Udalak kamioietako aparkalekuko tasa bikoiztu egin duela salatu dute garraiolariek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 28a, 07:00
101 plaza daude Arantzarreko kamioien aparkalekuan. / Aiaraldea.eus

Salatu dutenez, hileko 68,36 eurokoa izatetik 145 eurokoa izatera igaro da tasa. Udalak argudiatu du garraiolariek euren gain hartu behar dutela aparkalekuaren kostu osoa, bestela herritarrek zergen bidez ordaindu beharko dutelako. 

Hautsak harrotu ditu Arantzarreko kamioien aparkalekuko tasa igoerak. Garraiolariek salatu dute hemendik aurrera bikoitza baino gehiago ordaindu beharko dutela, hileko 68, 36 euro ordaintzetik 145 euro ordaintzera igaro delako tasa. “Laudiokoak garenok hobaria dugu, baina hobari horrekin ere orain arteko bikoitza ordainduko genuke”, salatu du Jon Gonzalezek.

Aparkalekuko garraiolarien bozeramaileak salatu du udalak ez diela igoeraz abisatu. “Estatutuek diote egiten den aldaketa oro erabiltzaile guztiei azaldu behar zaiela, baina ez digute ezer aipatu, albiste baten bidez izan genuen horren berri”. 

Zerbitzuaren gabeziak

Zerbitzuaren gabeziak ere nabarmendu ditu Gonzalezek. “Zinpeko zaintzale bakarra dago, gainontzekoak laguntzaileak dira, eta ez dute espazioa zaintzeko azpiegitura egokirik”, azaldu du, “gainontzeko aparkalekuek gutxiengo zerbitzuak dituzte, dutxa duinak, esertzeko tokiak...”. Segurtasuna kolokan dagoela gehitu du garraiolari laudioarrak: “hesiak kolpeak jaso ditu eta ez dute konpondu, eta guk balio handiko merkantziak daramatzagu. Udal gobernuari esan diegu gurekin asanblada bat egiteko. Egunez ez da zaintzarik behar, hesi egoki bat, txartel bidezko sarbidea eta segurtasun kamerak baldin badaude”. 

Horrez gain, Aiarako Kuadrillaren plataforma batzuek espazioa okupatzen dutela gehitu du Gonzalezek.

Udalaren erantzuna

Udalak irailean eman zituen prezioaren igoeraren inguruko azalpena, datorren urterako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu zuenean. Aparkalekuaren kostua erabiltzaileek osorik ordaintzea defendatu zuen udal gobernuak, bestela herritar guztiak izango liratekeelako kostu hori ordaindu beharko luketenak, zergen bidez. Gainera, aparkalekuko erabiltzaile asko herrian erroldatuak ez daudela gaineratu zuen tokiko erakundeak. 

Horren aurrean, honakoa erantzun du Gonzalezek: “Beti berdinak gara ordaintzen dugunak, eta ezin da horrela izan”. COVID-19ak garraiolarien sektorea gogor kolpatu duela azaldu du laudioarrak:  “Guk ere kolpea jaso dugu, esportazio eta inportazioan aritzen baikara. %40 gutxiago fakturatzen ari gara, eta ez da onaragarria mota honetako igoera bat bapatean jasotzea”.

Ehundik gora erabiltzaile

Une honetan 101 plaza ditu aparkalekuak, eta denak daude okupatuta. “Ferietan aritzen diren pertsonen azpiegiturak ere daude, udan soilik erabiltzen direlako. Aurtengo urtea oso gogorra izan da eurentzat eta horietako batzuk ez dute tasa ordaintzerik izan”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide