Babestutako edukiak

"Online salmentarako ataria sortu dugu, 610 produktu eta zerbitzurekin"

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 5a, 07:00

Klaudio Perez, APILLeko arduraduna. / APILL

KLAUDIO PEREZ BARDECI Laudioko APILL elkarteko kudeatzailea da. Webgunea sortu dute Laudioko denden zerbitzuak eta produktuak online erosteko.

Online denda bat sortu duzue. Zergatik?

Laudioko Udalaren, Apillen eta Rural Kutxaren arteko lankidetza publiko-pribatuko ekimena da. Marketplace hau sortzearen arrazoiak hainbat dira. Sektorea digitalizatzea eta modernizatzea da gure lehentasunetako bat. Jakin badakigu bezeroek gero eta gehiago erabiltzen dutela online merkataritza, eta Laudioko merkataritza-sektoreak hor egon behar du. 

Erosketak erraztea bilatzen duzue, besteak beste.

Tokiko eragiketetarako, erosketa erraztu nahi dugu; seguruagoa egin eta etxean entregatzeko aukerarekin. Horiek guztiak bezeroen eskariak dira, batez ere COVID-19a agertu zenetik.
Merkataritzari, gainera, gure eskualde-ingurunetik kanpo saltzeko aukera ematen dio; izan ere, dagoeneko egiaztatzen ari gara. Saltzeko bide berri bat da, eta gero eta diru-sarrera garrantzitsuagoa izan daiteke. Online salmentarako atari bat da, non udalerriko saltoki guztiak sartzen diren.

"Erosketa erraztu nahi dugu, seguruagoa egin eta etxean entregatzeko aukera emanda"

Zer aurkituko du webgunea bisitatzen duen pertsonak?

Une honetan 610 produktu eta zerbitzu daude bezeroen eskura. Eskaintza handituz joango da, bai argitaratutako erreferentzien kopuruari dagokionez, bai denden aniztasunari dagokionez.
Hauek dira "Zure Laudioko merkataritza gara" -ren ezaugarrietako batzuk:

  • Erabilera erraza eta intuitiboa: plataforman sartuta, produktu guztietarako sarbidea izango duzu.
  • Erosketa arduratsua: Laudioko merkataritzaren bertako eskaintza. Online erosketak zure betiko saltokira, betiko konfiantzarekin.
  • Produktua entregatzeko hainbat aukera: etxean edo dendan. Erosketak jasotzeko modurik erosoena aukeratu dezakezu.
  • Erosketa segurua: etxetik mugitu gabe eta inolako osasun-arriskuren eraginpean jarri gabe.
  • Ordainketa segurua: ST baten bidez, zure txartelarekin dendan bertan ordainduko bezenu bezala.
  • Promozioak plataformaren bidez: saltokiek eskaintzen dituzten promozio edo deskontu guztiak aprobetxatu ditzakezu.

Zein da atari berri honen helburua?

Aspalditik ari gara lanean Laudioko merkataritza-gune irekiaren ereduan, eta lehentasuna establezimendu fisikoa da: bulego bat, taberna bat, saltoki bat... Horiek dira gure herrian bizia sortzen duten bihotzak.

"Bulegoak, tabernak, saltokiak... Horiek dira gure herrian bizia sortzen duten bihotzak. Atari hau beste osagarri bat da: gure merkataritza gune birtuala"

Atari hau beste osagarri bat da; gure merkataritza-gune birtuala. Tresna hau zerbitzu gehigarri berri bat da gure bezero eta bizilagunentzat. Orain erosketak edonondik egiteko eta etxean jasotzeko aukera eskaintzen dizuegu. Jakina, gure saltokiak lehiakorragoak izatea ere nahi dugu saltoki handien aurrean, baita ecommerce eredu berrien aurrean ere, zerbitzu berri horiek eskainita, eremu nazionalean bezeroak erakartzeko eta fidelizatzeko.

Zenbat establezimendu izango dira?

Proiektu bizia da, eta egunetik egunera hobetzen joango da saltokien kopurua. Epe ertain eta luzera pentsatuta dago, gure udalerriko establezimendu guztiei irekita, eta espero dugu establezimendu berriak sartzea. Udalaren eta Rural Kutxaren lankidetzari esker, partaidetza-kostu finkoak zero dira. Saltokiren batek proiektuan interesa badu eta informazio gehiago jaso nahi badu, Apillekin harremanetan jartzea besterik ez du, 94 672 28 01 telefonoaren bidez.

Noiz abiatu zenuten proiektua?

Proiektua abendu honen erdialdean hasi zen 21 saltokirekin, batez ere pertsonaren ekipamendukoak, baina badira beste sektore batzuk ere. Urtarrilean lanean jarraituko dugu online salmenta plataforman saltoki berriak sartzeko.

Apilletik hainbat dinamika plazaratu dituzue tokiko kontsumoa sustatzeko. Zer balorazio egiten duzue?

2020a ezohikoa izan da guztiontzat, kanpainen eta promozioen plangintza aldatzen joan da pandemiaren bilakaeraren arabera. Elkarteak hainbat ekimen abiarazi ditu, batez ere sektoreari laguntzea, Laudioko establezimenduetan segurtasuna hobetzea eta tokiko kontsumoa sustatzea ardatz hartuta: gure eskaintza sustatzea sare sozialetako bideoen bidez, Irekiera Aurreko Bonuak, Erosketetarako karrusela...

Egia esan, auzokideek ezin hobeto erantzun dute eta inoiz baino gehiago babestu dute tokiko kontsumoa. Beraiek dira ibilaldi korapilatsu hau eramangarriago egiten dutenak.

"COVID-19a aparteko ezustekoa izaten ari da negozio eta familia askoren ekonomiarentzat. Berriz eskertu behar da bizilagunen babesa, tokiko kontsumoan murgildu baitira"

Zein da sektorearen egoera?

Egoera, oro har, oso zaila da. COVID-19a aparteko ezustekoa izaten ari da negozio eta familia askoren ekonomiarentzat.

Ziurgabetasuna, araudietan gertatzen ari diren etengabeko aldaketak, laguntza jakin batzuk kobratzeko atzerapenak... Sektore batzuk, ostalaritzarena kasu, oso gaizki pasatzen ari dira.

Alde positiboari dagokionez, berriz ere eskertu behar dugu gure bizilagunen babesa, inoiz baino gehiago murgildu baitira  tokiko kontsumoan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide