Elkarretaratze jendetsua egin dute gaur Tubacexeko langileek Laudioko fabrikako sarrera nagusiaren aurrean. Goizeko lehen ordutik dozenaka pertsona batu dira errepidean. Beharginek buzo gorriz jantzita eta lurrean eserita oztopatu dute zuzendaritzako kideen autobusaren sarrera.
Ertzaintza bertaratu denean bizi izan dira lehen tentsio uneak. Polizia langileen aurka kargatu du, borrak eta foam balak erabilita. Ondoren, banan-banan atera ditu errepidetik lurrean eserita zeudenak, eta guztira sei lagun identifikatu ditu bidetik kentzeari ukatzeagatik. Autobusa agertu den unean, ordea, langileek hau inguratu eta Ertzaintzak kargatu egin du berriz.
Guztira 2 lagun atxilotu ditu poliziak eta Laudioko komisaldegira eraman ditu. Ikerketa zabalik dago oraindik, poliziak jakinarazi duenez. Zenbait langile zaurituak izan dira ere.
Esan sindikatu polizialaren oharra
Ertzaintzak, bere aldetik, 15 polizia zauritu direla aipatu du. Esan sindikatu polizialak oharra plazaratu du baliabide gehiago eskatzeko: "Ezin dira 24 agente bidali botila, makil eta harriekin armatutako 300 pertsona kontrolatzera". Eragileak Iñigo Cabacasen heriotzari egin dion erreferentzia, nabarmentzeko orduz geroztik ezin dituztela gomazko pilotak erabili, eta baliabideak falta zaizkiela.
Langile eta zuzendaritzaren arteko bilera
10:30ean hasi da langileen ordezkarien eta zuzendaritzako kideen arteko bilera, azken horrek mahai gainean jarritako 150 kaleratzeen inguruan hitz egiteko.
Bihar Bilbora joango dira Tubacexeko langileak industria delegaritzaren aurrean protestatzera.