FELIX MUGURUTZA MONTALBAN

"Laudioko 300 hitz baino gehiago bildu ditugu liburuan, lan xumea da, genekiena batu dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abenduaren 22a

Gaur goizean aurkeztu dute liburua udaletxean. / Aiaraldea.eus

"Laudioko berbak" liburua aurkeztu dute gaur udaletxean, herriko ondarearen lehen bilduma. Felix Mugurutza Montalbanek idatzi du lana. Laudioko familiek -edo etxebizitza unitateek- ale bana jasotzeko aukera izango dute udaletxean.

Laudioko berbak, palabras de Llodio izenburupean gaur aurkeztu dute Laudioko Udalak abiatutako ondare bildumaren lehen alea. Felix Mugurutza Montalbanek zuzendu du egitasmoa, eta "udalerriaren ondare-nortasuna osatzen duen herri-kulturako adierazpen guztiak bildu eta ezagutaraztea" da asmoa. Elebitan dago hitz edo esamoldeari dagokion azalpen oro, eta guztira 300 hitz baino gehiago pilatu dituzte argitalpenean. Laudioko etxebizitza edo familia unitate bakoitzarentzat ale bana gordeko dute, udaletxean egongo dena eskura bihartik aurrera. Sarean ere zintzilikatuko dute liburua, baina 2021eko Dolumin Barikuan (Aste Santuaren aurreko ostiralean, alegia).

"Lan xumea"

Herritarren eta Udalaren laguntzaren uzta da liburua, ikerketa lan zabala baitu atzean. Hala adierazi du Joseba Amondo alkateordeak, "Laudioko liburutegiaren lehen lana izan daitekeena da". Izan ere, urtero herri ondarearen atal bat plazaratzeko asmoa dute. Aurreratu dutenez, 2021eko erronka tokiko kondaira, ohiturak eta kontakizunak pilatzea izango da. "Hau ez da lanaren amaiera, hasiera baizik", azpimarratu dute, "jakintza biltzea da helburua".

2021eko erronka Laudioko kondaira, ohiturak eta kontakizunak pilatzea izango da

Felix Mugurutza Montalbanen hitzetan, transmisiorako bilketa funtsezkoa da, "arbasoek jakintza asko utzi digute, eta galtzen ari gara. 20 urte barru, ziurrenik, ez dira hitz hauek erabiliko". Lekukotzen bidez aletu dute egitasmoa, herritarren parte hartzearekin. "Hitz batzuk  orokorrak dira, baina 300 hitz horien ADNa Laudiokoa da, esanahiagatik. Lan xumea da, genekiena batu dugu".

Tokiko hitzen artean Arraño edota Kutxa aipatu ditu idazleak. "Arraño toponimoa bihurtu da, baina zuhaitzik gabeko larrei esaten zaie, behientzat erabiltzen ziren. Larrarekin konfundituta, Larraño sortu zen". Kutxa, aldiz, mamiari esan izan zaio Gorbeia inguruan, eta Koipetsu urdai erreari.

Azalean garai bateko laudioarren argazkia jarri dute: "Liburu denetan pertsonak jarri nahi ditugu azalean, eurek baitira ondarearen protagonistak". Zehazki, 1915. urteko irudia da, Malkuartuko bizilagunena.

2021ean izango du jarraipena egitasmoak, aurrez esan bezala. "Mitotatik historiara" jauzi egiteko nahia aipatu du Mugurutzak zentzu horretan. "Oxala etorkizunean norbaitek lan hau segitu eta hobetzea", erantsi du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide