Hainbat tokitan bizi izan zara. Nola amaitu duzu Laudion?
Nire bikotekidea Laudiokoa da. Frantzian bizi izan gara, baina beti bilatu nahi izan dugu Bilbo eta Bordeaux arteko toki bat bizitzeko. Apurka apurka hurbildu gara, hemen amaitu arte. Ni Frantziako hainbat tokitan bizi izan naiz, baita irletan ere, lan kontuengatik.
Dena den, Laudio aspalditik ezagutzen duzu, ez?
Bai. Laudioko jaietara etorri naiz txikitatik. Nire aitona Baranbiokoa zen. Bere aita Frantziara joan zen seme-alabekin Guda Zibilean. Gauzak lasaitu zirenean hona itzuli ziren, oraindik ezkonduta ez zeuden seme-alabekin. Nire amak 40 lehengusu ditu Pirinioetako bi aldeetan. Harreman handia daukagu hemen bizi diren lehengusu batzuekin. Gauzak hala, uda asko igaro ditut hemen, lehengusina baten lehengusinaren etxean, eta bera ere nire herriko jaietara etortzen zen gero. Ondo ezagutzen ditut Laudioko jaiak. Gero ere etorri izan naiz asteburu batzuetan edo oporretan, nire bikotekidearekin.
"Laudio da ezagutu dudan toki baketsuenetako bat"
Zer ezberdintasun nabaritu dituzu Laudio eta Frantzia artean?
Komunitate izaera handia dago Laudion. Dena babestua dagoenaren inpresioa ematen dit. Hemen bizitzen oso probablea da nire alabak betirako koadrila bat izatea, oso probablea da baita ere ni hemen geratzen banaiz ostegunero pintxopotean joatea... Badaude hemen gertatzen diren gauza batzuk beste toki batzuetan ez direnak horren ohikoak.
Ni Laudio baino herri txikiago batean bizi izan naiz, baina Frantziako ipar-ekialdeko, Pariseko, jende asko joan da bertara bizitzera, eta komunitate izaera hori ez da horrenbeste mantendu. Laudioko jendea hemen geratzen da edo joaten da, denek itzultzen amaitzen dute, sustraiak hemen geratzen direlako. Egonkortasun emozional handia sortzen du horrek, altxor bat da.
Segurtasunean ere badago aldea. Hemen ume eta guraso andana ikusten duzu plaza eta kaleetan, kriminalitate asko gutxiago dagoenaren seinale. Laudio da ezagutu dudan toki baketsuenetako bat. Nire herriko jaietan hemengoetan baino askoz biolentzia gehiago sumatu zitekeen, adibidez. Hemen jendea mozkor ikusi dut, baina ez dut borrokarik inoiz ikusi.
"Emagina naiz, eta erditzen dauden emakumeek euren ama hizkuntza hitz egiteko beharra dute. Horregatik nago euskara ikasten"
Gainera, lan publiko bat izateko euskara jakin behar duzu. Hori da norbere kultura zaintzea. Frantzian dena askoz zentralizatuago dago Parisen, eta herriak eta komunitateak diluitu egiten ditu horrek, Paris Frantziako gainerako zonaldeekiko ordezkagarria ez den arren.
Euskara ikasten zabiltza. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Ia bi urte egon naiz Katalunian bizitzen, eta bertan katalana zegoen. Asko nekatzen du giro batean egon eta hizkuntza ez ulertzeak. Katalanak badu antzekotasun ugari gaztelera eta frantsesarekin, eta azkenean gauza batzuk ulertzen dituzu, hizkuntza ikas ez arren. Euskara, aldiz, ikasi behar duzu ulertzeko. Katalunian gauzak ulertzen hastea, hona etorri eta berriro ezer ez ulertzea atzerapauso bat iruditzen zitzaidan.
Euskara ikasteko beste arrazoi bat da nire alaba hitz egiten hasi dela eta ez dakidala zer esaten ari den. Horrez gain, emagina naiz, eta erditzen dauden emakumeek euren ama hizkuntza hitz egiteko beharra dute. Ez dut nahi emakume batek euskaraz hitz egiteko beharra izatea eta nik beharrizan hori bete ezin izatea.