Verita Primaris izenburuko eleberria argitaratu duzu. Zeri buruzkoa da?
Mundu distopiko baten ingurukoa da liburua, zazpi lurralde, arraza eta errealitate bildu ditut bertan. Gutxi gorabehera, hauteskundeak gertu daudenean eta eskubideak kentzen dizkigutenean nola erreakzionatzen dugun aztertu nahi izan dut: abortatzeko eskubidea, LGTBI+ kolektiboarena, migrazioak... Gogoeta ugari jaso ditut, egun batetik bestera kendutako eskubideen inguruan.
Lisa Graham da protagonista, historialaria. Historia abiapuntu izanda gauzak aldatzen saiatuko da Lisa, eta mundu misteriotsu batean murgilduko da, baina ez dizuet kontatuko zer deskubrituko duen (barreak).
Zerk bultzatu zintuen liburua sortzera?
Ideia asko ditut buruan, baina hau izan da bukatu dudan lehenengoa, eta espero dut azkena ez izatea. Duela hiru edo lau urte hasi nintzen liburuarekin, nekatuta nengoelako egungo gizarteaz. Munduko egoera ez zitzaidan gustatzen eta idazteari ekin nion. Hau da emaitza: 23 kapitulu, hasiera eta amaiera.
Gainera, ilustrazioekin hornitu ditut, Daniel Cabrera nire nebak egin ditu kapitulu bakoitzeko irudiak, artista hutsa da.
Nori zuzendutako lana da?
18 urtetik gorakoentzat dela jartzen du liburuan, baina 16 urtekoek ere irakur dezakete.
Non eskura daiteke zure liburua?
Amazon bidez, interneten, 10.40€ balio ditu. Kindle formatuan ere badago, 3 eurotan saltzen da liburu elektroniko gisa. Hala ere, nire asmoa herriko liburu-dendetan ere saltzea da, saiatuko naiz ale batzuk eskuratzen.
“Eleberri bat prestatzen ari nahiz, Laudioko uholdeetan girotutakoa”
7 errealitate eta kontinente dituzu ardatz, jendarte gaiak lantzeko helburuarekin. Zure bizitzarekin lotura du hariak, ala fikzioa da?
Gehienbat fikzioa da, baina beti dago idazlearen zati bat. Hori ezin da ekidin.
Mundu distopikoak markatzen du eleberria. Zergatik?
Gazteleraz bada esamolde bat dioena errealitateak fikzioa gainditzen duela. Liburu honetarako aplikagarria da. Gauza arraroak dira, baina gertukoak irudituko zaizkigu. Aproposa da errealitatea kontatzeko.
Etorkizunean Sara Cabreraren liburu gehiago irakurriko al ditugu?
Espero dut baietz. Badut buruan beste ideia bat, baina ez dakit ondo aterako den edo ez. Bestalde, eleberri beltz bat egin nahian nabil, 1983ko uholdeei buruzkoa. Horretarako laguntza eskatu dut, kontakizunen bila nabil eta. Testigantzak kontatu nahi izanez gero, inundacionesenllodio@gmail.com helbidera idatzi dezake jendeak nirekin harremanetan jartzeko.
Atalak errealitate kutsuarekin josi nahi ditut, eta fase horretan nago orain, pixkat urrun geratzen zait eta!
Zure hurrengo eleberriak 1983ko uholdeak izango ditu gai nagusi, beraz.
Bai. Bilboko uholdeei buruz asko dakigu, baina Laudiokoen inguruan ez hainbeste. Elebiduna izatea nahi dut, lehenbizikoa gazteleraz dago eta. Etorkizunean euskaraz idaztea ere gustatuko litzaidake.
Ikerketa fasean zaude. Zelako harrera izan du testigantzak biltzeko deiak?
Momentuz bizpahiru ditut, eta jendeak zenbait kontu aipatu dizkit. Badakit 4 guardia zibil hil zirela Okondoko neskatila bat erreskatatzen. Beste askok nola bizi izan zuten ez dut ezagutzen, eta testigantzak ondo datozkit. Patxadaz egin nahi dudan lana da, denbora beharko dut eta.
Zergatik nahi duzu eleberri beltza izatea?
Hilketak egongo dira. Momentu honetan nahiko modan daude, jendeari gustatu egiten zaizkio, tokiko errealitateetan oinarritutako istorioak ere bai. Biak konbinatuta, beraz, zer esanik ez!
“Mundu distopiko batean girotu dut liburua”
Erreferenterik izan duzu idazle gisa?
George Orwell asko gustatzen zait, eta Aldous Huxley ere oso ona iruditzen zait. XX. mendean mundu distopiko oso arrakastatsuak sortu zituzten.
Noiztik duzu idazteko zaletasuna?
13 urtetatik, oso gazte hasi nintzen idazten. Niretzat idatzi izan dut beti: triste, urduri edo estresatuta egotean idatzi izan dut beti, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Ikaskide batek liburu bat argitaratu zuen, eta nola lortu zuen galdetu nion. Horrela heldu naiz honaino.
Zer suposatzen du gazte batentzat bere lehen liburua plazaratzeak?
Poztasun izugarria, baina beldurra ere. Ez dakit jendeari gustatuko zaion, eta horrek beldurra pizten du. Urtarrilaren 1ean argitaratu zen, eta jendeari momentuz gustatu zaio. Irakurle "betak" ere izan ditut, probaldia familiak egin du berrogeialdian.
Daniel Cabrerak, nebak, egin ditu ilustrazioak. Etxekoen marka handia du lanak?
Bai, babesa beti izan dut. Nire neba Daniel Cabrera artista handia da, arte ederrak ikasi ditu, eta kapitulu bakoitza irudi batekin laburtzeko eskatu nion.
Laudion literaturak badu harrobia.
Laudion oso idazle onak daude, Txani Rodrigezek filma grabatuko du bere lan batean oinarrituta! Gazteen artean ez da horren ohikoa, ordea. Irrati batean elkarrizketatutako idazle gazteena nintzela esan zidaten, eta 24 urte ditut!