Laudioko gazte bat zauritu zen atzo Arrigorriagan, herri horretako adin txikiko batek labana sartu ziolako sabelaldean. 18:30ak aldera jazo zen gertaera, Urgoiti pasealekua kalean, eliza inguruan. Bi herrietako kuadrillen arteko eztabaida batean gertatu zen erasoa.
Geuria hedabideak eman du gertatutakoaren berri. Ertzaintzak, bere aldetik, prentsa oharra kaleratu du gertatutakoa azaltzeko. Poliziak 17:45ean jaso zuen pasealekuan gertatzen ari zen borrokaren gaineko abisua, herritar baten partetik. Udaltzainak eta ertzainak bertaratu ziren. Lehenengoak zauritua artatzen hasi ziren, larrialdi zerbitzuak iritsi bitartean. Bigarrenak, aldiz, erasotzailea bilatzeari ekin zioten, alde egin zuelako. Bidean topatu zuten arma: 15 zentimeroko labana.
Herritarrek laguntzari esker topatu zuten adin txikiko gaztea, etxebizitza bateko ganbaran. Honek erasoa egin zuela aitortu zuen, eta atxilotu zuten. Adin txikikoen fiskaltza abisatu zuten eta gaur geratu da epailearen esku.
Laudioko gaztea, larriki zauritua
Ertzaintzak jakinarazi du Laudioko gaztea larri dagoela. Gurutzetako ospitalera eraman zuten eta ebakuntza egin behar izan zioten.