Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Askatasun handiagoa dago websail bat grabatzerako orduan”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 1a, 07:00

Laudion bizi da Ada Kusmierz. / Aiaraldea.eus

ADA KUSMIERZ  (Lublin, Polonia 1996) Laudion bizi da eta hainbat websailen grabaketan parte hartu du A film to kill for ekoiztetxearekin. Herrian grabatzen egon da hilabete hasieran.

Duela bi asteburu egon zineten Laudion filmatzen. Zer moduz joan zen grabaketa?

Ondo, baina oso azkar grabatu behar izan genuen. Traba ugari izan genituen, auto bat izorratu zitzaigulako eta garabia deitu behar izan genuelako. Beste auto batean etorri behar izan ginen Bilbotik.

Larrañon grabatu genuen lehenbizi. Jende asko zegoen, eta grabaketa hainbat aldiz eten behar izan genuen horregatik. Baina eguraldi ederra egin zuen eta ondo atera zen dena. 

Industrialdera joan ginen gero. Bertan arazo txiki bat izan genuen poliziarekin, ez zitzaielako jakinarazi su apur bat erabiliko genuela. Baina baimena genuenez ez zen ezer gertatu. 

Laudion grabatzen duzuen lehen aldia izan da?

Lan gehienak Bilbon grabatzen ditugu. Baina Bizi txarra websaila Vidralako fabrikaren aurrean eta Industrialdean egin genuen. Laudio toki ona da horretarako, mendiak zein industriagune zabalak dituelako. Gure websailak nahiko zoroak izan  ohi dira eta asko jokatzen dugu lokalizazioekin. 

Zeri buruzkoa da orain grabatzen ari zareten websaila?

Bigarren denboraldia da. Lehen denboraldia egina dago, baina ez da estreinatu oraindik. COVID-19a egon arren, une honetan malgutasun gehiago dago jendea biltzeko. Horregatik erabaki dugu bigarren denboraldia grabatzeari ekitea. 

Oso ikus-entzunezko zoroa da, pertsonaia oso bitxiekin. Pelikula porno bat egin duen sukaldari bat agertzen da, adibidez. LGTBI kolektiboko  pertsonaia ugari ere plazaratu ditugu. Gure websail gehienetan emakumeak dira protagonistak. Denboran Bidaiatzeko Gida da gizonezko pertsonaiekin grabatu dugun lan bakarra.  Orain grabatzen ari garen lanak -Trikimailu eta errezetak- oso argumentu korapilatsua du: hacker batek pakete banaketa sistema bat pirateatzen du eta pakete bat iristen zaie pertsonaia jakin batzuei, baina pertsona horiek badute elkarren arteko harremana... Sorpresa bat dago websail amaieran, kontatu ezin dudana. Denboraldi bakoitzak istorio ezberdin bat kontatzen du, baina loturak daude bien artean. Oso pertsonaia anitzak sartu ditugu, eta denek elkar elkar ezagutzen dute modu batean edo bestean. 

“Gure websail gehienetan emakumeak dira protagonistak. LGTBI kolektiboko  pertsonaia ugari ere plazaratu ditugu”

Noiz duzue bi denboraldiak aurkezteko asmoa?

Bilbao Web Fest jaialdian aurkeztu ohi ditugu lanak. Nazioarteko websail jaialdia da, eta guk geuk antolatzen dugu. Gure lanen bi atal estreinatu ohi ditugu bertan, eta beste jaialdi batzuetara aurkezten ditugu gero. Gure proiektu ia guztiek lortu dituzte sariak nazioarteko beste txapelketa batzuetan. Baina jaialdi asko bertan behera geratu dira COVID-19aren ondorioz. Horregatik, gure azken lanak ez dira hautatuak izan jaialdietan. 

Zertan datza zure lana websailen grabaketan?

Denetarik egin dut. Zerbitzari gisa hasi nintzen aipatutako jaialdian, eta hortik aurrera hainbat proiektutan parte hartu dut ekoizpen laguntzaile moduan. Denetarik egitean datza lan hori, aurre-ekoizpen fasean, batez ere: gidoia zuzendu, casting-a egin, dena planifikatu, baimenak tramitatu... dena. 

Grabaketa egin bitartean, antzeko kontuak egiten ditut: dena aurrera ateratzen dela bermatu, soinua kontrolatu, argiak maneiatu... Ekoiztetxe txikia garenez ez dugu pertsona bakoitzak gauza bakarra egitera mugatzeko haina jende. Horregatik, batzuetan niri ez dagozkidan gauzak egiten ditut, baina pozik hartzen dut lana, asko ikasten dudalako. 

Publizitate eta harreman publikoen gradua egin dut. Banituen ikus-entzunezkoei lotutako hainbat ikasgai, baina publizitatean zentratu izan naiz beti. Publizitate agentzia batean egin nituen praktikak. Nahiko aspergarria izan zen, egia esan. Patxi Urkijoren bidez ezagutu nituen A Film To Kill For ekoiztetxeko arduradunak eta jaialdian sartu ninduten. 

Ez nuen uste grabaketetan parte hartuko nuenik. Otsoen Lurraldean-en bigarren denboraldia izan zen nire lehen esperientzia. Hortik aurrera beste hainbat proiektu aurrera eramaten lagundu dut: Otsoen Lurraldean-en hirugarren denboraldia, Zure Txanda Da, Bizi Txarra, Utopia Planitia -Estatu Batuetako websaila-, Denboran Bidaiatzeko Gida eta Trikimailu eta errezetak

“Ekoizpen laguntzaile gisa egiten dut lan. Hau da, denetarik egiten dut grabaketetan. Ekoiztetxe txikia garenez, ez dugu pertsona bakoitzak gauza bakarra egitera mugatzeko haina jende”

Proiektu guztiak euskaraz grabatu dituzue?

Bai. Ni ez naiz euskaraz oso ondo moldatzen, baina gidoiak gazteleraz ere badaudenez ez dago arazorik. 

Ekoiztetxe txikia izanik, ez dituzue telesail batek haina baliabide. Nola moldatzen zarete gidoian idatzitakoa pantailara eramateko?

Ez gara mozten. Egin nahi dugun guztia idazten dugu gidoian. Testua irakurtzera mugatzen bazara zoramena iruditu ahal zaizu, baina beti saiatzen gara idatzitakoa egikaritzen. 
Websailen abantailetako bat da ez dituzula telesail batek izan ditzakeen mugak. Ekoizpen handiek arau asko dituzte, telebistan emititzen direnez ezin duzu dena esan. Interneten, aldiz, askatasun handiagoa dago. YouTube, Vimeo eta Seeka TV plataformetara igotzen ditugu gure lanak. Ez dugu inolako mugarik eta inoiz ez dugu arazorik izan. 

Telesailen burbuila asko hazi da azken urteetan. Websailen fenomenoa ere gorantz doala esango zenuke?

2015. urtean hasi nintzen Bilboko jaialdian parte hartzen. Garai horretan ez nekien websailak existitzen zirenik ere. Malviviendo eta Que vida más triste ziren ezagutzen nituen bakarrak. Ez nekien mota horretako lanen atzean mundu oso bat zegoenik. Azken urteetan hazkunde garrantzitsua izan du fenomenoak, eta ez dirudi beherantz joko duenik. Geroz eta maila hobea dago. 
Gaur egun denak gaude oso lanpetuta, eta ez dugu telebistan serie bat ikusteko denborarik. Horregatik ditugu plataforma digitalak mugikorretan, edozein tokitan eskura. Uste dut jende askok egiten duela horrelako formatuen alde, abantaila asko dituztelako. 

Websail gehienen atalak laburrak izan ohi dira, hamar minutukoak gehien jota. Bilboko jaialdiaren lehen edizioa irabazi zuen lanak Netflixen amaitu du. Gauza txikietatik haziz egitasmo handiak gauzatzen amaitu dezakegu. Netflix bera ere websail plataforma bat zen hasieran. 

Esan bezala, sormen askatasuna da websailen ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Formatuak ere gauza asko probatzeko aukera ematen dizu, eta atalak laburragoak direnez gehiago ekoiztu ditzakezu, istorioa gehiago garatu...

“Pertsona orori luzatuko nioke websail bat egiteko gonbita. Ez duzu formazio zehatzik izan behar. Ideia bat baduzu, zure mugikorreko kamerarekin grabatzen has zaitezke”

Baduzu proiektu gehiagorik esku artean?

Urtero websail bat behintzat egiten saiatzen gara. Azken finean, ideia bat baduzu, erraza da paperean islatzea. Nik ekoiztetxean lanean jarraitzen dut, baina ohikoan baino ordu gutxiago, COVID-19a dela eta. 

Badut beste proiektu bat lagun batekin, websail bat aurkeztu nahi duelako bere Gradu Amaierako Lan moduan. Gure ezagutzak batu eta proiektu propio bat egiten saiatuko gara. 
Bi lagunen istorioa izango du hizpide lanak. Drogarekiko menpekotasuna daukate. Dirua lortu behar dute dosiak erosteko, eta abentura arraro batzuk biziko dituzte.  Ea aurrera ateratzen den, gidoia prestatzen ari gara oraindik. Apurka-apurka egiten ari gara. 

Ikus-entzunezkoei lotutako zerbait ikastea gustatuko litzaidake, gauza gehiago jakiteko. Asko ikasi dut ekoiztetxean, baina teorian gehiago sakontzea gustatuko litzaidake. 

Pertsona orori luzatuko nioke websail bat egiteko gonbita. Ez duzu formazio zehatzik izan behar. Ideia bat baduzu, zure mugikorreko kamerarekin grabatzen has zaitezke. 

Ez da diru asko behar. Proiektu asko oso diru gutxirekin abiatu dira eta nahiko urrun iristea lortu dute. Bilboko jaialdian mota askotako lanak aurkeztu dira. Mugikorrekin grabatutako lan batzuek sariak jaso dituzte. Beste ikus-entzunezko batzuk baliabide gehiagorekin egin dira, baina baliteke istorioak horren interesgarria ez  izatea. Apurka-apurka hasi behar zara, ezin duzu pentsatu grabatuko duzun lehen lanak sekulako baliabideak izango dituela eta Netflixen ikusiko dela. Baliabideetan baino, norberaren sormenean dago gakoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide