiroldegiko kantxa bat berritzea: 100.000€
  • Ortuak egokitzea Latiorron: 40.000

Diru sarrerak eta salmentak

Arabako Foru Aldundiaren eta bestelako erakundeen ekarpena 1.050.793 eurotan murriztu denez (guztira aurrekontuen %8,73), Laudioko Udalak bestelako iturriak bilatu ditu, jakinarazi dutenez. Horien artean daude Latiorron salduko diren 9 lursail.

Alkateordearen hitzetan, jabego horiek ez dia baliogarriak edo egokiak udal jarduerarentzat, "kokapenagatik eta eman ahal zaion erabileragatik". Halaber, Larrinagak adierazi zuen udalarentzat erabilgarriak ez diren bestelako ondasunak -garajeak, adibidez-, salmentan jartzea aztertuko dutela.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide