Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako diru-laguntzak murriztu dituztela salatu du EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 26a, 08:00

Laudion azaroaren 25a dela eta eginiko elkarretaratze baten irudia. / Aiaraldea.eus

Udalak argudiatu du benetan erabiltzen den dirua gutxiago delako murriztu dela partida, eta ziurtatu du handituko egingo duela, behar izatekotan. 

Prentsa oharra plazaratu du Laudioko EH Bilduk udalak indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako diru-laguntzak erdira murriztu dituela salatzeko.

Opozisioko talde politikoak nabarmendu du erakundeek “erantzunkizun berezia” dutela “orden sozial patriarkala” aldatzeko prozesuan. “Ez dugu promesarik nahi baizik eta
ekimenak, mugimendua ibiltzen erakusten baita”, nabarmendu du Nagore Gomarak. 

COVID-19aren pandemiak egoera are gehiago larrigotu duela gaineratu du zinegotziak. “Konfinamenduak, mugimendu-murrizketek eta harreman-mugek agerian utzi dituzte indarkeria matxista mota desberdinei aurre egiten ari diren emakumeen egoera oso ahulak”. 

Gauzak hala, EH Bilduko bozeramaileak gogor kritikatu du aurrekontua murrizteko erabakia, eta argitu du hori dela aurtengo azaroaren 25ean Adierazpen Instituzional bateratu bat ez egotearen arrazoia. “Gainditu ezin diren marra gorri batzuk daude, eta berdintasun politiketan murrizketak ezartzea, horietako bat da”. 

Udalaren erantzuna

Udalak ere oharra plazaratu du. EH Bildu zuzenean aipatzen ez duen arren, opozisioko talde horrek eginiko adierazpenak gezurtatu ditu tokiko erakundeak. Aitortu egin du datorren urteko aurrekontuetan 10.000 euro bideratu dituztela indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei laguntzera, aurten eta iaz 20.000 euro bideratu ziren bitartean. 

Baina udal gobernuko kideek argitu dute aurten eta iaz 10.000 euro baino gutxiago gastatu zirela laguntzetan: “2019an 20.000 euro bideratu ziren, eta horietatik 1.968,76 euro soilik erabili ziren martxoan eta apirilean emakume bati laguntzeko. 2020an ere 20.000 euro bideratu ziren, eta horietatik 2.972 euro erabili ziren apirilean, maiatzean, ekainean eta uztailean. Zenbateko horri esker, bi emakumeri lagundu ahal izan zitzaien”. 

Horregatik, diru-laguntzak “bermatuta” daudela ziurtatu du tokiko erakundeak, eta gaineratu du aurrekontuak “tresna bizia” direla, “herritarren beharretara” egokitzen direnak. Horren adibide bezala jarri du aurten egin dutena: 50.000 euro gehiago bideratu dituzte diru-laguntza horietara, “COVID-19ren pandemiaren ondoriozko osasun-krisiaren ondorioz, beharrezkoak izan zitezkeela aurreikusita".

Gobernu taldeak ziurtatu du ez dela emakumerik geratuko laguntza gabe, eta horretarako dirua “uneoro” bermatuko dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide