OIHANE OFOGO ATXA

“Berri Txarraken kontzertuan dena eman ondoren proposatu zidaten taldearen dokumentalean parte hartzea”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abe. 24a, 07:00
"Dardara" dokumentaleko protagonistetako bat da Oihena Ofogo Atxa. / Aiaraldea.eus

OIHANE OFOGO ATXA (LAUDIO, 2000) Berri Txarrak taldearen 'Dardara' dokumentaleko protagonistetako bat da. Datorren urtean estreinatuko dute filma zinema aretoetan. 

Berri Txarrak taldearen Dardara filmeko protagonistetako bat zara, nolatan?

Bi aldiz hurbildu zitzaidan filmeko zuzendaria. Durangon izan zen lehena, Berri Txarraken Beude biraren barruko kontzertuan. Kontzertua amaitu ostean hurbildu zen nigana. Ni grabatzen egon zirela aipatu zidan, dokumentalerako. Zaleak grabatu nahi zituzten, itxura ezberdina duten zaleak. Nik beti dena ematen dut kontzertuetan, eta dokumentalean agertzea ondo iruditzen zitzaidan galdetu zidan. Nik baietz esan nion, kristoren ohorea zen. Beste kontzertuetan ikusiko ginela esan nion, iaz Berri Txarraken 11 kontzertutan egon nintzelako. 

Bigarren aldia Tsunami Xixon jaialdian izan zen. Lagun batekin joan nintzen eta kontzertuaz asko gozatu nuen. Emanaldiaren une batean emakume bat hurbildu zitzaidan kamara batekin eta ni grabatzen hasi zen. Jaialdiko pertsona bat izango zela pentsatu nuen, ez nion kasu handirik egin. Amaitzerakoan berriz hurbildu zen nigana. Durangoko kontzertuko pertsona bera  zen. Esan zidan saio osoa igaro zutela ni grabatzen  eta nirekin hitz egin nahi zutela aipatu zidaten, Berri Txarrak taldeak niretzat zer esan nahi zuen jakiteko. 

Nire Whatsapp zenbakia pasa nien. Laudiora etorri ziren grabatzera, bi aldiz, Lehenengoan ni eta nire familia grabatu gintuzten. Bigarrenean, aldiz, nire lagunekin egon ginen, eta pianoa jotzen ere grabatu ninduten. 

Filmaren trailerrean sartu dute zuk pianoarekin jotzen duzun abestia. 

Bai. Partitura bat eman zidaten pianoan jotzeko, baina grabaketa baino egun bat lehenago. Azterketa garaian nengoen eta tartetxo bat baino ez nuen izan ikasteko. Grabatzera etorri zirenean “lehen begiradan” jo nuen kanta. Pentsatzen nuen partitura nola prestatzen nuen aterako zutela, baina trailerra ikusterakoan konturatu naiz fondoko musika bezala jarri dutela. Lehenago abisatu izan banindute hobeto prestatuko nuke! Abestia kantatzeko ere eskatu zidaten, baina ezetz esan nien (barreak).

Zer moduzkoak izan ziren familiarekin eta lagunekin eginiko grabaketak?

Ondo. Dokumentalaren egileen asmoa zen zale bakoitzak Berri Txarrak nola bizi zuen erakustea. Nire aita eta amarekin grabatu ninduten taldeari buruz hitz egiten, nola eramaten ninduten kontzertuetara... nire aitak, adibidez, Kamerunera familia bisitatzera joan ginenenekoa kontatu zuen.  Berri Txarrakek Kobetamendin eskainitako kontzertua izan zen orduan, eta ezin izan nintzen joan. Gauzak hala, Kameruneko egonaldi osoa igaro nuen Berri Txarrak bozgorailuetatik jartzen, nire lehengusu-lehengusinekin. “Berriz ere Berri Txarrak, nekatuta gaude! Ez zaigu gustatzen”, esaten zidaten. Bertako musika ezberdina da, ez daude rocka entzutera ohituak. 

Berri Txarrak taldearekiko zaletasuna lagunekin edo familiarekin konpartitzen duzu?

Lortu dut batzuei kutsatzea (barreak), nirekin kontzertuetara etorri direlako. Badut lagun bat taldea gogoko duena, eta lagunak egin ditut ere kontzertuetan. Baina nire betiko lagun-taldean ez zaie bereziki gustatzen. Nire amari azkenean ere gustatu izan zaio. Asko entzun du eta bizpahiru kontzertura etorri da, eta oso ondo jotzen dutela aitortu dit. 

Nondik datorkizu talde honekiko zaletasuna?

Musika kontserbatorioko garaietatik datorkit zaletasuna. Nire amak kontatzen du Gatibu taldea entzuten nuela uneoro eta bat-batean Berri Txarrak entzutera pasa nintzela, duela lau urte. Diskoak erosten hasi nintzen, eta letrak irakurtzen, batez ere. Euren musika lehenagotik gustatzen zitzaidan, rocka gogoko dudalako. Baina letrak irakurtzean konturatu nintzen taldea berezia zela. 

Ondoren etorri ziren zuzenekoak. Muse taldearekin batera jo zutenean ikusi nituen lehenbiziko aldiz, San Mamesen. Asko gustatu zitzaidan emanaldia, eta horren ostean iragarri zuten banatuko zirela. Sekulako pena sartu zitzaidan orduan, eta azken kontzertuak aprobetxatu behar nituela ikusi nuen. Sarrerak erosteari ekin nion, Beude birarako batez ere. Oso zaila izan zen. Durangoko kontzertura eta aretoetan eskainiko zituztenetara joan nahi nuen, eta sarrera guztiak aldi berean ateratzen ziren. 

Nire lagun bat joan zen nire partez ilara egitera Kafe Antzokira, eta ni Durangora joan nintzen. Baina hiru ordu itxaroten egon arren ez nuen sarrerarik lortu. Kriston amorrua eman zidan. Sare sozialetatik galdezka hasi nintzen, norbaitek sarreraren bat soberan zuen jakiteko. Hogei pertsonari galdetu nien eta azkenean lortu nuen. Berri Txarraken managerraren etxean zegoen musikari batek sarrera bat utzi zuen nire izenean Plateruenan. Burua galdu nuen orduan. Bakar-bakarrik joan nintzen, eta orduan egin nuen topo dokumentalaren zuzendariarekin. 

Berri Txarraken zein disko, abesti eta letra dituzu gogokoen?

Diskoa argi dut zein: Jaio, musika, hil. Berezia da, asko gogoko ditut bere kanta eta erritmoak. Infrasoinuak diskoa atera zutenean hurbildu nintzen gehien taldera, baina Jaio, musika, hil da, nire ustez, euren diskorik onena. Abesti gogokoena zein dudan? Kanta batzuk bereziagoak bihurtzen dira zuzenekoetan, jendea erotu egiten delako, eta giro berezia sortzen delako. Baina ni bakarrik entzuten nagoenean Oreka abestia dut gogoko, eta baita Zuri ere, letragatik, arrazismoaren gaia jorratzen duelako eta nik gai hori gertutik bizi dudalako. Berri Txarraken abesti guztiek hitz egiten dute gai sozialei buruz. 

Letrak dira, beraz, taldea berezi egiten dutenak?

Hori eta euskaraz abesten dutela. Euren estiloa ere berezia da, beste rock talde batzuena baino melodikoagoa. Berri Txarrak entzuten duzunean beti errekonozitu dezakegu talde hori dela baina, aldi berean, ez dute estilo finkorik. Nik azken diskoak ditut gogokoen. 

Azken kontzertuan egon zinen?

Bai, bietan (barreak). Azken kontzertu horiek baino lehen Madrilen jo zuten. Bertan egon nintzen eta gehiago gustatu zitzaidan, ez zelako melankolia edo tristurarik nabaritzen. Azken bi kontzertuak tristeagoak izan ziren, baina azkenengoan energia gehiago sumatu nuen. 

Durangoko Azokara joan ginenean Gorka Urbizuri galdetu genion ea zein talde entzun genezakeen, Berri Txarrak desegin bazen. Berak erantzun zigun beste edozein talde entzuteko, eurekin ezer amaitzen ez zelako. Berri Txarrakek ateak ireki dizkit beste rock talde asko entzuteko. Liher, adibidez, asko gustatzen zait. Euskal musikarekiko jakin-mina piztu dit Berri Txarrakek. Lehen betiko taldeak entzuten nituen: Gatibu, Vendetta... mundu guztiak entzuten dituenak. Orain, deskubritu dut horren atzean musika talde asko daudela, horren ezagunak ez direnak, eta euren kontzertuetara joateko nahia piztu zait. Orain ezinezkoa da, ez zaidalako kontzertuak eserita ikustea asko gustatzen (barreak), baina pandemia amaitzean, talde berriak deskubritzera joango naiz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide