"The Patukatus", Iñigo Ibarra musikariaren lana, entzungai

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 17a, 07:00

Iñigo Ibarra musikaria bere etxean egindako estudioan. / Aiaraldea.eus

Al Infierno en Goitiberako gitarjoleak The Patukatus proiektua plazaratu du Bandcampen, rocka, psichobillya eta surf generoak landuta.

Iñigo Ibarra laudioarrak The Patukatus proiektua sareratu du bandcamp plataforman: "Modu bat da nahi duenak doan izan dezan eskura, entzuteko edo deskargatzeko".

Al Infierno en Goitibera, CLGSE (Contra la Gente Sin Escrúpulos), Den-O-Sin eta Garraxi taldeko musikariak, nahiz eta proiektu kolektiborik ez izan, bere kabuz grabatu du diskoa. "Nire zaletasuna musika da eta etxean grabatzen dut dena, kitarra eta baxua. Bateriarako, aldiz, programa bat erabiltzen dut", azaldu du sortzaileak.

Aspaldidanik osatzen ditu abestiak etxean eta jadanik 80 inguru ditu, "baina denak ez daude ekoiztuta", argitu du. Musikariak "The Patukatus" plazaratu du psichobilly edota surf rock generoko kantak batzeko eta entzungai izateko. Batzuk Rocket From The Cript edota Hot Snakes taldeen kutsua dute, besteak beste.

"Musikan hasi nintzenean, gehienbat, punk-rocka entzuten nuen, baina denboraren poderioz, bestelako generoak entzun ditut: stoner, rock astuna, rock gogorra, musika elektronikoagoa... Entzuten ditudan generoen kantak osatzen ditut nire kabuz, baldin eta denbora badaukat, jakina".

Itxialdian azken zertzeladak

Pandemiak iraun zuen bitartean, denbora gehiago izan zuen Ibarrak ekoizpen eta diseinu lanak aurreratzeko eta horrela ekin zion "The Patukatus" proiektua osatzeari: "Osasun egoera diseinuan islatu dut, maskarak ikusten baitira".

Edonola ere, abesti sorta gehiago argitaratzeko asmoa dauka musikariak. "Hurrengo argitalpenean stoner eta rock gogorreko abestiak agertuko dira. Uste dut proiektu hori beste modu batean izendatuko dudala, The Patukatusekin ez baitauka antza handirik", argitu du.

Ahotsik ez badu grabatu ere, The Patukatusen abesti guztien izenburuak euskaraz dira. Ibarrak erantsi du euskara ikasten ari dela eta saiakera egin nahi zuela: "Abesti oso baten letra euskaraz idazteko ez naiz gai, trebakuntza handiagoa beharko nuke eta, baina izenburuak bai".

Rockzaleentzako musika

Argitalpenari buruz galdetuta, musikariak erantzun du pretensiorik gabeko egitasmoa dela: "Lehenik eta behin, nire helburua da lagunek entzutea zer egiten dudan etxean, baina aipatutako rock generoak gogoko dituzten zaleen eskura ere badago lana".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide