Laudio Autoglas eta Guardianeko enpresa batzordeek elkartasuna adierazi diete Tubacexeko langileei

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ots. 22a, 15:00

Pentsiodunak egon dira gaur Tubacexeko atarian. / Tubacexeko Langile Batzordea

Ohar bateratua kaleratu dute bi enpresa batzordeek. Datorren ostegunean -otsailak 25- Tubacexeko piketeetan egongo dira Autoglas eta Guardianeko beharginak. 2012ko greban jasotako elkartasuna itzultzeko deia egin dute.

Laudio Autoglas eta Guardianeko enpresa batzordeek oharra kaleratu dute Tubacexeko langileei elkartasuna adierazteko. Otsailaren 15ean abiatu zuten 150 kaleratzeen aurkako greba mugagabea Tubacexeko beharginek, eta lanuzteek orain arte izandako jarraipen zabala goraipatu dute bi enpresa batzordeek sinatutako oharrean.

Langile elkartasuna

"Guardianeko 2012ko greban enpresa batzorde eta herritar askoren elkartasuna jaso genuen. Orduan jasotako babes guzti hori itzultzeko unea da orain"

Datorren ostegunean -otsailak 25- Tubacexeko sarreretan antolatzen ari diren piketeetara bertaratuko dira Autoglas eta Guardianeko langileak. 8:30ean Laudioko fabrikako sarreran egongo dira, bertako beharginekin batera, enpresa barrura sartzen ari diren autobusen zain. Arratsaldean Amurrioko instalazioetara hurbilduko dira, bertako grebalariekin bat egitera.

"2012an Guardianen bizi izan genuen greban enpresa batzorde eta herritar askoren elkartasuna jaso genuen. Orduan jasotako elkartasun guzti hori itzultzeko unea da orain", azaldu dute bi enpresa batzordeetako kideek, "ez dugu Aiaraldean enplegu gehiago suntsitzea onartuko".

Pentsiodunak ere lehen lerrora

Tubacexeko greba mugagabeak aurrera jarraitzen du. Gaurkoan eskualdeko pentsiodunak hurbildu dira Laudio eta Amurrioko fabriketako atarietara langileei elkartasuna adieraztera. Bihar goizean, aldiz, elkarretaratzea deitu du enpresa batzordeak Laudion, 8:30ean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide