Atzo onartu ziren Laudioko Udaleko 2021erako aurrekontuak, Ezohiko Udal Osoko Bilkuran. Ez zen sorpresarik egon. Aurreikusi bezala, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baliatu zuten duela ia bi aste aurkeztutako proposamena onartzeko.
Omnia eta EH Bilduk, aldiz, aurka bozkatu zuten, eta eztabaida ordubetez luzatu zen Internet bidez emititutako udalbatza telematikoan:
EAJren azalpenak
Eva Marquinez Blanco jeltzalea izan zen hitza hartzen lehena. Aurrekontuak udal ekonomia garatzeko “tresna garrantzitsuena” direla nabarmendu zuen zinegotziak, eta 2021ekoak osatzea batere erraza izan ez dela aitortu zuen, “pandemia egoeragatik”.
Marquinezen hitzetan, bi helburu nagusi dituzte onartu berri diren aurrekontuek: “sektore kaltetuenei” laguntzak ematea eta, aldi berean, denak normaltasunez funtzionatzen jarraitzea, “Laudio gelditu ez dadin”. Diru-partidak banan-banan azaldu zituen udal gobernuko ordezkariak. Hala ere, partidak horiek egoeraren bilakaeraren arabera moldatuko dituztela zehaztu zuen.
PSE-EE, aurrekontuekin “pozik eta harro”
Juanje Merchan sozialistak hartu zuen hitza jarraian. “Pozik eta harro gaude egonkortasun instituzional honen parte izateaz. Gaur ikusiko dugu horren adibidea, herriak duen egoerarekin bat egiten duten aurrekontu batzuk aurkeztuta”, azaldu zuen PSE-EEko ordezkariak, eta oposizioaren aurka jo zuen jarraian, Omnia eta EH Bilduk inolako proposamenik egin ez zutela argudiatuta.
Euren ekarpenak kontuan ez izatea leporatu zieten oposizioko taldeek udal gobernuari. EAJk eta PSE-EEk, aldiz, nabarmendu zuten ekarpen horiek ez zirela zegokien “forma eta epeetan” aurkeztu
Omnia, “minduta”
Omnia “haserretu” egin zen Merchanek eginiko adierazpenekin. “Eginiko adierazpenak iraingarriak dira, kontuan hartuta hemen liberatua dagoena udal gobernua dela, eta guk gure lanen ostean egiten ditugula ekarpenak, kasu askotan azken unean bidalitako dokumentuekin”.
Alderdi laudioarreko bozeramaileak ziurtatu zuen hainbat proposamen jarri zituztela mahai gainean, eta garrantzitsuena nabarmendu zuen: Laudioko “proiektu izar” bat aurkeztea Europako Funtsetatik etorriko ziren diru-laguntzetara.
Baina udal gobernuak ez die proposamen horiei kasurik egin, Barriosen arabera. “Zuin aldizkarian izan genuen aurrekontuen berri”.
EH Bilduren adierazpenak
EH Bilduk ere adostasun faltan jarri zuen fokua. “Oso erraza da aurrekontuak 9 botorekin onartzea, ez dago ahaleginik hor”, azaldu zuen Santi Hernando zinegotziak. Bere ustez, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak “dokumentu burokratiko-tekniko bat” baino ez dira, “legea gainditzeko egin eta gero hamaika aldiz aldatuko dena”.
Gauza gehiago ere leporatu zizkien Hernandok udal gobernuko kideei: “Zenbakien dokumentua azaroaren 5ean itxi zenuten, jada Zuin aldizkaria eginda zegoenean. Oso zuen estiloko jokabidea. Iaz antzeko kontu bat egin zenuten, aurrekontua onartu zenerako informazio guztia jada etxeetako postontzietan zegoen, propaganda kabinetea jo eta ke dabilenaren seinale”.
Horren aurrean, EH Bilduko ordezkariak azaldu zuen bere taldeak hainbat proposamen egin dituela, hiru ardatzetan banatuta: “laudioarren osasuna, enplegua eta kalitatezko gizarte politikak”.
Inbertsioen gaiari martxoan helduko diotela aurreratu zuen Ander Añibarro alkateak
EAJren erantzuna
Oposizioaren kritikei erantzun zien Eva Marquinez Blancok bere bigarren hitzartzean. “Badakizue zuen ekarpenak kontuan hartzen ditugula, beti iruditu zait koherenteak direla, diru-sarrerak ere kontuan hartzen dituzuelako”, aitortu zion zinegotzi jeltzaleak Omniari.
Hala ere, udal gobernuko ordezkariak nabarmendu zuen ekarpenak ez zirela zegokion unean egin. “Ekarpenak egiteko batzordea dudak argitzeko batzorde bihurtu zen. Uste dut zalantza guztiak argitu zirela, eta ekarpenak eskatu genituen jarraian, batzordea horretarako zelako. Omniak hainbat ekarpen egin zituen, baina EH Bilduk esan zuen oraindik ez zuela ekarpenik”.
Marquinezek gogor jo zuen koalizioaren aurka: “Irratian entzun nituen lehenbiziko aldiz EH Bilduren ekarpenak, aurretik ez nuen inolako deirik jaso”. Horrez gain, talde horren proposamenak “neurrigabeak” zirela argudiatu zuen ordezkari jeltzaleak. “2 milioi euro inguruko inbertsioak ziren, baina ez zuten diru hori nondik lortu zehazten. Gainera ideietako asko aurrekontuan sartuta zeuden jada”.
Inbertsioak, martxoan
Ander Añibarrok hartu zuen hitza jarraian, jakinarazteko inbertsioen gaiari martxoan helduko diotela, “altxortegiko soberakina zenbatekoa den zehazten denean”. Alkateak aurreratu zuen talde politikoek ekarpenak egin ahalko dituztela orduan, “hainbat batzordetan”.
PSE-EEren bigarren hitzartzea
Merchanek, bere aldetik, tonua baretu zuen bere bigarren hitzartzean. “Agian gehiegi orokortu dut”, aitortu zion Omniako bozeramaileari, “arazoa izan da oposizioaren ekarpenak ez direla zegokien epe eta forman egin. Udalbatzan formaz hitz egin dugu atzean dagoenaz baino gehiago. Zergatik? Denok dakigulako aurrekontu hauek eman dezaketena ematen dutela”.
Aurrekontuen helburua "herritarrak asetzea" dela nabarmendu zuen Udal Gobernu Taldeak, "ez oposizioa pozik uztea"
Omniaren bigarren txanda
Alvaro Barriosek tonua baretu izana eskertu zion Merchani, eta eskerrak eman zizkion baita Eva Maquinezi eginiko aitortzagatik. Hala ere, ordura arte plazaratutako ideiak azpimarratu zituen Barriosek: Arrakasta ez datza aurrekontuak gehiengo absolutuarekin onartzean.
EH Bilduren azken adierazpenak
EH Bilduk argudio berri bat jarri zuen mahai gainean bere bigarren txandan. Santi Hernandok gogora ekarri zuen aurreko legealdian EAJ eta EH Bilduren artean eginiko akordioa. “Aurrekontuak 10 botorekin onartzera iritsi ginen”, nabarmendu zuen, “oraingoan, aldiz, ez duzue horretarako ahaleginik egin”.
“Arrakastaren gakoa”
Ander Larrinaga jeltzalea izan zen plenoan hitza hartzen azkena. “Aurrekontuen arrakasta ez datza duen babes kopuruan, helburua -herritarren bizi kalitatea hobetzea- betetzeko duen gaitasunean baizik. Nik ere uste nuen adostasuna lortzera iritsi gintezkeela EH Bildurekin, baina badirudi zuen kabinetea ere titularraren bila aritu zela, eta behin hori lortuta, ez zegoela ez gogo ez borondaterik”.
Horren aurrean, aurrekontuen helburu nagusia zein zen argitu zuen udal gobernuko kideak: “herria esnatzea eta gobernu aldaketa kalean nabaritzea”.