2 milioi euro baliatuko ditu Renfek Laudioko geltokiko azpiegiturak hobetzeko. Datozen asteetan hasiko dira lanak, Seranco enpresaren bidez, eta 10 hilabeteko iraupena izango dute. 2015ean eraberritu zuten tren geltokiko sarrera, baina zenbait arazo eragin ditu aldaketak, irisgarritasun aldetik batez ere. Txarteldegiko areto edo espaziora ailegatzeko, bi eskailera bide egongo dira aurrerantzean. Era berean, igogailu berri bat kokatuko dute eraikin nagusiaren ertz batean, egungo plataformak ez baitu funtzionatzen.
Horrez gain, geltokiaren bigarren pisuko espazioan ere gauzatuko dituzte lanak, urteen poderioz nabarmen kaltetu egin baita barnealdea. Hain zuzen, sarbide propioa jarriko diote, eta teilatuan ere gauzatuko dituzte moldaketak, asfaltozko estaldura medio. Azken hamarkadetan, ordea, hutsik egon da etxebizitza.
Markesina eta estalgune berriak
Bilborako noranzkoan bidaiariak babesteko markesina berri bat gehituko du Renfek, eta lurpeko pasabidearen bi aldeak ere babestuko dituzte. Izan ere, euria dagoenean, estalgune gabe egon ohi dira herritarrak trena noiz helduko zain. Ildo beretik, Urduñako noranzkoan dagoen babeslekua ere mugituko dute. Bestalde, argiztapena hobetuko dute, baita bestelako zenbait zerbitzu ere. Hala, itxura modernoagoa izango du guneak, Renfek iragarri duenez, eta irisgarritasun arazoak konponduko dira.
Langileen espazioak eta bulegoak ere barne hartzen ditu berriketa proiektuak. Komunikazio gela, txarteldegiko bulegoak eta beste zenbait azpiegitura atonduko dituzte. Alabaina, taberna eta aldagelen guneak bere horretan geratuko dira.