Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira gaur gauean Laudioko Lamuza parkera, gaueko hamarrak izateko denbora gutxi falta zenean. Istiluen aurkako jantziak zeramatzaten hainbat polizia sartu dira parkera, eremua miatzera, eta handik denbora batera joan dira.
Ertzaintzak Aiaraldea hedabideari jakinarazi dionez, parkean jendea pilatzen ari zelako bertaratu dira, baina iritsi direnerako ez zegoen pilaketarik. Ondorioz, ez dute inor identifikatu edo atxilotu.
Salaketak
Gertatutakoaren irudiak bolo-bolo zabaldu dira sare sozialen bidez, eta poliziaren jarrera salatu dute zenbait eragilek.
Laudioko Gazte Asanbladak nabamendu du ez dela kasualitatea izan polizia parkean agertzea, eremu horretan gazteen presentzia handia baitago. "Burgesiak pandemiaren aurrean hartu duen erabakia baino ez da", adierazi dute asanbladako kideek.
Ernai gazte antolakundeak ere salatu du gertatutakoa.
Kasu gehiago
Honakoa ez da izan Ertzaintzak pandemian izan duen jarrera salatzen den lehen aldia. Amurrioko parkean ere gertatu izan dira horrelako miaketak. Udazkenean mobilizazioak egin ziren Laudio eta Amurrion, "kriminalizazio gutxiago eta osasun baliabide gehiago" eskatzeko:
Horrez gain, azken asteetan oihartzun handia izan dute Donostian edota Santurtziko Mamariga auzoan bizitako gertaerek.