35 urte bete ditu aurten Laudioko Larra Bustingintza elkarteak. “Taldea 1985. urtean hasi zen ofizialki”, azaldu du elkarteko kidea den Karmelo Serranok, “baina urte batzuk lehenagotik zegoen proiektua abian, Latiorroko lokal batean, 1980. urtean gutxi gora behera. Zeramikan eta artean orokorrean interesa zuten pertsona batzuk batu ziren. Kultur Etxea ireki zenean bertara mugitu ziren, elkartea sortuta”.
“Eskola tailer” formatua sustatu zuten hasieratik, Serranok oroitu duenez. “Taldearen filosofia beti izan da ikastaroak egitea, harrobia eratzeko eta gero interesa dutenak elkarteko bazkide egiteko, azpiegitura edozein ordutegitan erabili ahal izateko”.
20-30 bazkide zeuden hasieran, “batzuk joan eta beste batzuk etorri dira. Ikastaroak egin ditugu urtero eta horietan aritutakoetako batzuk elkartera batu dira gero”. Serranok nabarmendu du elkartea ez dela Kultur etxean tailerrak eskaintzera mugatu. “Makina bat feria eta erakusketean egon gara, beste herri batzuetan”.
Bi urte etenda
2017. urtean eten behar izan zuten Larra Bustingintzaren jarduna, eta berriz martxan jartzeko saiakeretan dabiltza orduz geroztik. Azpiegituretan dago arazoa, Serranok azaldu zuenez: “Labe berria jarri behar genuen 2018. urtean, baina lokalaren egiturak ez zuen hori ahalbidetzen ez zirelako horretako baldintzak betetzen. Kultur etxeko obrak ere hastear zeudenez, ez zeukan zentzu handirik labea hor jartzeak”. Udalarekin bildu nahi dute tailerra tokiz aldatu eta, modu horretan, labea arazorik gabe jarri ahal izateko. “Beheko solairura mugituko gara seguraski, askoz irisgarriagoa delako”.
Omenaldia
Cosecha 48 elkarteak omenaldia egingo dio Larra Bustigintzari, 35 urteetan zehar eginiko lana aitortzeko. Abenduaren 17an egingo dute ekitaldia, Herriko plazako erabilera anitzeko udal aretoan. Serranok jasoko du diploma, elkartetik igaro diren pertsona guztien izenean. “Proiektua biziberritzeko eta propaganda apur bat egiteko baliatu nahi dute omenaldia, ea laster berriz martxa hartzerik dugun”.