Entrenamenduei berrekin die Laudioko Lautxirrinka taldeak. Aldai Plazako kirol zelaian hasi zituzten atzo lan-saioak. Horrekin batera, kirol ekipamendu berria ere estreinatu zuten. LABI aholkularitza batzordeak urtarrilaren 13an plazaratutako neurri berriek eskola-kirola baimendu dute, eta lanari ekin diote klubeko partaideek.
Martxoan, COVID-19 birusak eragindako pandemiak zeharo gelditu zuen irristaketa klubaren jarduna, eta irailean entrenamenduak hasi behar zirenean eskola kirola etenda aurkitu zuten Lautxirrinkako kideek. Entrenatzeko espazio bila ibili dira irailetik gaur arte.
Ohikoan, Gardeako kirol-gunean egiten ditu entrenamendu saioak Lautxirrinka elkarteak, baina bertako tenis pistako obrek ezinezko egin dute azpiegitura erabiltzea. Laudioko Institutuko frontoian galarazi izan diete entrenatzea, Eusko Jaurlaritzak ez baitu eskolaz kanpoko jarduerak eskola eremuan praktikatzea baimentzen.