Arrakasta nabarmena izan du Esti Urresolaren Polvo somos pelikulak Zinebi jaialdian. Bi sari eskuratu ditu: euskal gidoi onenaren saria (SGAE Fundazioak ematen duena) eta Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia. “Lehen saria ez genuen inondik inora espero, baina bigarrena jaso dugunean sopresa izugarria izan da, negar eta guzti egin dut”, azaldu du Esti Urresolak. Pantailaren beste aldetik jarraitu du zinemagile laudioarrak sari banaketa, aurtengo edizioa Internet bidez egin baita.
Honegatik eman dio epaimahaiak saria Urresolaren lanari: “Aktoreen zuzendaritza lanarengatik, gidoiaren garapenarengatik, eta gure gizartearen merkantilizazioa heriotzara, hau da, hileta erritora ere iristen dela kritikatzen duen istorio bat eszenaratzeagatik; umore beltzezko ukitu batez ondutako proposamena da”.
Zinebi jaialdia “oso berezia” da Urresolarentzat. “Unibertsitatean ikus-entzunezko komunikazioa ikasten nuenean irakasle batek beti lortzen zizkigun filma laburren proiekzioetara joateko sarrerak, oso esperientzia aberasgarria izaten zen”. Gauzak hala, urte batzuk beranduago jaialdi horretako sari nagusietako bat eskuratzea oso positiboa izan da laudioarrarentzat, “are gehiago nire ekoiztetxe propioarekin sortutako pelikula bat dela kontuan hartuta”.
Jaialdi gehiago helburu
Bilboko jaialdian ikusi ahal izan da Polvo somos lehenbiziko aldiz, baina beste lehiaketa batzuetara aurkezteko asmoa dutela iragarri du laudioarrak. “Kataluaniako distribuidora bateko kideekin lan egiten gabiltza. Filma zabaltzeko estrategia garatu dute eta erabateko konfiantza dugu eurengan”. Urte eta erdiko ibilbide garatzen zaio pelikulari jaialdi batetik bestera, Urresolak kalkulatu duenez.
Zinemagileak eskerrak eman nahi izan dizkie filman parte hartu zuten aktoreei, “emakumeei batez ere, eurak baitira ikus-entzunezkoan pisu handiena hartzen dutenak”. Ilargi Molinillo gazte laudioarra agertzen da pelikulan, besteak beste.