Mintegietako karobia birgaitzeko lanak esleitu dituzte

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 20a, 08:00
Ermualdetik gertu dago karobia. / Laudioko Udala

Proiektuaren kontrol arkeologikoa ere egingo dute, obren jarraipena gauzatu eta prozesu osoa dokumentatzeko. 

Mintegietako karobia birgaitzeko lanak esleitu ditu Laudioko Udalak. 35.000 euroko inbertsioa egingo dute guztira, eta bi espazio berrituko dituzte: kareharria egosteko labea eta lortutako produktua metatzeko biltegia.

“Lehenengo elementuaren hormen kanpoaldean ez da erorketa zantzurik topatu. Beraz, printzipioz behintzat, garbiketa eta jatorrizko egiturarenak ez diren materialak kentzeko lanak baino ez dira egin beharko”, adierazi du Joseba Amondo zinegotziak. Labearen eta kanpoko biltegiari hasiera ematen dion harri-hormaren artean, aldiz, zenbait material erori dira. Gauzak hala, bertako egitura berreraikiko dute. 

Kanpoko-biltegia ere indartuko dute berriz, egungo hormetako harriak berrerabilita. Hormigoizko zimenduak jarriko zaizkio egiturari, eta sabaia osorik aldatuko da, “orain dagoena ezin delako berrerabili”. Lan horiek eginda, “interes etnografiko handiko elementua” berreskuratuko da, Amondok nabarmendu duenez. 

Kontrol arkeologikoa

Obraren jarraipena egiteko kontrol arkeologiko zerbitzua ere kontratatuko du udalak, hala gomendatu duelako Aholku Batzorde Zientifikoak. “2019. urtean eratu zen batzorde hori, udalerriko kultura ondare materialei begira bideratzen diren esku-hartzeei buruzko gomendioak eta jarraibideak egiteko”. Hainbat museo, erakunde eta unibertsitateko aditu esanguratsuk osatzen dute marko hori, tokiko erakundeak erantsi duenez.

Obraren kontrol arkeologikoa egiteak hiru gauza nagusi ahalbidetuko ditu, udalaren arabera: obren jarraipena egitea, langileei aholkuak ematea ikuspegi historiko eta arkeologikotik eta prozesu osoa dokumentatzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide