NABAR LARRAKOETXEA

“Boliviara etortzean egin nuen lehen gauza frontoi bat bilatzea izan zen”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 24a, 19:35
Pilota elkarte bateko kide egin zen Nabar Larrakoetxea Boliviara iritsi eta gutxira. / N.L.

NABAR LARRAKOETXEA (Laudio, 1975) Boliviara joan da bizitzera, baina ez du bere zaletasun nagusietako bat -pilota- albo batera utzi. 

Zerk eraman zaitu Bolivian bizitzera?

Maitasunak ekarri nau Boliviara. 2019an neska bat ezagutu nuen Hugo Chavezen inguruko hitzaldi batean. Elkar ezagutzen hasi ginen eta Boliviara etortzea erabaki genuen.
Aurretik ere egona nintzen herrialde honetan, Askapena erakundearen bitartez.2018an Euskal Herriko lau lagun brigadista etorri ginen. Oraingo honetan, ordea, egonaldia luzeagoa izango da, ez baitut oraingoz bueltatzeko asmorik.

Nolakoa da egunerokotasuna Boliviako kaleetan?

Jendea egunez egun bizi da, bizitza aurrera ateratzeko. Boliviar askok eta askok ez dute soldatapeko lanik; goizean esnatzerakoan eguna nola igaroko duten asmatu beharra dute. Euskal Herrian oso desberdina da, ohituak gaude 8 orduko lanaldi bat egin eta etxera bueltatzera, kitto. Hemen, bizirautea da eguneroko gakoa.

Nola eragin du COVID-19aren pandemiak eguneroko bizitza horretan?

Pandemiak baino goseak hilko lituzke hemengo asko lehendabizi. Pobrezia maila oso altua da. Jendea ezin da gobernuaren prebentzio neurrien zain geratu, kalera irten eta egun horretako janaria ordaintzeko dirua eskuratu behar du nola edo ahala.

"Pandemiak baino goseak hilko lituzke hemengo asko lehendabizi. Pobrezia maila oso altua da"

Egoera politikoa ere nahiko bizia izaten ari da Bolivian.

Nik esango nuke, estatu kolpea gertatu zenean MAS alderdia oso ahulduta eta kakaztuta zegoela hainbat ustelkeria kasu zirela eta. Añezen kudeaketa, ordea, oso okerra izan zen. Horren ondorioz MAS alderdia sekula bozkatuko ez luketen askok hauen alde egin zuten azken hauteskundeetan.

Oposizioa iruzurraz mintzo da, baina alderdi bakar batek bozen %54 lortu du, eztabaidaezina da MAS alderdiaren garaipena. Orain lehendakari berria nola moldatzen den ikusi beharko dugu.

Zer nolako etorkizun politikoa du Boliviak aurretik?

Martxoan departamentuetako eta alkatetzetarako hauteskundeak ospatuko dira. Hori izango da MASen benetako termometroa, eta ez du batere erraza izango.
Ni La Paz hirian bizi naiz, eta hemen irabaztea oso zaila da, historikoki horrela izan da. MASek, aldiz, oso hautagai ona aurkeztu du, oso ezaguna da. Evo Morales gobernuan zenean La Pazeko teleferikoa proposatu, diseinatu eta garatu zuen pertsona da alkategaia. Teleferikoa hiriko garraiobiderik estimatuena da, oso gogoko dute hiritarrek; horrek aukera bat zabaldu dezake.

Pilota oso gustuko duzu zuk, nola daramazu zaletasuna Bolivian?

Abuztuan hona iritsi nintzenean Google Mapsen 'frontoi' hitza bilatzea izan zen egin nuen lehenengo gauza. Lau topatu nituen. Ausaz batera sartu, eta izen eman nahi nuela esan nion harrerako emakumeari. Geroztik pilota elkarte bateko kidea naiz. Apirilean, euriteen sasoia igaro ostean, txapelketekin hasiko gara.

Zein da Boliviako pilotarien maila?

Ez dira batere makalak, ez horixe! Egundoko maila daukate. Ni ohitua nengoen Arakaldoko frontoian jokatzera, itsas-mailatik 150 metro eskasetara. La Pazeko pilotariek 3.600 metrotan entrenatzen dute.

Hasieran bizpahiru tanto jokatu eta atsedena hartu behar nuen, lehertuta bukatzen bainuen. Gutxika joan naiz sasoian jartzen.

Zer da Euskal Herritik gehien botatzen duzuna faltan?

Bi gauza: hondartza eta janaria. Faltan botatzen ditut, indabak, txorizoa, urdaiazpikoa, kokotxak...

Zeozer gehitu nahiko zenuke?

Maitasuna, osasuna eta askatasuna guztiontzat! Ez da gutxi, eh?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide