Euskal Pilota Federazioak antolatuta, Euskal Herriko Elite 4 eta 1/2 txapelketako final-laurdenetako bat ospatuko da larunbat honetan, abenduak 18, Aretako Frontoian. Aurrekoetxea eta Imaz buruz buru arituko dira final-erdietarako txartelaren bila.
Aretako partidak hasiera emango dio norgehiagokari. Bertan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako puntako 8 pilotarik hartuko dute parte. Larunbatean hasi eta otsailaren 12ra arte luzatuko da lehia. Herriarenak Pilota Elkarteak jakinarazi duenez, ahaleginak egingo dituzte txapelketako beste partidaren bat Aretan jokatu dadin.
Osasun neurriek baldintzatutako txapelketa
Pandemia egoerari aurre egiteko hartutako neurriak direla eta, Elite kategoriakoa izango da lehiatuko den txapelketa bakarra, federatutako gainontzeko kirolariek ezin baitituzte partidak jokatu.
Gainera, osasun neurriak jarraituz, Aretako partida publikorik gabe jokatuko da. Norgehiagoka jarraitu nahi duten zaletuek streaming bidez egin ahalko dute, Herriaren Pilota Elkarteko facebook orrialdean.