Kultur sorkuntza Aiaraldean

Nerea Iglesiasen 'Mariage d'amour' filma laburra, ikusgai

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abe. 14a, 16:00

Artista laudioarrak Galdakaon taularatuko du ostegunean bere azken lanaren oholtzako bertsioa, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da. 

Interneten plazaratu dute Nerea Iglesiasen Mariage d'amour filma laburra. Artista laudioarra aktore lanak egin ditu dokumental formatuko ikus-entzunezkoan, Xabi Madinarekin batera. Horrez gain, soinu banda konposatzeaz ere arduratu da. 

“Inklusioaren indarra” du hizpide pelikulak, Maite Agirre zuzendariaren hitzetan. Iglesias eta Madinak egiten duten kale-antzerkia da lanaren ardatza, eta  Kirats TeatroA Repelenteko hainbat kide ere azaltzen dira. Modu horretan, hainbat galdera plazaratzen ditu dokumentalak, Agirreren hitzetan: “Zenbat gauzak urruntzen gaituzte? Zeinek elkar gaitzake? Egin al dezakete bat egoera psikofisiko desberdineko bi pertsonaren errealitateek?”. 

Filma hemen ikusi daiteke osorik, euskarazko, erderazko zein ingelesezko azpi-idatziekin. 

“Harrera ederra”

Pelikulak “harrera ederra” izan duela nabarmendu du Iglesiasek. “Pertsona asko interesatu dira atzean egon den sorkuntza-prozesuaz, eta detaileak zein kuriositateak jakiteko nahia plazaratu dute. Orokorrean, emozioa piztu du jendearengan”. 

Iñigo Martinez izan da pelikula ikusi duen pertsonetako bat, eta asko gustatu zaio. “Aniztasunaren begiradatik sortuta dauden gauzak estimulatzen naute, nire lan esparrua delako. Gainera, zu, Xabi, Lorea... ikusterakoan pozten naiz”, aipatu dio aktore eta dantzari laudioarrak Iglesiasi, “gaiari dagokionez, zuen ezkontza eta maitasun-istorioa asko gustatu zait. Zuri dinamizatzaile ikusten zaitut eta horrela, freskotasuna eta mugimendua ematen diozu lanari, beharrezkoa izaten dena gutxiago mugitzen diren gorputzen artean. Baita melodikak mugimendua ematen dio ere eta orokorrean, oso zapore ona utzi dit. Hala ere, gehiagotan ikusi beharko nuke sakontzen jarraitzeko”.

Gertuko beste lagun batek emandako iritzia ere nabarmendu du Iglesiasek. Lagun horren arabera, filma ez da “lan komertziala”, eta horrek gertutasuna sortzen du. 

Horrez gain, filma ikusi eta iritzia emateko gonbita luzatu du Iglesiasek: “Jendeari gonbita luzatzen diogu bere iritzia plazaratzeko YouTubeko kanalean, edota herrian aurrez aurre topatzen garenean. Asko interesatzen zaizkigu jendearen iritzia eta gure lanetik jasotzen diren sentsazioak eta pertzepzioak”. 

Emanaldia ostegunean

Iragan ostegunean estreinatu zuten kale-antzerkiaren oholtzako bertsioa, Donostian. Ostegun honetan -abenduak 17-, aldiz, Galdakaon eskainiko dute,  Torrezabal kultur etxean, 19:00etan.  Sormene egitarauren barruko emanaldia izango da, eta streaming bidez jarraitu ahalko da hemen. 

Aurrera begira

Iglesias pozik azaldu da orain arte eginiko ibilbidearekin, eta datorren urterako asmoen berri eman du: “2021ean Aiaraldean zein Euskal Herrian zehar gure lana aurkezteko aukera izatea desiratzen gaude, formatu ezberdinetan; kaleko eta oholtzako bertsioa, zein filma laburra”. 

Musika zein sorkuntza-prozesu orokorrari buruzko solasaldiak eskaintzeari ere ekin dio artista laudioarrak. Tarragonako Unibertsitateko Dones, Música i Paisatge zikloan parte hartu zuen, musika sorkuntzaren inguruan hitz egiteko. “Laster sarean egongo da solasaldi hori”, aurreratu du, “Mariage d'amour izan ditzazkeen aukerak aztertzen gabiltza, gure sorkuntzari jarraitasuna bermatzeko formula egokiak topatzeko asmoz”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide