Laudioko gazte plana berritu dute, parte hartze prozesua egin eta gero

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 4a, 07:27
Juanje Merchan zinegotzia, Laudioko Gaztelekuan. / Laudioko Udala

2021-2024 urteetarako Gazte Plana aurkeztu du Udalak. 2019an ekin zioten prozesuari, eta 106 orri ditu egitasmoak. 

Juanje Merchan Gazteria zinegotziak azaldu duenez, sektore eta eragile ugarirekin osatu dute egitasmoa. Hala, datozen hiru urteetarako ekinbideak identifikatu dituzte. "Adostasuna maila handia lortzea zen erronka, eta horregatik herritarrek parte hartzeko mekanismoak jarri zituen Udalak", azpimarratu du.

Egoeraren azterketa zehatza egin dute horretarako, baliabideen egokitasuna baloratuta: "Lan horri esker gazteei zuzendutako ekipamenduen, ekintzen edo programen errealitatea zehatz-mehatz ezagutu dugu, eta horri esker gabeziak eta beharrak aztertu ditugu", adierazi du arduradunak. Gazteen beharrei erantzuteaz gain "udalean gazteriaren ikuspegia" txertatzea izango dute erronka, "programatutako jarduera eta ekintzen barruan". 

Ekintzen artean, datozen hiru urteetarako lehentasunak ezarri dira:

  1. Emantzipazioa eta etxebizitza: enplegua, etxebizitza eta prestakuntza
  2. Ongizatea eta bizitza osasungarria: mendekotasun eta bizi-ohitura osasungarrien prebentzioari lotutako ekintzak
  3. Berdintasuna eta gizarte barneratzea: genero berdintasunaren aldeko borroka eta gazteen pobrezia tasa
  4. Jasangarritasuna eta ingurugiroa: kontsumo eta erantzukizun energetikoaren eredu berriak bultzatzeko ekintzak
  5. Jarduera fisikoa eta kontsumo kulturala: kirol eta kultur jarduerak uztartuko dituen ardatza
  6. Euskara:  Espazio akademikoetatik udalerriko gazteen berezko hizkuntza gisa sustatzea, "erabilera normalizatua ahalbidetzeko eta Euskadiko kultura-ondarea sustatzeko".

106 orri ditu txostenak orotara, eta azaroko udalbatzan onartu zen egitasmoa, EAJ eta PSEren aldeko botoei esker

Omnia, desados

Omnia plataforma independienteak oharra atera du "gazterik gabe osatutako plana" dela salatzeko.  Omniaren aburuz, ikerketa bera da arazo nagusia: "Informazioa aztertzen 9 elkarrizketa egin direla bakarrik ohartu gara, eta horietatik bakarra zen gaztea zein Laudiokoa. Woka tailerrera 22 pertsona joan ziren, eta horietatik 4 soilik ziren gazteak".  Hori dela eta, egindako lana ez dute baliagarritzat jo, "eta ondorioz ekintzak eta ondorioak ere ez". Arazoa Omniarentzat, gobernu taldeak prozesu parte hartzaileak lantzeko modua da: "EAJ gutxienekoekin konformatzen da, eta Omnian hori ez dugu onartzen. Informazio gutxi ematea, publizitate eskasa... Horrela ezin da. Gobernu taldearentzat tramitazioa nahikoa da, jendeak parte hartu edo ez. Eta, gero, kexu dira laudioarrek parte hartzea zaila dela eta". Hargatik, jeltzaleei mezu argia helarazi nahi izan diete: "Ez itxaron bizilagunak zuengana joatera, zoazte zuek eurengana".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide