Ausarten kluba abestia plazaratu du Yogurinha Borovak Creanauta diskoetxearekin. Eskola jazarpenaren gaia landu du artista laudioarrak sorkuntza berri horretan. Bere hitzetan, umeekin lantzeko moduko abestia da: “Jazarpenik gabeko eskola nahi dugu. Ez dugu lagun batek ere minik jasatea onartuko, ez gara horren lekuko izango, ez gara koldarrak. Lagun guztiak babestu eta tratu onak bultzatuko ditugu. Ausartak gara!".
Horretarako, Borovak ahotsa jarri die Mikel Inun musikariak sortutako melodiari eta Bihotz Gorospek sortutako letrari. Bere azken abestietan ohikoak bilakatu diren elektronika doinu eta reggaetoi erritmoetatik aldendu da artista laudioarra, ia erabat akustikoa den kanta bat plazaratzeko.
Hau ez da laudioarrak elkarbizitza sustatzeko asmoz ekoiztu duen euskarazko lehen abestia. Eraso sexistarik ez eta Sentipenak askatu kantak ere antzeko gaiak jorratzen dituzte:
Honakoa ez da Yogurinha Borovak aurten plazaratuko duen azken sorkuntza lana. Hibai Etxebarria musikari gernikarraren Goxokiak diskoan ere parte hartu du, ehun artista baino gehiagorekin batera.