Kirol eta kultura arloan ekarpena egin duten Laudioko eragile eta norbanakoei aitortza egitea du helburu Altzarrate Peñak urtero antolatutako sari banaketak. Aurtengoa V. edizioa dute, eta antolatzaileek saridun bakarra egotea erabaki dute: Laudioko herria.
Pandemia egoerak munduko bizitza kulturala, soziala eta kirol esparrukoa kolpatu dituela azaldu dute Altzarrateko kideek: “Horrek udalerri bezala galduak genituen balio batzuk berreskuratzera eraman gaitu”.
“Laudioko herriari bere osotasunean” aitortza egin nahi diote aurtengo ekitaldian. Horregatik, sari bakarrean bildu dituzte kategoria guztiak.
Sari banaketa, abenduaren 18an
Ostiralean egingo dute ekimena udaletxeko udalbatza aretoan, 18:00etan. Alkateari emango diote saria “laudioar guztien ordezkari bezala”, aurreratu dutenez.