ANDREA SANCHEZ MORENO

“Tiktoken Instagramen baino gehiago erakusten duzu nolakoa zaren”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 16a, 10:21
Jarraitzaile andana lortu du Andrea Sanchez Morenok Tiktoken. / Aiaraldea.eus

ANDREA SANCHEZ MORENO (Laudio, 2003) konfinamenduaren erdian hasi zen Tiktok-en bideoak igotzen (@andrreasaan da bere erabiltzaile izena). Ikus-entzunezko horietako bat birala bilakatu zen, eta orduz geroztik egunero dago sare sozial horretan. 

Duela gutxi hasi zinen Tiktoken bideoak egiten, baina bertan egin duzun bideo bat birala egin da. Nolatan?

Nik Tiktoken bideoak grabatzen nituen lehen, baina dibertitze hutsagatik. Nire kabuz edo lagunekin egiten nituen, playbacka egiten edota antzezten. 

Baina egun batean gauza bat gertatu zen. Oso ondo gogoratzen dut. Igandea zen. Nire aitarekin eta bere emaztearekin nengoen eta txantxa bideo bat grabatu genuen, familia-giroan, oso abesti inozoarekin. Orduan galdetu nion: “Imajinatzen duzue bideo hau birala bihurtuko balitz?”. 

Afaltzera  joan ginen eta ondoren bideoak 3.000 ikustaldi zituela ikusi nuen, baina handik gutxira 10.000 ziren. Lo egitera joan nintzenean 200.000 ikustaldi zituen eta hiru egunetan 1,7 milioi baino gehiago izan zituen. Nire familia zur eta lur geratu zen. Nire aitak esan zidan: “Milioi bat pertsonak ikusi naute pijaman dantzatzen?”. 

Ordura arte nire bideoek ez zuten 5.000 bisitaren langa gainditzen. Baina horri esker aurrerantzean bisita gehiago izan ditut, eta jarraitzaile kopurua ere igo egin da, 52.000 inguru ditut orain. 

“Egia da dirua irabazi dezakezula, baina diru eta energia asko inbertitu behar duzu”

Zergatik uste duzu izan zuela arrakasta bideo horrek?

Zaila da jakitea bideo batek Tiktoken arrakasta zergatik duen. Denbora asko igaro dezakezu bideo bat prestatzen, baina gero Tiktokek agian ez dio jendeari erakusten. Kontrara,  ikus-entzunezko oso sinple bat plazaratu dezakezu -nik nire familiarekin egin nuena bezalakoa, adibidez- eta birala bilakatu daiteke. 

Frustragarria izatera iritsi daiteke, asko landu duzun bideo batek bisita gutxi izan ditzakeelako. Teoria asko daude sare sozial honen inguruan. Jende askok dio  kontua blokeatzen dizutela edo dirua irabazteko aukera aktibatzen duzunean bisitak jaisten dizkizutela dirurik ez irabazteko. Ez dakit, oso ausazko kontua da. Jarraikortasuna da garrantzitsuena.

Beste sare sozial batzuk ere erabiltzen dituzu. Zerk egiten du Tiktok berezi?

Lehen Tiktok Musical.ly izeneko plataforma zen, izenez aldatu zuten arte. Hasieran ez nuen sare sozial hori gustuko. Baina iazko udan bideoak igotzen hasi nintzen, inolako pretentsiorik gabe, baina gustua hartu nion. 

Orain maiztasun zehatz batekin egiten dituzu, ez?

Bai, beharrezkoa da jarraikortasun apur bat izatea, jarraitzaileak aspertu egiten direlako bestela. Nik denbora gehiago atera beharko nuke, astegunetan ez naizelako iristen, orduak falta zaizkit. Egunean bat edo bi igotzen ditut, baina gehiago igo beharko nituzke. Exijentzia handiko sare soziala da. Hiru egun igarotzen badituzu ezer igo gabe, jarraitzaileak galtzen dituzu, jarraitzea bezain erraza delako jarraitzeari uztea. 

Eduki orijinalak pentsatu behar dituzu edo, beste norbaiti kopiatuz gero, gai izan behar zara zure ukitua emateko. 

“Aitak galdetu zidan: ‘Milioi bat pertsonak baino gehiagok ikusi naute pijaman dantzatzen?”

Zer nolako edukiak egiten dituzu?

Nire bideo gehienek -%80 inguru- reggaetoi musika daukate.  'Point of view' motako bideoak ere egiten ditut, zeintzuetan egoera ugari antzezten ditudan. Bisita ugari izaten dituzte mota horretako bideoek. 

Tik Token topatzen ditudan ideiak nirera ekartzen saiatzen naiz, nire ukitu pertsonala emanez, jendeari nik nahi dudana transmititzeko. 

Jarraitzaile asko dituzu eta milioika pertsonek ikusi dituzte zure bideoak. Baina, era berean, Laudion ez zara oso ezaguna. Kontraste handia da?

Ume txiki batzuk harritu egin dira ni ikustean, 'Tiktokerra' naizela konturatu direlako. Baina tira, egia da tiktokerra naizela baina ez naiz ospetsua. Hego Amerikan jarraitzaile asko ditut eta bertara joatea eskatu didate batzuetan. Baina hemen, Laudion, ez dut horrelako famarik nabaritzen. Batzuek badakite tiktoken jarraitzaile asko ditudala, baina normalizatu egiten dute, ez naizelako ezertan aldatu. 

Pandemia erdian hasi zinen Tiktok erabiltzen. Koronabirusak izan du eraginik sare sozial horren erabileran?

Lehen bideoak konfinamenduaren erdian igo nituen. Tiktoken sartzen zarenean denboraren nozioa galtzen duzu, oso bideo labur eta anitzak agertzen zaizkizulako pantailan. Oso erraza da bideoak elkarbanatzea, eta pertsona batzuk oso ezagunak bilakatu dira. Nik ez dakit nola lortu dudan arrakasta. Saiatzen naiz gauza propioak egiten. Zuzenekoak ere egiten ditut, eta jarraitzaile asko lortzen dituzu horrela, eta dirua ere lortu dezakezu. Jendeak gauzak galdetzen dizkizu, erantzuten duzu... Barre batzuk botatzeko balio du. 

Edukiak sortzea edo jarraitzaileei erantzutea, zerk eskatzen dizu denbora gehiago?

Lehen komentario gehiago erantzuten nituen eta aktiboago nengoen jarraitzaileekiko. Baina egia da bideoak igotzen zoazen heinean mezu asko errepikatu egiten direla, oso errepikakorrak bilakatzen dira. Horregatik, komentario ezberdinak edo landuak erantzutera mugatzen naiz.  

Harreman berezia garatzen duzu jarraitzeekin, batzuk oso leialak direlako, beti daude hor. 

“Frustragarria izatera iritsi daiteke, asko landu duzun bideo batek bisita gutxi izan ditzakeelako”

Arrakasta lortzen ari zara. Bideoengatik dirua irabazten hasi zara?

Duela gutxi 18 urte bete nituen eta bideoen truke dirua irabazteko aukera aktibatu nuen. Instagramen bisitari gehiago ditut, eta denda batzuek eurekin elkarlanak egitea proposatu didate, adibidez. Badut interesa Tiktoken aritzean. Egia da dirua irabazi dezakezula, baina diru eta energia asko inbertitu behar duzu. Une honetan ez dut helburu moduan Tiktok ogibide bilakatzea, etorkizunean dudan harreraren arabera ikusiko dut. 

Familiak begi onez ikusten du ni Tiktoken aritzea. “Gustuko baduzu, aurrera”, esaten dit aitak, baina zaletasun moduan mantenduta betiere, lehentasuna eman gabe.

Tik Tok geratzeko etorri de sare soziala dela uste duzu, beraz?

Bai. Jende askok pribatuki erabiltzen du sare sozialak, bideoak berarentzako eginez, argitaratu gabe. Instagram “lehen sare soziala” da, beti hor egongo dena, ohikoena. Baina geroz eta jende nagusi gehiago ari da Tik Tok erabiltzen, eta geroz eta pertsona gehiago dira sare sozial horren alde egiten dutenak, Instagram ordez. Oso entretenigarria da, eta hitz egiteko aukera ematen dizu. Instagram asko estatikoagoa da.

“Tiktoken sartzean denboraren nozioa galtzen duzu”

Instagramek postal itxura handiagoa du?

Bai. Instagram zure ispilu bat da, jendeari erakutsi nahi diozun ispilua. Tik Token, aldiz, etxeko arroparekin agertu zaitezke, gehiago erakusten duzu nolakoa zaren. Hitz egin  dezakezu, zure esperientziak kontatu... Beldur gutxiago ematen dizu hori bertan egiteak.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide