La Union autobus enpresak Laudion duen lantegiko langileek oharra plazaratu dute Tubacexeko beharginei babesa helarazteko. La Unionekoen ustez, Aiaraldeak urteak daramatza “lanpostuen eta enpresen itxiera graduala sufritzen”. Horren adibide moduan jarri ditu Valvospaineko edota Tubacexeko egoerak.
Gauzak hala, “erabateko sostengu eta errespetua” helarazi nahi izan diete La Unioneko kideek Tubacexeko grebalariei. Era berean, bi gauza iradoki dizkiete arduradun politikoei: langile publikoak beste behargin batzuk borrekin jotzera ez bidaltzea eta langileen alde lerrokatzea, “noizbait behintzat”. Zuzendaritzari, aldiz, langileen ordezkariekin negoziatzea eskatu diote, “oraingo egoera ahalik eta modu egokienean konpontzeko”.
Bukatzeko, Aiaraldeko herritar guztiei luzatu diete egingo diren ekimen eta mobilizazioetara batzeko deia, “gaur Tubacexi gertatzen zaiona bihar beste edonori pasatu ahal zaigulako”.