"San Celestinen entzierroa" ospatu dute Tubacexen eta Ertzaintzak behargin bat identifikatu du, salaketa jarriko diola erantsiz

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 18a, 11:27

Lau egun daramatzate Tubacexeko langileek greba mugagabean, zuzendaritzak ezarri nahi dituen 150 kaleratzeen aurka. 

Protesta ekimen irudimentsua egin dute Tubacexeko langileek gaur goizean, zuzendaritzako eta bulegoetako kideak fabrikara sartu direnean. Gorriz eta zuriz jantzita agertu dira beharginak, egunkariak eskutan, eta San Ferminen parodia bat antzeztu dute, "San Celestini" abestuz. Celestino Danis gerentearen dimisioa eskatu dute horrela. 

Langile baten aurkako salaketa

Ertzaintzaren presentzia handia izan da goizean zehar, aurreko egunetan bezala. Langile batzuk eserialdia egin dute fabrikaren sarreran, lanera joandakoen autobusa sartzea oztopatzeko. Tentsio uneak bizi izan dira eta Ertzaintzak langile bat atxikitu du. Behargina identifikatu du poliziak, eta salaketa jarriko diola esan du. 

Bihar, Amurrion

Bihar Amurrion egingo dute mobilizazioa beharginek, 10:30ean fabrikako sarreratik abiatuta. Pozik azaldu da Enpresa Batzordea grebaren orain arteko jarraipenarekin, "ia erabatekoa" izan dela nabarmenduta. 

ELAren sail sindikalak, bere aldetik, oharra bidali die bere afiliatuei zuzendaritzarekin egingo diren bileren berri emateko. Sindikatuko kideek azaldu dute enpresako kontuen, eskaera-zorroaren eta beste lantegietako egoeren informazioa eskatu dutela, ez dituztelako kaleratzeak egiteko emandako arrazoiak ulertzen. "Horrelako neurri bat gauza ziurretan oinarritu behar da, eta une honetan dugun ziurtasun bakarra da aldi baterako krisi batean gaudela. Horregatik, neurri koiunturalak eskatzen ditugu". 

Astebete borrokan

Duela astebete abiatu zuten Tubacexeko langileek 150 kaleratzeen aurkako borroka zikloa. Ostegunean egin zuten lehen greba eguna, eta mila pertsona baino gehiago bildu ziren arratsaldean eginiko mobilizazioan:

Ostiralean kotxe karabana eta piketeak egin zituzten:

Astelehenean abiatu zuten greba mugagabea, eta ekimen berezia egin zuten haurrekin, langileen egoeraren atzean familiak daudela erakusteko:

Astearte eta asteazkenean ohiko eskema jarraitu zuten protestek: piketeak egin zituzten goizeko lehen ordutik Laudio eta Amurrioko fabriketan. Tentsio uneak bizi izan ziren, baina ez zen kargarik egon:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide