HODEI ATXA

“Ekaitzak jarraitzea eta filmatzea oso kitzikagarria da, baina badu arrisku puntu handi bat ere”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 23a, 07:00

Metereologia du Hodei Atxak zaletasun. / Aiaraldea.eus

Metereorologia da HODEI ATXAren (Laudio, 2000)  pasioa eta muturreko fenomeno atmosferikoak ditu gustukoen. Zaletasunak eguraldiaren gaineko datuak egunero jasotzera eta interpretatzera eraman du, bai eta jakintza hori Twitter bidez zabaltzera ere.

Nondik datorkizu meteorologiarekiko zaletasuna?

Txikitatik oso gustuko izan ditut elurra eta ekaitzak. Nagusitu ahala, hauen inguruan geroz eta gehiago ikasten hasi nintzen. Hasieran Euskalmeten datuak begiratzen nituen egunero, eta apurka-apurka  meteorologiako afizionatuen komunitate oso batekin egin nuen topo.

Meteorologia afizioak asko du mapak ikustetik eta hauek interpretatzen ikastetik, baina garrantzitsua da baita ere beste aditu batzuekin iritziak elkarbanatzea. Informazio horrekin guztiarekin eguraldiaren aldaketak aurreikusi ditzakegu; ekaitz bat non lehertuko den, adibidez.

Nola definituko zenuke Aiaraldea klimatologikoki?

Nik muturreko klimatologia dut gustukoen, ekaitzak eta elur jasa handiak batez ere. Zentzu horretan, Aiaraldea pixkat aspergarria suertatzen zait. Kostaldea gertu daukagu eta inguruko mendiek ipar-mendebaldetik datozen haizeak biltzen dituzte. Hodei ugari metatzen dira baina ekaitzen aktibitatea baxuagoa da hemen. Hodeiek tenperatura leunagoak izatea eragiten dute: Gipuzkoan -3 gradutan dauden bitartean, Aiaraldean 4 gradutan egon gaitezke.

Badira gertaera meteorologiko interesgarriak eskualdean, Urduñako laino-opila, adibidez. 

Oso puztuta dagoen fenomenoa da, munduan horrelako besterik ez dagoela esaten da, baina ez da egia; uste duguna baino ohikoagoa da. Horrek ez du kentzen gertaera ikusgarria izatea. Antizikloi egunetan sortzen da. Haize hotzak beroak baino pisu gehiago dauka. Ondorioz, Losa haranean metatutako haize hotza Gorobel mendilerroan behera erortzen da eguzkiak berotutako Urduñako bailarara, ur-jauzi bat bezala. Kantabriar mendilerroan, Arabar Errioxan, antzeko zerbait gertatzen da ere. Oso polita da.

Urte hauetan ikusi duzun fenomeno meteorologiko bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

‘Leherketa heze’ bat, downburst ingelesez. Hemen bertan, Laudion gertatu zen, 2018ko uztailean. Ekaitz hodeietatik, kumulonibotik, haizea abiadura handian jaisten da eta lurrera iristean haize bolada eta euri jasa oso handiak eragiten ditu, baita kazkabarra ere. Tornado bat baino kaltegarriagoa izan daiteke. 

Gogoan dut Laudion gertatu zenean leihotik ez zela ezer ikusten; hain zen indartsua euri jasa, dena zuri geratu zela. Filmatuta daukat.

Aldaketa klimatikoaren eraginak ere aurreikusi daitezke azterketa meteorologikoa eginda?

Bai. Tenperaturen igoeraz hitz egiten da, baina, horrez gain, bestelako fenomeno meteorologikoak ere areagotuko dira aldaketa klimatikoaren ondorioz. Esaterako, askoz ekaitz gehiago gertatuko dira gurean, eta euri jasak bortitzagoak izango dira.

Nola biltzen dituzu datu meteorologikoak?

Plubiometroa eta termometroa jarri berri ditut etxean, Ugarten. Orain arte Gardeako eta Aretako estazio meteorologikoak jasotako datuak baliatu ditut, baina datuak aldatu egiten dira herriko toki batetik bestera. Ugarten, esaterako, gehienezko tenperaturak Gardeakoak baino bi gradu altuagoak izaten dira. Gutxienekoak, aldiz, gradu bat baxuagoak. Orain auzoan bertan datuak bildu ahalko ditut egunero eta hauen jarraipena egin; eta, prezipitazioetan errekor bat aurkituz gero, Twitterrean sareratu, meteorologian ari direnen komunitateak horren berri izan dezan.

Twitter kontua ezinbesteko tresna duzu?

Bai, erabat. Ikasteko erabili dudan tresna izan da, bai eta meteorologia munduan dabilen jendea ezagutzeko ere. Horretaz gain, argazkiak sareratzeko erabiltzen dut.Komunitate handia da meteorologia zaletuena baina oso sakabanatuta gaude, inguruan ez dut beste inor ezagutzen.

Ekaitzei argazkiak ateratzea ere gogoko duzu.

Oso gogoko dut ekaitzei argazkiak ateratzea baita hauek filmatzea ere. Kitzikagarria eta arriskutsua da. Radar bat erabiltzen dugu hauen noranzkoa jarraitzeko, ekaitzak ‘ehizatu’ egiten ditugu. Udan Arabako Lautadan izan ginen hori egiten. Oso kitzikagarria da baina badu arrisku puntu bat ere. Ekaitz baten atzetik zaudenean zugandik oso gertu jotzen dute lurra tximistek, baina izugarria da ikustea kameran bat harrapatu duzula. Ikaragarria izan zen Olazti inguruan bizitakoa.  Arabako Lautada eta Nafarroa oso leku aproposak dira ekaitzak sortzeko, nire eskualde meteorologiko kuttunenak dira.

Modu profesionalean garatu nahiko zenuke zaletasuna?

Ez diot buelta askorik eman, baina bai, nahiko nuke meteorologiarekin erlazionatutako zerbait ikasi. ‘Ekaitz-ehiztari’ izan nahiko nuke ere, orain egiten dudana modu profesionalean egiteko, ekaitzei argazkiak atera eta horiek saldu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide