Nola jaso duzu saria?
Ilusio handia egin dit saria jasotzeak. Zorte handia izan dudala uste dut. Normalean, sari hau doktoregoaren amaieran dauden ikasleei ematen diete eta ni doktoregoaren hasieran baino ez nago. Estatu Batuetako Toxikologia Elkarteak (Society of Toxicology, SOT) ematen du eta, orokorrean, lan saridunak aukeratzeko, ingurugiroko kutsaduraren ondoriozko minbiziaren garapena ikertzen duten doktoregoko ikasleen meritu akademikoak baloratzen dituzte.
Zure ikerketa amaitu al duzu?
Saritua izan den proiektua bai, amaituta eta argitaratzeko bidean dago. Hala ere, lehen esan bezala, doktoregoaren hasieran baino ez nago eta, ziurrenik, beste 3 urte inguru beharko ditut amaitzeko.
Proiektu saridunaren helburua sei balentziadun kromoak [Cr(VI)] minbizia nola eragiten duen ikertzea izan da. Cr(VI)-a biriketako minbizia eragiten duen ingurumeneko kutsatzailea da, eta egunerokotasunean erabiltzen ditugun produktuetan dago, hala nola, zementu hautsean, erregai fosiletan, pinturan, korrosioaren aurkako produktuetan...
Zehazki, gizakion biriketako zelulak Cr(VI)-aren eraginpean jarri ondoren, haien miRNA-en adierazpen orokorra ikertu genuen. MiRNA-k kate bakarreko azido erribonukleiko laburrak dira eta geneen adierazpena erregulatzeko gaitasuna dute. MiRNA-en desregulazioak minbizia garatzea eragin dezake.
Gure proiektuaren emaitzek erakutsi dute Cr(VI)-ak miRNA-en adierazpen orokorra aldatzen duela eta, guretzat interesgarriagoa izan dena, minbiziaren garapenean partaide diren miRNA-en adierazpena ere aldatzen duela ikusi dugu. Proiektu hau, batez ere, nire laborategiko kideekin, Rachel M. Speer eta Jennifer H. Toyoda, egin dudan lankidetzaren fruitua izan da, John P. Wiseren zuzendaritzapean.
Zer nolako eragina izan du koronabirusak laborategiaren ohiko jardunean?
Nahiko ondo moldatu gara errealitate berrira. Pasa den urtean etxetik egin genuen lan eta saritutako proiektua izan da lan horren fruitua. Hala ere, abuztutik laborategira lanera etortzen hasi gara, pixkanaka-pixkanaka lan erritmoa berreskuratuz.
Estatu Batuetan ari zara lanean une honetan. Baduzu Euskal Herrira itzultzeko asmorik?
Epe labur-ertainean doktoregoa amaitu nahi dut hemen, Louisvillen. Behin hori egina, Euskal Herrira bueltatzea gustatuko litzaidake eta, bertan, doktorego ondoko bekak eskatu. Hala ere, Euskal Herrian beka lortzerik ez badut, atzerrian beste aukera batzuk aztertu beharko nituzke. Nahiko argi daukat zientzia egiten jarraitzea gustatuko litzaidakeela, baina noski, badakit bidean zehar, uneren batean, iritziz aldatzea posible dela.