Egoitza berria ireki du EH Bilduk Laudion, herria “eraikitzen eta sarea handitzen jarraitzeko”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urt. 30a, 15:04

Egoitza hutsa baino gehiago izango dela nabarmendu dute. 

Agerraldia egin dute Laudioko EH Bilduko kideek Jose Arrue kalean, bertan ireki baitute aurrerantzean koalizio abertzalearen egoitza izango dena: “ehBilgunea”. Hiru gelekin osatutako lokala da, eta  bertan gauzatuko du talde politikoak orain arte udaletxeko bulegoan burutzen zuen jarduna. 

Talde politikoa hamar urte betetzear dagoenean eman dute pausoa, Laudion “ziklo berri bat” irekitzeko asmoa.  “Hamar urte Laudio koloreztatzen, orain dela hamar urteko ilusio berdinarekin amesten dugun Laudio eraikitzen. Udaletxean zein herrigintzan. Udaletxean ekarpenak eginez, proposamenak aurkeztuz, elkarlanerako eskua luzatuz, gauzak beste modu baten egin daitezkeela erakusten…”, adierazi du Amets Meatza Castañaresek, talde politikoko komunikazio arduradunak. 

Egoitza bat baino gehiago

Nabarmendu dutenez, ireki berri duten lokala egoitza huts bat baino gehiago izango da. “Topagunea, lanerako gunea, eztabaidarako gunea,  koalizioa sendotzeko gunea. Jende gehiago bilduko duen gunea, bilkideak (afiliatuak) batuko dituena, ideia gehiago, ahalegin gehiago... metatuko dituen lekua. Herri honetako ezker subiranista hedatzen jarraitzeko espazioa, alegia”. Horretarako, espazioa asteko egun zehatz batzuetan irekitzeko asmoa azaldu dute agerraldian, nahi duen orok bertatik igarotzeko aukera izan dezan. 

Diagnosia 

Meatzak kontatu duenez, herriaren errealitatea aztertzen igaro dituzte azken hilabeteak, eta diagnostikoa osatu dute horrela, aste honetan ospatutako herri batzarrean aurkeztu dutena. Hainbat faktore aztertu dituzte ikerketa horretan: “Herrian bizi dugun egoera sozioekonomikoa, kulturak bizi duen isolamendua, herri mugimenduaren gaitasun eta mugak, hizkuntza normalizazioa...”. Orain, ekarpenen fasea irekiko dute, “modu parte hartzailean Denon Laudio eta merezi dugun Laudio eraikitzen jarraitzeko”. 

Kongresuaren atarian

Gutxi falta da EH Bilduren II. Kongresua gauzatzeko, eta horri begira ere ireki dute Laudioko lokala. “Aurrera jarraituko dugu urteak eta helburuak betetzen, eta lokal hau beste tresna bat izango da, bultzada hartzeko eta gure bizilagunen beharretara egokitutako eskaintza politiko batekin jarraitzeko balioko diguna”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide