Udaltzaingoak Gaztetxea desalojatu zuela salatu zenuten urtarrilaren 8an. Zer da zehazki egun horretan gertatu zena?
Udalak abenduan adierazi zigun Gaztetxea eta Lamuza Parkeko zenbait espazio itxiko zituela, Aldundiko informe batean oinarrituta. Hori izan zen obren hasieratik udalarekin izandako hartu eman bakarra; Gaztetxea ixteko, alegia. Baina hartutako erabakia erabat arbitrarioa dela defendatzen dugu. Beraz, inolako alternatibarik gabe aurkitzen ginenez, Gaztetxea irekitzea erabaki genuen.
Hasierako egunetan, hainbat auzolan antolatu genituen espazioa txukuntzeko, gunearen egoera erreala ezagutu genuen eta baita 20. urteurrenaren dinamika aurkeztu ere. Izan ere, aurten, Gaztetxeak 20 urte betetzen ditu. Baina Gaztetxea ireki eta bi egunetara udalak bertatik kanporatuko gintuela adierazi zigun, espazioak itxita egon behar duelako, eta haien erabakiaren kontra sartu ginelako. Egun horretan bertan moztu ziguten argia. Eta hurrengo egunean, aldiz, udalak “munipak” bidali zituen Gaztetxeko zerraila apurtzeko.
“Argudio politikoetan oinarritzen den desalojo bat, argudio teknikoen bitartez estaltzen dute”
Gaztetxea desalojatuta dago, beraz?
Udalak obren aitzakia erabili izan du gu bertatik kanporatzeko. Ezer gutxi zehazten duen informean oinarritzen dira, eta horrela, argudio politikoetan oinarritzen den desalojo bat, argudio teknikoen bitartez estaltzen dute. Prentsan hainbat informazio irakurtzeko aukera izan dugu. Zenbait kasutan, 2023an Gaztetxera bueltatuko garela adierazten da, baina iaz publikoki adierazi zuten obren lehenengo fasea bukatzean bueltatuko ginela, eta udalak ez du bere hitza bete. Ez dute nahi gu bertan egotea eta horregatik kanporatu gaituzte.
Udalak dio une honetan espazioa ez dela segurua eta horregatik ezin dela erabili bigarren obra bukatu arte.
Lehenik eta behin, obraren azken diseinua prest ez badago, ezin da obraren dimentsioa ezagutu, ezta bukaera ere. Beraz, ausarta da epeei buruz hitz egitea. Abiapuntu hori funtsezkoa da eztabaida ulertzeko, eta zein egoeratan aurkitzen garen azaltzeko. Kolektibo gehienak urtebete daramagu gure espazioetatik kanpo, arazoa gehiegi luzatu delako. Horregatik, itxiera justifikatzen duen txosten bat eman digute, eta obren ondorioz barruko espazioa hondatu izana identifikatu da arazo nagusi bezala, bigarren obra baten faltan. Estalkiak altxatu izana aipatzen da eta horrek sortzen dituen arriskuak, ohikoa dena, bestalde, halako obretan. Baina hain ohikoa ez dena espazio bat arrazoi horregatik ixtea da. Adibidez, kaltetutako eremuak babestuz gero, aurrerapena handia litzateke. Besteak beste, KZ Gunean eta Euskaltegian esku-hartze hori egin dute. Beraz, zaila ez dirudi.
“Iaz publikoki adierazi zuten obren lehenengo fasea bukatzean bueltatuko ginela, eta udalak ez du bere hitza bete”
Edonola ere, ez dago frogatuta obrek espazioen aurreko egoera gehiago okertu dutenik. Horregatik, espazioak ixteko irizpidea eskasa da. Gure kasuan, Gaztetxearen egoerak ez du okerrera egin. Are gehiago, hobera egin du teilatua eta fatxada konpondu direlako. Txostenean sabai aizuna altxatu dela adierazten bada ere, hori ez da egia, ez baitzegoen sabai aizuntzat jo zitekeen ezer. Bere ordez oihal bat zegoen, suteetatik babestu beharrean, hauen katalizatzailea zena. Beraz, sabai aizun bat jarriz (ahalegin handirik behar ez duen obra) Gaztetxearen gabezietako bat dirudiena konponduko litzateke. Bestalde, instalazio elektrikoa dugu. Kasu honetan, nahikoa dirudi zirkuitu elektriko bat deskonektatzea edo kanalizatzea (eszenatoki parean). Izan ere, instalazioaren gainerakoa egoera ezin hobean aurkitzen da, ez baitu loturarik egindako obrarekin, eta irizpideak betetzen ditu, udalak duela urte gutxi egin baitzuen.
Horiek dira, antza, gure espazioan antzeman daitezkeen arazo posibleak. Izan ere, txostenak ez du arazo zehatzez hitz egiten, aitzitik, egoera orokortu egiten da esku-hartze puntual bati ateak ixteko, bai gure espazioan, bai gainerakoetan ere. Azkenik, arkitekto baten laguntza jaso dugu eta txostenaren sakontasun eza ulertzeko baliagarria izan da oso. Berak argi du Gaztetxea espazio segurua dela, eta beraz, itxiera arbitrarioa dela.
“Gaztetxearen egoerak ez du okerrera egin. Are gehiago, hobera egin du teilatua eta fatxada konpondu direlako”
Beraz, ez duzue bat egiten udalak hartutako erabakiarekin...
Ez, noski. Espazioak ixtea ez dugu onartzen, batetik, udalak behin betiko planik gabe obra hasi duelako; eta, bestetik, obrak berez espazioa aztertzeko exijitzen dituen altxamenduak egin direlako. Gure ustez, irizpide arbitrarioei eta, beraz, autoritarioei baino ez die erantzuten. Erantzukizunak eskatu behar zaizkio gobernu-taldeari. Izan ere, errealitatea manipulatu nahi da, dena negatiboki homogeneizatuz, eraikinak orain behar dituen esku-hartzeetan ez inplikatzeko, gizarte eta kultura taldeek espazioak erabiltzen jarrai dezaten. Udalaren konpromiso falta bat da eragileen aurrean, horretarako hitza hartu baitzuen. Aurreikusi zitekeen bi obren artean denbora bat irekiko zela, eta udala bere alde erabiltzen ari da eragileak haien espazioetatik kanporatzeko, esku-hartzea baztertuz.
Prozesuaren arazoa oinarrian aurkitzen da, planifikaziorik gabeko obran, eta ez gara gu ondorioak jasan behar ditugunak. Kalteak konpontzeko modua kolektiboei lokalak itzultzea da, arazo zehatzak aztertuz eta eragileen beharrak asetzeko interesa erakutsiz. Ez dago azken proiekturik. Beraz, 2023az hitz egitea espekulazio hutsa da, edo marketin estrategia bat.
“Ez dago azken proiekturik. Beraz, 2023az hitz egitea espekulazio hutsa da, edo marketin estrategia bat”
Udalak ere aipatu du Gazte Asanbladak Gaztetxeko zerraila aldatu zuela, eta horregatik sartu behar izan zirela indarrez.
Udalak aipatzen ez duena da, udan, haiek aldatu zutela guri jakinarazi gabe. Gainera, giltza berriak ez zizkiguten pasa. Zer dela eta ez da aipatzen gertakari hori? Zergatik ukatu zitzaizkion giltzak Gazte Asanbladari 20 urte eta gero? Uste dugu horrek agerian uzten duela udalak obrak iraun duen bitartean izandako jarrera. Euren asmoa argia izan da hasieratik, eta obrak desalojoa gauzatzeko aitzakia izan dira. Gu izan gara haien atzetik informazio bila ibili garenak, eta udalak arazoak ezkutatu dizkigu, obren bukaera agerikoa izan den arte. Asanbladaren ibilbidea dela eta, uste dugu errespetu gehiago merezi duela eragileak, eta ez orain arte bizi izan dugun udalaren jarrera oldarkorra.
“Udalak aipatzen ez duena da, udan, haiek aldatu zutela guri jakinarazi gabe. Gainera, giltza berriak ez zizkiguten pasa. Zer dela eta ez da aipatzen gertakari hori?”
Udalak berretsi du Gazte Asanblada Gaztetxera itzuli ahalko dela behin obrak amaituta. Zuek, aldiz, salatu duzue tokiko erakundeak Gaztetxea eta militantzia politikoa jo-puntuan dituela. Zergatik?
Udalak guri erabaki hori ez digu berretsi. Desalojoaren egunetik ez da Gaztetxearen inguruko komunikaziorik egon. Informazio hori prentsan irakurri dugu. Lehenengo obra bukatu da eta aurrekari hau ikusita, ez dugu udalaz fidatzeko arrazoirik. Udalak orain duen arazoari erantzun behar dio, eta momentuz, esku-hartze batekin konponduko luke. Guri dagokigunez, lokalik gabe uztea erabaki dute; 20 urte hauetako lanarekin amaitzea da haien helburua. Ez daude haien kontrol burokratikotik harago antolatzen diren mugimenduen lana onartzeko prest; nahiago dituzte mehatxuak, identifikazioak eta isunak. Besteak beste, alkateak “gazte lonjaren” aitzakiarekin gu isuntzeko asmoa adierazi zuen, hori baita Gaztetxearekiko duten ikuspegia. Jazarpena, ordea, ez da horretara mugatzen. Pandemia hasi zenetik udalaren erabakia kontrol sozialean xahutzea izan da. Poliziaren areagotzea nabarmena da eta gazte langileon aurka oldartu dira, baita militantziaren politikoaren aurka ere.
Pandemiaren hasieratik EAJren asmoak argi geratu dira, bai maila lokalean baita nazionalean ere. Pobrezia orokortuari aurre egiteko, askatasun politikoak murriztu dituzte eta kontrol sozialaren aldeko apustua egin dute. Gainera, okupazioaren aurkako ofentsiba ere gogortu da. Beraz, guri askatasun politikoen defentsan antolatzea dagokigu. Era berean, erasoen aurrean langileon kontropelko espazioen defentsa modu eraginkorrean antolatzeko beharra dugu, Erraki indartuz. Burgesiaren ofentsiba bat bizitzen ari gara. Horregatik, antolakuntza baliabideak garatu behar ditugu.
“Ez daude haien kontrol burokratikotik harago antolatzen diren mugimenduen lana onartzeko prest; nahiago dituzte mehatxuak, identifikazioak eta isunak”
“Borroka hasi besterik egin ez dela” nabarmendu duzue berriki plazaratutako irakurketa batean. Zeintzuk izango dira emango dituzuen hurrengo pausoak?
Argi dago Laudiok Gaztetxea behar duela eta guk horren alde egingo dugu lan. Horregatik, desalojoaren ostean, “Erasoen aurrean, Laudioko Gaztetxea aurrera!” kanpaina aurkeztu genuen, udalak izandako jarrera agerian uzteko, baita Gaztetxeak duen garrantzia adierazteko. Kanpaina horren barruan, Gazte Asanbladatik herriko gazteekin eta kolektiboekin harremana garatu beharko dugu. Herriko gazteak Gaztetxearen eta askatasun politikoen borrokan murgildu beharko ditugu, eta gainontzeko kolektiboak borrokara batu. Gainera, bereziki garrantzitsua izango da Lamuza Parkeko eragileekin batera borroka prozesu honetan jardutea, bereziki SOS Laudioko Lamuza Parkeko kideekin.
Urtebete eman duzue Gaztetxerik gabe, eta pandemia erdian egonda. Nola moldatu zarete orain arte? Zein izan da Gazte Asanbladaren jarduna urtebete honetan?
Gaztetxearen itxiera 2020ko konfinamenduarekin egin zuen bat. Momentu horretan, salbuespen egoerari erantzuteko, Gazte Asanbladatik Gazte Koordinadora Sozialistatik (GKS) martxan jarritako testigantzen kanpainara atxikitu ginen eta hainbat jazarpen kasu salatu genituen, Laudion ere jazarpena nabarmena delako. Neurriak malgutu ahala, uda partean hainbat ekimen antolatu genituen asanblada kalera ateratzeko asmoarekin: mendi irteerak, zineforumak eta ekimen kulturalak, besteak beste. 2020 bukaeran, aldiz, Gaztetxera itzulera prestatzeari eta 20. urteurrena diseinatzeari ekin genion.
“Urteurrena Gaztetxearen aldeko kanpainarekin uztartzea da asmoa eta, osasun-larrialdiak hobera egiten duenean, era egokian ospatzea”
Dena den, garrantzitsua da aipatzea pandemiaren hasieratik udalak ekimenak antolatzeko jarri dizkigun zailtasunak. Zaila bihurtu da herri honetan ekimenak antolatzea, nahiz eta segurtasun neurri guztiak bermatu. Udal espazioak itxi edo haien erabilera mugatu dituzte eta jarduerak oztopatzen dira neurri arbitrarioen bitartez. Guk pandemiaren testuinguruan ekimen politikoak eta kulturak egin daitezkeela adierazi nahi dugu. Horregatik, Gaztetxearen beharrezkotasuna inoiz baino gehiago geratu da agerian, kontrol burokratikotik kanpo, lan politikoa eta kulturala egin ahal izateko, osasun-irizpideak errespetatuz betiere.
Gaztetxearen 20. urteurrena ospatzeko asmotan zaudete aurten. Egoera ikusita, nola ospatzeko asmoa duzue?
Laudioko Gaztetxeak 20 urte betetzea gertakizun garrantzitsua da. Hainbat belaunaldik egin duten lanaren adierazlea da urteurrena. Guk lan hori aitortu eta jarraipena emateko gure erronkak definitu behar ditugu. Momentu honetan Gaztetxerik gabe aurkitzen gara, baina horrek ezin ditu gure asmoak gelditu. Lan hori guztia eskertzeko modu bat gurea dena berreskuratzea da. Uste dugu erronka handia dugula aurretik, baina lan militantez erantzungo diogu. Urte guztian zehar presente izango dugu urteurrena. Horretarako, adibidez, logo bat diseinatu genuen. Urteurrena Gaztetxearen aldeko kanpainarekin uztartzea da asmoa eta, osasun-larrialdiak hobera egiten duenean, era egokian ospatzea.