Mobilizazioak egingo dituzte Laudioko Envases Metalurgicos enpresako langileek “hitzarmen eta lan baldintza duinak” aldarrikatzeko. Hainbat deialdi egin dituzte datozen bi hilabeteetarako. Gaur -abenduak 18- elkarretaratzea egingo dute lantegian, 13:00etatik 14:00etara.
Lanuzteak egitera igaroko dira jarraian: 2 orduz utziko diote lan egiteari txanda bakoitzean abenduaren 21ean eta urtarrilaren 7an eta 11n. Urtarrilaren 18an, aldiz, 24 orduko greba egingo dute.
Arrazoiak
Langile Batzordeko kideek azaldu dute enpresan “belaunaldi aldaketa” eman dela, eta zuzendaritzak egoera baliatu duela behargin berriei lan-baldintza ezberdinak eskaintzeko. “Horregatik, hitzarmen berriaren negoziazioa inflexio puntutzat jo dugu alde ekonomiko hauek konpontzeko, eta baita Aldi Baterako Laneko Enpresa -ABLE- bidezko kontratazioa ere, nagusiki emakume eta aldi baterako kontratuei eragiten diena”.
Hainbat aldarri jarri dituzte mahai gainean:
- Bidezkoa izango den sailkapen profesionalerako sistema arautzea, behin trebakuntza aldiak pasatuta egiten diren lanen aitortza edukitzeko.
- Izoztu egin zuten eta 2013ko abenduaren 31tik aurrera egindako kontratazioei kendu zitzaien aintzinatasun plusa berreskuratzea.
- ABLE bidezko gehienezko kontratazio aldiak arautzea eta aldi-baterako kontratuekin (enpresarenak zein ABLE bidezkoak) zenbait urte daramatzaten langileak finkoak bihurtzea.
Nabarmendu dutenez, enpresaren proposamena ez zaie nahikoa iruditzen, “urte birako soldata-igoera soilik planteatzen duelako eta hobekuntzaren bat ordaindutako lizentziaren batean”.