Kulturak Laudion bizi duen egoerari konponbideak eta alternatibak bilatzea eskatu du EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ots. 4a, 07:00
2023an zabalduko dituzte Kultur Etxeko ateak, behin berrikuntza lanak bukatuta. / Aiaraldea.eus

Azken hilabeteetan herriko kultura "etenaldi batean" dagoela adierazi du koalizio abertzaleak. EAJk, aldiz, kultura segurua defendatu eta bultzatzen duela babestu du, eta gaiaren inguruan demagogia erabiltzea leporatu dio opozisioko taldeari. 

Laudioko EH Bilduk herriko kultura berpizteko berehalako irtenbidea eskatu dio EAJ eta PSE alderdiek osatutako udal gobernuari. Koalizioak azaldu duenez, herriko kultura "etenaldi batean" dago.

“Udalak kulturaren aldeko apustua egin beharko lukeela uste dugu. Arduratuta gaude kultura eragileen egoeragatik, iazko martxotik hona, ekonomikoki, sektore hau kaltetuenetarikoa izan baita, eta, aldi berean, herritarrek kulturaren beharra dutela sumatzen dugu. Segurtasun neurriak bermatuz gero, kultura ekimenak eta emanaldiak egitea posible litzateke, beste hainbat herritan horrela izaten ari da eta”, adierazi du Nagore Gomara zinegotziak.

Kultur etxeko obrak iraun bitartean bertako eragileei alternatibarik eskaini ez izana salatu du talde politikoak, bai eta berrikuntza lanen planifikazio eza ere. Gauzak hala, EH Bilduk premiazkotzat jo du talde kulturalen jarduerari oztoporik ez jartzea eta kultur etxeko lanen ondorioz lokalik gabe geratu diren eragileei alternatiba eskaintzea. “Eragile eta talde kultural asko dira azkeneko egunetan euren lana aurrera eraman ahal izateko espazio eta leku baten beharra aldarrikatu dutenak”, nabarmendu du Gomarak.

EH Bilduk kezka adierazi du ere ikastaroen etetearen ondorioz langabezian edota egoera prekarioan geratu diren langileekiko. Hori dela eta, ikastaroak berriro ere abian jartzea eskatu diote EAJ-PSEren udal gobernuari, segurtasun neurri guztiak mantenduz zein bide telematikoak erabiliz.

Gaiaren inguruan demagogiaz aritu eta polemika sortu nahi izana leporatu dio EAJk EH Bilduri

EAJren erantzuna

EAJk, bere aldetik, azaldu du alkatetzak ezohiko neurriak hartu behar izan dituela, COVID-19ak eragindako pandemia egoeraren ondorioz; "bizilagunen osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen jarduera eta ospakizun soziokulturalak bertan behera utziz". Azken hilabetetan jende pilaketak sor ditzaketen ekitaldi ugari bertan behera utzi dituztela azaldu dute, hala nola, San Blasak, Dolumin Barikua, sanrokeak edota Olentzero eta Errege Magoen kalejirak.

Denboraldi batez ekitaldi eta ekintza kulturalak "sakrifikatzea" beste aukerarik ez dagoela jakinarazi du udal gobernuko taldeak, osasun-krisia gainditu eta lehenbailehen pandemia aurreko "normaltasun" egoerara itzultzeko itxaropenarekin.

Gaiaren inguruan demagogiaz aritu eta polemika sortu nahi izana leporatu dio EH Bilduri.

Udal espazioen eskasia

Herrian dagoen azpiegitura falta nabarmendu du EAJk, eta nabarmendu du "oso zaila" dela udal espazio alternatiboak bilatzea. "Egungo lokal publikoek eragotzi egiten dute ikastaroak behar besteko segurtasunarekin eskaintzea, eta egoera horri gehitu behar zaio Kultur Etxearen itxiera, gutxienez 2023ra arte, birmoldaketa-lanak amaitzen diren arte", adierazi dute jeltzaleek.

Laudion espazio falta dagoela ezaguna dela azaldu du EAJk, eta erabilera partekatua ezinbestekoa dela gaineratu du; azken udalbatzan onartutako ordenantzan jasotzen den moduan.

Ander Añibarro alkateak kezka adierazi du herriak bizi duen egoera sanitarioaren aurrean: "nire aldetik, arduragabekeria handia izango litzateke bizilagunak arriskuan jartzea; beraz, Eusko Jaurlaritzak finkatzen dituen neurriak eta mugak zorrotz betetzen jarraituko dugu".

Bestalde, Maite Cortazar zinegotziak azaldu du kultur arlotik harremana dutela kultur eragileekin: "Kultur arloak etengabeko harremana du Kultur Zaleak taldearekin, SOS Lamuza Parkearen oinordekoekin, eta Kulturkon elkartearekin, eta, aldi berean, kultura-ikastaroak esleitzen jarraitzen du, modu seguruan egin ahal izateko, bai modu presentzialean, ahal denean, bai telematikoki".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide