Parte hartze araudi berrirako ekarpenak egin ditu EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 6a, 07:00

EH Bilduko kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Hainbat proposamen egin ditu koalizioak araudiari begira, Laudio parte hartze dinamiketan Laudio “eredugarria eta aitzindaria izatea" helburu. 

EH Bilduk “begi onez” ikusi du udalak parte hartze araudi berria egiteko prozesua ireki izana, baina hainbat ekarpen eta eskakizun egin ditu. Dokumentu hori osatzeko prozesu parte hartzaile “sakon eta sendoa” egitea eskatu dio udal gobernuari,  “parte hartze araudi bat egiteko prozesua, definizioz, parte hartzailea izan behar duela” argudiatuta. 

“Benetako parte hartzea ez da bakarrik iradokizunak, kexak edo ideiak jasotzeko aukerak ematea; harago doa, eta erabakietan, auzokide nahiz elkarteen parte hartzea bermatzean datza”, azaldu du Nagore Gomara zinegotziak. 

Araudi proposamena

Araudi proposamena egin du oposizioko taldeak, hainbat aldaketa planteatuta: “kontzeptu orokorrak berregituratzea eta partaidetza-organoetan aldaketak egitea eta aurreikusita edo garatuta ez zeuden gai berri asko araudian gehitzea”. 

Hiru ataletan banatu ditu koalizioak parte hartzearekin lotutako jarduerak: informazioa jasotzeko eskubidea, “ eskaera eta ekimena izateko” aukera eta eztabaidatu ahal izatea. 
“Berrikuntza teknologikoak” txertatzeko beharra dagoela ere nabarmendu du EH Bilduk, “urrutiko eta aurrez aurreko parte-hartzea ahalbidetzeko”. Organoen sarea “handitzea eta zabaltzea” ere planteatu du. 

Modu horretan, parte hartze dinamiketan Laudio “eredugarria eta aitzindaria izatea” nahi du koalizioak, eta horretan “elkarrekin lan egiteko” gonbita luzatu die alderdi guztiei. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide